Beste lege bat egitea aztertuko du Nafarroako Parlamentuak

Poliziaren indarkeriaren biktimen eskubideak bermatzeko konpromisoa berretsi du laukoak. PSNk bat egingo luke, baina aldaketak eginda

Erredakzioa -

2018ko abuztuak 4
Espainiako polizien eta talde parapolizialen indarkeriaren biktimentzako lege berri bat egitea aztertuko dute Nafarroako Parlamentuan. Aste honetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Mariano Rajoyren gobernuak (PP) jarri zuen helegitea, eta baliogabetu egin du 2015eko legea; horrek, Nafarroako Gobenua babesten duten lau taldeen iritziz, «babesik gabe» utzi ditu polizien eta GAL, BVE eta beste talde batzuen indarkeriaren biktimak herrialde horretan, eta hori nola konpondu aztertuko dute datozen hilabeteetan.

Konstituzionalaren erabakia salatzeko, bi puntuko idatzi bat onartu zuen parlamentuak atzo, Geroa Bai, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Ezkerraren aldeko botoekin. UPNk eta PPk bi puntuetan bozkatu zuen aurka; PSNk, lehenengoan, eta bigarrenean abstenitu egin zen. Laukoak salatu du Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Parlamentuaren borondatearen kontra egin duela eta biktimak aitortzeko eta erreparazioa emateko aukera oztopatu duela. Konprometitu dira biktima horien eskubideak defendatzera eta legezko bide guztiak aztertzera, biktimen aitortza eta erreparazioa gauza daitezen. Lau indar politikoek Nafarroako Gobernuari eskatu diote bere egiteko konpromiso hori.

EAEkoa «eredu»

PSN abstenitu egin da bigarren puntu horretan, baina prest agertu da beste lege bat lantzeko gainontzeko taldeekin batera. «Eredu» gisa jarri du Eusko Legebiltzarrean 2016an onartu zuten eta orain aldatuko duten legea. «Nafarroan ere legea egokitu eta hobetu beharko litzateke, han egin duten bezala», esan du Maria Txibite PSNren idazkari nagusiak.

EAEko legearen kasuan, PPren gobernuak Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitea kentzearen truke Pedro Sanchezen gobernuak (PSOE) eta EAJk uztailaren azken astean adostu zuten aldaketak egitea testuan; besteak beste —eta bi aldeek orain arte azaldu dutenez— giza eskubideak urratu dituzten polizia eta kargudun politikoen erantzukizun judizial eta politikoak malgutzeko; pertsona horien «ohorerako eskubidea, errugabetasun printzipioa eta datuen babesa» bermatzeko, eta biktimen errekonozimenduaz arduratuko den lantaldeak esku hartzerik izan ez dezan sistema judizialaren zereginetan. Hori nola gauzatuko duten ez dute zehaztu oraindik. Eta aldaketa horiek Eusko Legebiltzarrean onartu beharko dira gero. Atzo, ministroen kontseiluaren bileraren ostean, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen kendu egin duela EAEko legearen kontrako helegitea.

Nafarroaren kasuan, Unai Hualde Geroa Baiko bozeramaileak ez du zehaztasunetan sartu nahi izan. «Ikusi behar dugu nola berma ditzakegun biktima hauen eskubideak», adierazi du. Aurrera begira, espero du Espainiako erakundeek ez esku hartzea Nafarroako instituzioek gai horri buruz hartuko dituzten erabakietan.

EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, kritikatu egin ditu EAEko legean jeltzaleek eta sozialistek egin nahi dituzten aldaketak. Araizek azpimarratu du polizia eta talde parapolizialen indarkeriaren erantzukizun politikoak argitu behar direla, hori ere merezi dutela biktimek.

Elkarrekin Podemoseko eta Ezkerrako eledunak prest agertu dira lege berri bat lantzeko, baina aurrekoaren «helburuei» eutsiz. Hala bada, UPN eta PPNkoek ohartarazi dute beraiek aurka egingo dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna