Egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte Azazetako sarraskiaren biktimentzat

EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak-ek 1937ko jazoerak oroitu dituzte. «Zigorgabetasuna» amaitzeko eskatu dute

Loreak paratu zituzten atzo Azazetako biktimen omenez. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako bandera errepublikanoekin, ikurrinekin, krabelin gorriekin eta aurreskuarekin omendu zituzten atzo, Gasteizen, duela 85 urte Azazetako mendatean (Araba) frankistek hildako hamasei pertsona. Urtero legez, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek elkarrekin gogoratu zuten sarraskiaren urteurrena. Oroimena aldarrikatu zuten lau alderdiek, keinu sinbolikoetatik harago doan memoria bat: «Oroimena izatea ez da oroitzea soilik, ez da loreak jartzea edo estatuak eta plakak irekitzea. Oroimena izatea egia, justizia eta erreparazioa eskatzea da. Hori oroimen demokratikoa da», adierazi zuten lau alderdiek.

Gogorarazi zuten Azazetako sarraskia «Arabako historiako atalik beltzenetako bat» izan zela. 1937ko martxoaren 31ko iluntzean, bi kamioneta agertu ziren Gasteizko Bake kaleko espetxean. Hamasei pertsona atera zituzten: Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate hautetsia, zenbait zinegotzi, alderdi eta sindikatuetako militanteak, eta baita jarrera politiko jakinik gabeko langileak ere. Libre uzteko agiria sinarazi, eta kamioietan sartu zituzten, falangistaz, erreketez eta guardia zibilez inguratuta. Azazeta mendatera eraman zituzten, basoan sartu, tiroka hil, eta hobi batean lurperatu. Urte gutxi batzuk geroago, gorpu batzuk berreskuratu zituzten, ezkutuan. 1978 arte ez zituzten denak atera.

Gertaera horiek gogora ekarri zituzten atzo lau alderdiek Gasteizko Santa Barbara plazan egindako ekitaldi politikoan, eta errepresio frankistaren biktima guztientzako «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu zuten. Oraindik ere irauten duen «zigorgabetasuna» salatu zuten, eta, horregatik, gizateriaren aurkako krimenengatik frankismoaren aurkako kereila jar dezatela eskatu zieten Arabako erakundeei. Horrekin batera, lau alderdiek eskatu zuten gerraren eta diktaduraren krimenak epaitzeko mekanismoak bidera daitezela, artxiboak argitara daitezela eta «estamentu judizial zein politikoek irekita dauden bide judizialekin» lankidetzan jardun dezatela, hala nola Argentinako kereilarekin.

Instituzioen aitortza

Alderdi politikoek ez ezik, instituzioek ere gogoan izan zituztenfrankismoak errepresaliatutako pertsonak. Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak, Gogorak eta Arartekoak ekitaldia egin zuten Gasteizen, eta duela 85 urte Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate izandakoa gogoratu zuten. Hain justu ere, haren omenez hiriko erdigunean jarrita dagoen oroitarrian egin zuten ekitaldia. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak azpimarratu zuen martxoaren 31 egun berezia dela hirian, 2018. urtetik frankismoaren biktimen oroitzapen eta aitorpenerako eguna ospatzen delako. Errepresaliatu eta hildakoak hizpide izan zituen Urtaranek bere hitzaldian: «Gasteizek beti izango du gogoan demokraziaren eta askatasunaren alde egin zuten ahalegina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.