Katalunia

Espainiako aurrekontuak aurrera, EAJren babesaren zain

Ciudadanosek aldeko botoa iragarri du. EAJk segitzen du esaten ez dituela sostengatuko 155. artikulua indarrean dagoen bitartean
Rivera, atzo, aurrekontuak babestuko dituela iragarri aurretik.
Rivera, atzo, aurrekontuak babestuko dituela iragarri aurretik. E. NARANJO / EFE

Gotzon Hermosilla -

2018ko martxoak 27
Espainiako Gobernuak Ministro Kontseilua egingo du gaur, eta han aurrekontuen lege egitasmoa aurkeztuko du. Aurrekontu horiek onartzeko bidean, lehenengo zalantza argitzea lortu dute, Ciudadanos taldeko presidente Albert Riverak iragarri duelako lagunduko diola Mariano Rajoyren gobernuari eta aurrekontuen aldeko botoa emango duela Espainiako Kongresuan. Baina bigarren zalantzak argitu gabe jarraitzen du: EAJk proiektua babestuko ote duen. Eta Ciudadanosen iragarpenak are garrantzitsuago bilakatu du galdera horri jeltzaleek eman beharko dioten erantzuna.

Gehiengo osoa galduta, talde gehiagoren beharra du Alderdi Popularrak aurrekontuak onartuko baditu; Ciudadanosen babesa ere ez zaio nahikoa izango. PSOEren ezezkoa aldez aurretik izanik, eta Kataluniako egoerak hango talde nazionalisten sostengua ezinezko bilakaturik, EAJren botoak ezinbestekoak zaizkio PPri aurrekontuak onartzeko. Hala izan zen iaz, aurrekontuak onartu zirenean EAJren baiezko botoei eske; aurten ere hala izatea espero zuten

Kataluniako egoerak, baina, hankaz gora bota ditu asmo guztiak. EAJk behin baino gehiagotan esan du Katalunian konstituzioaren 155. artikulua indarrean dagoen bitartean aztertu ere ez duela egingo aurrekontuei babesa emateko aukera. Hitzari eutsiko ote dion da datozen asteetan argitu beharreko zalantza.

Riverak behintzat ez die burukide jeltzaleei askorik sinesten. Ciudadanosek aurrekontuen lege egitasmoa babestuko duela iragartzeaz batera, Riverak adierazi du EAJren sostengua «lotuta» dagoela. Gogorarazi du iazko azaroan kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren legeak onartu zituztela Espainiako Kongresuan PPren babesarekin: «Espainian ezin du inork pentsatu Rajoyk nazionalistei horrelako pribilegioa emanda, orain trukean EAJren blokeoa edukitzea», esan du.

Riveraren ustez, «zentzuzkoa» eta «normala» litzateke PPk «EAJren babesa lotuta edukitzea», eta, hortaz, «egintzat» eman du. Datozen egunetan babes hori «mahai gainean» egongo dela espero du.

EAJk bereari eutsi

EAJk, baina, bereari eutsi dio, eta berriro esan du 155. artikulua indarrean dagoen bitartean PPk ez duela EAJren babesa lortuko. «Ozenago esan daiteke, baina argiago ez», azaldu du Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak. «Behin eta berriro esan dugu 155.ak indarrean dirauen artean EAJ ez dela Rajoyrekin eseriko aurrekontuak negoziatzeko».

Gauza bera azaldu du Efe albiste agentziak, EAJren iturriak aipatuta. Eferen arabera, EAJren zuzendaritzak uste du orain «Euskadiren interesak defendatzeko modurik onena» jarrera horri eustea dela, aurrekontuak onartuz gero «zilegitasuna» emango lieketelako «155. artikulua ezarri dutenei».

EAren ustez, egoeraren «larria» kontuan hartuta, aurrekontuena «Espainiako Gobernuak dituen arazoetan azkena» da. Diotenez, Gobernuan EAJren jarreraren jakitun dira: «155.a indargabetu ezean, babesa artikulu hura ezarri zutenen artean bilatzea daukate».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko komunikazio idazkari Andeka Larreak, berriz, gaztigua bidali dio EAJri: haren ustez, PPko «ustelekin» ituna egitea «euskal subiranotasunaren eta euskal pentsiodunen kontra» egitea da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna