Eresti Oiarbide Murua.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi. IRITZIA

Bertan goxo

2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Proposamen zehatza egin die Euskaraldiak bigarren edizioan entitateei: eman pausoa bertan goxo egotetik bertan goxo aritzera. Izan ere, duela bi urte entitateek ekimenari babesa ematea izan zen euren egitekoa: izena emateko kanpainak sustatu, txapak bertan jasotzeko aukera eskaini, ahobiziak eta belarriprestak trebatzeko saioak antolatzea... Eta ez da gutxi, ez horixe! Enpresek, komertzioek eta elkarteek 11 eguneko ariketari izugarrizko bultzada eman zioten, eta ahobiziak eta belarriprestak goxotasunez hartu zituzten. Baina aurten, antolatzaileek, entitateen eragiteko gaitasunaz jabetuta ziurrenik, ekiteko erronka jarri diete mahai gainean.

2018an, norbanakoengan jarri genuen arreta; norberak egin behar izan zuen hizkuntza ohituren inguruko gogoeta. Zein oztopo izaten dut egunerokoan euskaraz hitz egiteko? Zein traba dituzte ingurukoek nirekin euskaraz aritzeko? Zein harremanetan nago prest urteetako inertziak apurtzeko? Bikotekidearekin, lagunekin edo familian hizkuntzaren erabileraz hitz egiteko aukera eta aitzakia eman zigun ekimenak. Aurten, bakarkako hausnarketatik hausnarketa kolektiborako jauzia eskatu die Euskaraldiak entitateetako kideei, eta ariguneak sartu dira jokoan.

Enpresetako lantaldeak elkartu egin dira, dituzten ohiturez hitz egin dute, euskararen erabilera areagotzeko zein aukera dauzkaten aztertu dute, eta zein konpromiso hartzeko prest dauden adostu dute. Gogoeta horietan, taldekideen euskara maila ez da gai nagusia izan. Aitzitik, euren arteko elkarrizketetan aukeratzen dituzten hizkuntzez aritu dira; egoeraren, gaiaren edo solaskidearen arabera egiten duten hautuaz, denboran zehar errotutako inertziez eta joera horietan eragiteko duten ahalaz eta nahiaz jardun dute.

Badakigu garai berezian etorri dela Euskaraldia, eta lankideen arteko harremanak asko aldatu direla. Hala ere, askok eta askok martxan dituzte ariguneak, aurrez aurre ez bada, pantailatik pantailara; eta horrek talde izaera eman dio lehenengo edizioko konpromiso pertsonal hari. Hamabost egun hauetan zehar, lantalde asko euskaraz lasai aritzeko guneak izaten ari dira; langileak ohiturak aldatu eta euskaraz lan egiten saiatzen ari dira. Jakina, aldaketek esfortzua eskatzen dute sarri; baina ba al dago lanean ere nahi dugun hizkuntzan eta eroso egotea bezain sari goxorik? Ea sariaz jabetu eta bi asteko erronkari jarraipena emateko gai garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.