Interes tasak %24ra igo ditu Turkiako bankuak

2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lirak azken hilabeteetan jasan duen amiltzea geratzeko urrats oldarkor bat egin du Turkiako banku zentralak. Interes tasak %17,75etik %24ra igo ditu. Neurri horrekin inflazioa ere txikitu nahi du, %18ra iritsi baitzen abuztuan.

Orain arte oso motel jokatu izana leporatu diote banku zentralari eta, neurri batean, Recep Tayip Erdogan presidentearen oposizioarengatik izan da. «Gaizkiaren ikurtzat» jo ditu interes tasa handiak eta, ekonomisten uste orokorraren aurka, ziurtatu du interes tasek eragiten dutela inflazioa. Atzo bertan, presidenteak aldarrikatu zuen interes tasak «esplotazioaren tresna» direla.

Erdoganen kezka da interes handiek Turkia atzeraldira bultza dezaketela. Horrekin baino gehiago, bankuen eta enpresen zorrekin daude kezkatuta ekonomistak: mailegu asko kanpoko diruan hartu dituzte, eta lira amilduta —bere balioaren %43 galdu du azken urtearen dolarrarekiko eta euroarekiko—, arrisku handia dute porrot egiteko eta krisi askoz sakonago bat eragiteko.

Turkiako bankuaren erabakiak liraren balioa %4tik gora haztea ekarri zuen, eta lagundu egin zien astindua jaso duten beste diruei ere —Hegoafrikako rand-ari edo errubloari—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.