Zalantzaz beteriko bide bat

Mintegi batean aztergai izan dute zer lan egiten ari diren erakundeak Datuak Babesteko Europako Araudira moldatzeko. Ohartarazi dute erregelamendua «anbiguoa» eta «konplexua» dela, interpretatzeko arazoak sortzen dituela, eta «talka» egiten duela legebiltzarkideen informazio eskubidearekin.

Pablo Lucas Murillo de la Cueva, Rosario Garcia, Martin Maria Razquin eta Montserrat Auzmendi, mintegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Egokitzapen prozesu batean sartuta daude bete-betean, eta aurrean duten erronka berriari behar bezala heltzeko baliabideak kostata ari dira martxan jartzen. Joan den maiatzean Datuak Babesteko Europako Araudia indarrean sartu zenetik, erakunde publikoak erregelamendu horretara moldatzen ari dira apurka-apurka, baina bidean zalantza ugari sortzen ari zaizkie. Izan ere, «anbiguoa» eta «konplexua» da Europako erregelamendua, eta erakundeek «arazo» franko dituzte araua egoki interpretatzeko. Hala baieztatu dute Datuen Babesa eta Ganbera Legegileak mintegian parte hartu duten adituek; Eusko Legebiltzarrean egin dituzte jardunaldiak, bi egunez.

Nahitaez betetzekoa da Europako erregelamendu berria; EBk eta Europako Kontseiluak 2016ko apirilean onartu zuten, eta estatu bakoitzak propio egokitu behar izan du araua bere ordenamendu juridikora. Espainiak Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organiko berri batekin egin du hori, eta bide berari jarraitu diote Alemaniak eta Erresuma Batuak ere. Austriak, Italiak eta Frantziak, berriz, aurretik zuten legedia moldatzea erabaki dute.

Erakunde guztiak egokitzen ari dira euren jarduera erregelamendu berrira, eta, besteak beste, datuak babesteko ordezkariaren figura sortu dute. Ordezkari hori izatera derrigortuta daude datuak eskala handian erabiltzen dituzten 250 langiletik gorako enpresak eta erakunde publikoak. Europako araudiak jasotzen duenez, haien eginbeharra da erregelamendua betearaztea, akatsak jakinaraztea eta beharrezko baimenak tramitatzea. Erronka berria dute esku artean, eta orain arte sekula jorratu ez den bide bat egin beharko dute aurrerantzean. «Pilota gure teilatuan dago», ohartarazi du Montserrat Auzmendi Eusko Legebiltzarreko Datuak Babesteko ordezkariak.

Harekin batera mintzatu dira mahai inguru batean Nafarroako Parlamentuko, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Murtziako Biltzarreko (Espainia) ordezkariak. Nabarmendu dutenez, ganbera legegileek datuen babesari buruz duten «ikuspegia» aldatzea ekarri du Europako araudiak. Iñigo Lamarka Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak nabarmendu du datu pertsonalak «arreta handiz zaindu» beharko dituztela, informazio eskubidea eta erakundearen autonomia ahaztu gabe. Lamarcak ohartarazi du ez dela lan erraza izango, «gatazkatsua» delako legebiltzarkideen informazio eskubidearen eta datuen babesaren arteko harremana. Ataka horretan «legebiltzarkideen jardun publikoak gailendu» behar duela uste du Auzmedik: «Araudia ezin da oztopo izan datu pertsonalak eskuratzeko».

Arazoa sortzen da datuen babeserako eskubideak ganbera legegileen jardunarekin uztartu behar direnean. Gai horretan sakondu du Martin Maria Razquinek, Nafarroako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak. Haren ustez, oso garrantzitsua da bi eskubideen arteko talka saihestea eta bien arteko «oreka» lortzea.

Izan ere, Europako araudia indarrean sartu arte, legebiltzarkideek eskubide osoa zuten informazio oro eskuratzeko gobernuari kontrol lana egin ahal izateko; baina, maiatzaz geroztik, eskubide hori «mugatua» dute datu pertsonalak lortu nahi dituztenean. «Gardentasun olatutik justu kontrakora igaro gara, eta, datuen babesaren ondorioz,legebiltzarkideek apenas eskuratu dezaketen informaziorik», ohartarazi du. Hala, erdibideko irtenbide bat bilatzearen alde egin du Razquinek, «gutxieneko irizpideak» jartzeko bi eskubideak errespeta daitezen.

«Deskonexioa»

«Eskubide baten irteera lekuan gaude, ez helmugan». Rosario Garcia Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna argi mintzatu da araudi berriaren eraginari buruz. Aitortu du erregelamendua «oso konplexua» dela eta Europako herrialde guztiek arazoak dituztela hura interpretatzeko eta euren legedira moldatzeko. «Deskonexio bat dago lurralde esparruari dagokionez, hemendik aurrera erabaki asko Europatik hartuko direlako eta gure erabakimena galdu egingo delako».

Araudi berriaren zenbait ertz aztertu ditu Garciak, eta azpimarratu du erregelamenduak segurtasun juridikoa «indartu» ez ezik datuak babesteko esparru «sendoa» ere bermatzen duela eta horien tratamenduan «erantzukizun aktiboa» sustatzen duela. Joana Mari Cardona Kataluniako Datuen Babeserako Bulegoko zuzendariak, berriz, beste ezaugarri batean jarri du arreta: «Arrisku egoerak eta betebeharrak indartu egin dira, informazio eta adierazpen askatasunak zein erabiltzaileen eskubideak errespetatu daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.