David Fernandez.
Kataluniako erreferenduma. ANALISIA

Errepublika izan nahian, herri izaten ikasi genuen

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Boterearen basakeriaren prezio iraingarrian. Estatuaren lotsa guztien aurrean. Eta indarkeria instituzionalaren gradurik gorenarekin aurrez aurre. Gaur, duela astebete soilik, inteligentzia kolektiboak, autodeterminazio sozialak eta duintasun demokratikoak gelditu zituzten Estatuaren kolpeak, zeintzuek azpilana egin zuten Kataluniako politikaren askatasun demokratikoaren arrazoiaren kontra. Porrota latza da, nahiz eta beren ezintasunetik, zinikoki, garaipen gisa saldu. Zeren eta ez da bakarra izan: gutxienik, sei porrot izan dituzte. Sei porrot batean trinkotuta. Jazarpen biolento zital baten aurrean autodeterminatuta, atzera ez egiteko erabaki partekatu umil batetik abiatuta, bi milioi lagunek jakin zuten Estatuaren arrazoi beti maltzurra inpugnatzen —ezeztatzen, desobeditzen, gainditzen—.

Porrot logistikoa. Bozkalekuen ezkutuko babesa Elnan hastea —Ipar Katalunian—, gure erbestealdi errepublikanoaren oroimenaren sehaskan, mugaren bestaldean, ez da soilik justizia poetikoa: metafora politikoa ere bada. Nabarmentzen du sare paralelo eta isil batek, sare sendo eta saiatu batek asmatu egin zuela diskrezioz iruzur egiten demokrazia bahitu nahi izan zutenei. 1-0. Bat eta huts. Ezinezkoa ahazten. Insomnioa eta esnaldiak goizeko bostetan. Txirrin hotsa lo egin genuen bozkaleku bakoitzean, eta ahots anonimo gozo bat: «Gosaria dakart». Ametsen banatzaileak. Hautetsontzien banatzaileak.

Polizia porrota. Jokalekuan—kalean—, goizean goizetik eta kolpe guztiak jasoz, milaka pertsonak —gorputzak borren kontra, pazientzia intrantsigentziaren kontra, lasaitasuna ankerkeriaren kontra— bortxazko oldarraldia indargabetu zuten. Diseinu militarreko erasoekin beldurra ugaldu nahi zuten, bozkaleku bakoitzean jazartzen saiatu ziren, eta baten bat erabateko ankerkeriaz itxi zuten. Porrot egindako estatu zitala, ordea, ez zen gai izan erreferenduma eta herri burujabetza eragozteko. A por ellos esaldia —agindu borboitarren meneko Estatuaren hooligan politikoan bilakatua jada konfiskaturiko hautetsontzi bakoitza ehiza garaikur gisa erakutsi dutenean— , gainditu egin zuen jokoan zer genuen bazekien jendetza batek. Urteak iraungo duten egunak daude, eta makina bat keinu betiko iraungo dutenak. Bakarrik geundeneko kontsigna zaharrak: egin daiteke, inoiz ez bakarrik, eta elkarrekin, elkarrekin soilik egin baitezakegu. Eta bai: lehenaldi eta orainaldi bat daude, atzeraezina da. Ezer ez da berdin jada, eta gu ere ez gara lehengoak. Estatuaren okerrenaren kontra eta jendearen onenaren arteko dialektika gaindiezinean.

Porrot zibernetikoa. Zer pentsatua ematen du ezinezkoaren gure hackerrek —mila esker, beste behin—, software libreak eta enkriptazioak erabiliz nola gainditu zuten teknologiaren bataila zail eta beti desorekatua errolda bakarra egun osoan bizirik edukitzeko. Ez era analogikoan, ez era digitalean:Anaia Handi-Estatuak ez zuen lortu berea, nahiz eta egun osoan jardun zerbitzariak lehertzen, Ips-ak puskatzen eta domeinuak sabotatzen. Ateak txikitzen zituzten heinean puskatzen zituzten buruak eta sabotatzen zituzten bozkalekuak.

Porrot soziopolitikoa. Demokraziaren eta demofobiaren arteko eskaintza eta zalantzarentzat, hemeroteka gelditu da. Esan zuten ez zela izango ez erreferendumik, ez hautetsontzirik, ez botopaperik, ez hauteskunde kanpainarik. Izan ziren, ordea: jendeari esker. Bozkaleku, hautetsontzi, boto bakoitza autobabes sozialaren eta autodefentsa demokratikoaren irakasgai izugarria izan dira. Areago: asteartean, diktaduraren amaieratik herri honetan izan den greba orokor eta lanuzte soziopolitikorik handiena egin zuten askatasunaren alde eta errepresioaren kontra. Zamaketariak, suhiltzaileak, traktoreak, ikastetxeak, ikasleak, sindikalistak, denda txikiak eta enpresa ertainak. Eta batik bat, gure zaharren handitasuna, aitona eta amona bakoitzarena. Harrizko duintasun baten aurpegiak, melodiekin —lapikoen errebolta ere bai—, erresistentzian ari den komunitate politiko batenak. Hori gara. Gaur, orain, eta hemen.

Porrot mediatikoa. Fikzioa errealitatearen kontra, basakeriaren biraltasun globalaren, nazioarteko harriduraren eta munduko bazter guztietatik helarazitako elkartasun ordainezinaren alderantziz proportzionala izan da erregimenaren autarkia informatiboa. Ahuldadea eta esperantza, bat dut gogoan: zutik dirauten Rojavako emakume libre kurduen elkartasun agiria. Bozkalekua menderaezina da Espainiako anomaliaren eta Kataluniako gatazkarennazioarteko gramatika politiko gisa. Jordi Evoleren txio goiztiar batek iragarri zuen: «Erreferenduma eragozteko plan hau pentsatu zutenek beharbada ez dakite gaur zer eragin duten; Katalunia behin betiko joatea».

Porrot etiko-morala. Kooperatibismotik eta kaleko mugimendu sozialetatik gatozenontzat, non dena ikasi dugun, azken porrot bat ere badago, oinarrizkoena, gaur egun oraindik mutu uzten gaituena. Esanahi handia du desobedientzia zibil, baketsu eta indarkeriarik gabea —eta haren gaitasun sozial, humanista eta eraldatzailea— izatea erresistentzia egiteko denen artean hautatutako tresna. Gure babeslekuak feminismoa —gure gorputzak, gure hautetsontziak—, antimilitarismoa —armak armagabetu— eta lankidetza —batasunak soilik egiten du indarra— izateak asko esan nahi du. Eta hitzik gabe uzten du.

Gaur guztia berriro hasiko da. Baina duela astebetetik, beste toki batean. Dovellan bizi naiz ja,48 orduz berriro ere dena erakutsi didan ikastetxean: arrazoia, memoria, irudimena, konpromisoa. Eta behekoen duintasun zapatista. Zalantzarik gabe, asko pentsatu beharko da —askoz ere gehiago— nola gorde U1ean duintasun kolektibo bilakaturiko hainbat eta hainbat erresistentzia intimo. Hori izango da gakoa: aurrera egingo dugu bertan irauten asmatzen badugu. Ederki baitakigu Espainiako Estatuak —Mendeku Estatua ere baden horrek— prezioa jarri diola politika katalanaren askatasunari. Baina zerbait ondorioztatu beharko banu, esango nuke Errepublika bat izan nahian herri bat izaten ikasi genuela, paradoxikoki. Eta oraindik ez dudala hitzik eskertzeko, proiektatzeko, deskodetzeko. Aurrera goaz. Aurrera segituko dugu. Eskerrik asko. Denagatik. Horrenbestegatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.