Kataluniako erreferenduma. Lucia Martin. Catalunya en Comu-ko bozeramailea

«Independentzia aldarrikapena gaurkoz bazter uztea komeni da»

Erreferenduma normal egin ez denez, emaitzek ezin dute alde bakarreko deklarazioa justifikatu, Martinen ustez. Puigdemontek Madrilen kontra jarri den jendea galduko lukeela dio.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ada Colaurekin batera, 2009tik PAH Hipotekek Kaltetutako Plataforman aritu zen Lucia Martin (Lugo, 1979). Espainiako Kongresuan En Comu Podem alderdiko diputatua da, eta Catalunya en Comu-ko bozeramailea. Katalunian gaur egun dagoen salbuespen egoeraz solastatu da.

Urriaren 1eko polizia erasoa, segurtasun indarrek Katalunian hartu duten presentzia... Halakorik espero zenuten?

Esango nuke ez zuela inork espero. Izan ere, ikusi duguna basatia izan da, neurrigabea eta lotsagarria: adineko jendeari eraso diote, haurrei eta gazteei, eta, batez ere, eskuak altxatuta modu baketsuan bozkatzera joan zen jendearen kontra jo zuen Espainiako Poliziak. Baina okerrena da Espainiako Gobernuak hori guztia justifikatu duela, helburu bakarra hautetsontziak zirela esanez, eta proportzionalki jokatu zutela. Horrek zauri erraldoia ireki du; izan ere, Espainiako Gobernuak ez du ezer konponduko Polizia bidaliz eta haien indarra lekuz kanpo erabiliz. Egiaztatuta dago polizia erasoa, baina estaltzen jarraitzen dute. Espero dugu lehenago edo beranduago erantzukizun politikoak egotea.

Salbuespen egoeran dago Katalunia. Orain, independentzia aldarrikapena eta 155. artikuluaren aplikazioa daude mahai gainean. Zer gertatuko da?

Gure ustez, bi aukera horiek baztertu behar dira oraintxe, nahitaez. Ikusi dugu Espainiako Gobernua negargarri jokatzen ari dela, eta are okerragoa izango litzateke Carles Puigdemont presidenteak alde bakarreko deklarazioa egingo balu. Argi dago beti badela alternatibarik, eta, oraintxe, bi aukera horiek egoera okertu besterik ez lukete egingo. Espainiako Gobernuaren jarrera salatzeko egon den herri erantzun guztia ez dago alde bakarreko independentziaren alde. Beraz, orain behar dena da tentsioak apaltzea eta eztabaida eta elkarrizketa espazioak sustatzea.

Egunotan, hainbat izan dira elkarrizketa hori sustatzeko sortu diren egitasmoak. Zuek senidetza mahaien egitasmoa abiatu duzue, adibidez.

Guk sustatutako egitasmo honetan, PDECat, ERC eta EAJren babesa jaso dugu. Baina gureaz gain, Kataluniako Abokatuen Eskolak ere bertze egitasmo bat sustatu du, adibidez. Argi dagoena da salbuespen egoera honetan, jatorri eta izaera desberdineko egiasmoak sortu direla.

Zer-nolako harrera izan du zuen elkarrizketa mahaiak?

Bikaina. Lehen hitzordua Zaragozan izan zen, eta aste honetan lehen proposamen formala argitaratu dugu, Mariano Rajoyrengobernuak eta Puigdemontenak bitartekarien aldeko apustua egin zezaten eskatzen zuena. Eta garrantzitsuena da egitasmo hau babesten dutela PDECatek eta ERCek ere. Beraz, beharrezko espazioa da, eta ikusiko da zer gertatzen den.

Puigdemont eztabaidaren alde agertu da etenik gabe, baina Rajoyk ate guztiak itxi ditu. Nola izango da posible elkarrizketa?

Aipatutako egitasmo horien guztien lanari esker. Badakigu, eta argi utzi nahi dugu, behar beste aldiz: Madril da egoera honen erantzulerik handiena, hainbeste urtez eztabaida ukatu duelako, Autonomia Estatutua urratu zuelako, eta, funtsean, estatuaren indar guztia izanik, modu baketsuan bozkatzen ari ziren herritarren kontra Polizia bidali zuelako. Baina, tentsio une hauetan bi aldeek aldatu behar dute estrategia.

Puigdemontek prozesuan agindutakoa bete du. Hautetsontziak jarri ziren, eta jendeak, zailtasunak zailtasun, bozkatu egin zuen. Haren estrategiako hurrengo urratsa independentzia aldarrikatzea izango litzateke. Hala egingo al du?

Tira, ez dakit. Uste dut gertatu den guztiaren ondotik argi dagoela erreferenduma ez dela normal egin. Beraz, independentzia aldarrikapena emaitza horrekin ezin da inolaz ere justifikatu. Azken egunotan Espainiako Gobernuaren kontra indartu den herritarren erantzuna gal dezake Puigdemontek independentzia aldarrikapena egiten badu. Beraz, estrategia politikoagatik bada ere, independentzia aldarrikapena gaurkoz bazter uztea komeni da. Espero dut zentzu komuna nagusitzea.

Catalunya en Comu-ren bueltan dagoen espazio politikoaz ari zara. Badirudi Podem Catalunya-k ez duela parte hartuko espazio horretan.

Egia esan, ez dakit. Argi dago Catalunya en Comu ezkerreko alderdien elkargunea dela, eta inondik inora gure asmoa ez dela koalizio formulak errepikatzea. Podemen zuzendaritzak gurean ez sartzeko aipatu zituen arrazoiak landu daitezke, eta lantzen ari gara. Eta ikusi beharko litzateke, Catalunya en Comu-n ez sartzeko aipatu zituzten arrazoiak orain bere horretan mantentzen diren edo ez, edota funtsean banatuta aurkeztu nahi duten, besterik gabe. Guk ateak zabalik izango ditugu beti.

Eta? Espainiako Gobernua aldatu al daiteke?

Tira, duela bost urte PAHn ginenean nork esango zigun Ada Colau Bartzelonako Udaleko alkatea izango zenik eta ni Espainiako Gorteetako diputatua? Eta, era berean, ezin dugu ahaztu, Espainiako Gorteetako hemizikloaren herena ordezkatzen duen alderdikook erabakitzeko eskubidea eskatzen ari garela… Horrek guztiak ez badu egiaztatzen aldaketa egingarria dela… Beste gauza bat da aldaketak nahi baino motelagoak izatea, baina gauzak aldatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.