Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak epaileen oniritzia duten neurriak baino ez ditu hartuko

Nafarroako Gobernua ziur da Auzitegi Nagusiak babestu egingo dituela neurri murriztaileak

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Zalantza asko daude nolako egoera sortuko den Hego Euskal Herrian Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi ostean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nork bere bide orri propioa diseinatuta daukatenez, errealitate aski ezberdinak sortuko dira igandetik aurrera.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, gaur jakingo da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zer erantzungo dion Jaurlaritzak prestatu duen dekretuari. Luis Angel Garrido presidenteburua ari da Administrazioarekiko Auzien Salan Jaurlaritzaren dekretuaren zirriborroa aztertzen, eta, salak erabakia jakinarazi ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak elkartuko du Labiren aholku batzordea, dekretuaren nondik norakoak zehazteko. Jaurlaritzak, auzitegiari asteartean igorri zion dekretuaren zirriborroan, proposatzen zuen orain arteko murrizketa berekin jarraitzea, eta intzidentzia tasaren arabera itxiera perimetralak ezartzeko aukera jasotzen zuen, besteak beste.

Urkulluk atzo aurreratu zuen ez diola helegiterik aurkeztuko EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratuko duen ebazpenari, epaitegiek neurriak atzera botatzeko arriskua hartzea «arduragabekeria» delakoeta «ziurgabetasuna» sortuko duelako. Azpimarratu zuen Jaurlaritzak errespetatu egingo duela erabakia, eta, epaileen babesik ez badu, gaur sinatuko duen dekretuak ez dituela neurri horiek jasoko. Bere esanetan, «ez da helegiteekin jokatzeko garaia», etaJaurlaritzak berme juridikoa bilatuko du abian jarriko dituen neurriekin. Alarma egoeraren bukaerak sortuko lukeen lege hutsunea bete nahi du Jaurlaritzak dekretuarekin, neurri «arrazoizkoak» eta «arrazoituak» jasoz, Urkulluk azaldu zuenez. Dekretua sinatu aurretik epaileen babesa izateaziurtatu nahi izan du lehendakariak, baina aitortu du itxaropen handirik ez duela auzitegien erabakietan. Etsita mintzatu zen atzo kazetarien aurrean gaiaz galdetu ziotenean: «Badakigu iazko urrian epaileek zer erantzun ziguten, eta, oraingo honetan, ez daukat inolako itxaropenik».Orduko hartan, talde bilerak mugatzeko erabakia atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta ez zuen baimendu bilerak sei pertsonara mugatzea, Jaurlaritzak egin asmo zuen bezala.

EAEko Auzitegi Nagusian helegitea aurkezteari uko eginda, Jaurlaritzak baztertu egiten du, halaber, Espainiako Auzitegi Gorenera babes eske jotzea. Espainiako Gobernuak asteartean iragarri zuenautonomia erkidegoetako gobernuek aukera izango dutela Gorenean kasazio helegitea aurkezteko, tokian tokiko auzitegiek neurriak baliogabetzen badituzte. Hain zuzen ere, atzo Goreneko kabinete teknikoak zalantzan jarri zuen lege dekretu hori, iritzita oinarrizko eskubideekin zerikusia duten esparruak arautzeko ez dela egokiena. Ohartarazi zuen Gorenak ez duela zertan doktrina ezarri, eta zalantzan jarri zuen gobernuak aurreikusitako epeak beteko direnik.

Ez dago argi zer gertatuko den igandetik aurrera, baina Jaurlaritzaren bide orriak zalantza ugari piztu ditu alderdien artean. PP-C'S-k esan du ez duela bat egiten Jaurlaritzaren asmoekin. EH Bilduk, berriz, planik ez izatea leporatu dio lehendakariari, eta dekretuaren zirriborrorik ez uztea Eusko Legebiltzarraren esku.

Nafarroari dagokionez, igande gauerdian sartuko da indarrean Maria Txibite presidentearen foru agindua. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak neurriak babestuko dituen itxaropena du Nafarroako Gobernuak, orain arte hartutako neurri murriztaile ia denei oniritzia eman dielako. Astelehenean espero da auzitegiaren erantzuna. Osasun kontseilari Santos Indurainek atzo azpimarratu zuen ez dela «hutsune legalik» egongo eta neurriak betearazi beharko direla. Besteak beste, gobernuaren asmoa da etxeratze aginduari eustea, indargabetzea itxiera perimetrala, eremu pribatuetan etxe berekoak ez diren sei lagun biltzeko baimena ematea, eta terrazak 22:00ak arte zabalik izatea. Neurrietan izan litezkeen aldaketak «progresiboki» hartuko direla erantsi zuen Indurainek, eta betiere pandemiaren bilakaeraren araberakoakizango direla.

Herrietako itxierak

NafarroakoGobernuak atzo erabaki zuen astebete luzatuko dituela Etxarri Aranatz eta Lakuntzan ezarritako itxiera perimetralak, birusaren eragina ez baita apaldu bi herriotan. Etxarri Aranatzen apirilaren erdialdean zorroztu zituzten mugimenduari dagozkion neurriak, eta Lakuntzan, maiatzaren 1ean. Itxieraz gainera, ostalaritzari lotutako neurri murriztaileek ere indarrean jarraituko dute. Funeseko itxiera perimetrala, berriz, bertan behera utziko dute bihar, intzidentzia tasak nabarmen egin duelako behera azken astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.