«Gazte herria» bihurtu da Danbadarekin

Milaka gazte elkartu ditu jaialdiak Laudion: antolatzaileak «oso pozik» daude izandako harrerarekin eta saioen arrakastarekin

Milaka gazte elkartu ditu Gazte Danbadak Laudion (Araba), Esna harrapa gaitzala lelopean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Azken eguna du gaurkoa Gazte Danbadak. «Gazte herria» bilakatu du jaialdiak Laudio (Araba), ostiralaz geroztik milaka lagun elkartu baititu Esna harrapa gaitzala lelopean. Gaur, Aberri Eguna izanik, ekitaldia egingo dute 14:00etan, «Iruñetik izan ez arren», euren ekarpena egiteko.

Milaka gazte elkartu dira jaialdian, eta antolatzaileak «oso pozik» daude izandako harrerarekin. «Primerako eguraldia daukagu gaur [atzo], ekitaldi guztiak jendez beteta daude: sekulako arrakasta izan du Danbadak», azaldu du Lur Albizu Etxetxipia Ernaiko kideak. Gustura agertu da, halaber, Laudiok gazteei egindako harrerarekin. «Horrelako ekitaldi masibo bat gogorra da herri batentzat, lan handia da, baina oso ongi ari dira, eta espero dut gu bezain pozik izango direla haiek ere elkarlanarekin».

Albizuk azaldu duenez, herenegun zein atzo antolatutako mahai inguru, hitzaldi eta tailerretan kanpoan gelditu zen jende asko. Arrakasta handiena izan duten ekitaldien artean aipatu du Anna Gabriel CUPeko kideak eta Cat Boyd Eskoziako Radical Independence Campaign taldeko kideak atzo eguerdian egin zuten solasaldia. Ostiralean, esaterako, Arnaldo Otegi izan zen Laudioko zineman, eta, «tamalez», jende dezente gelditu zen kalean, Aitor Servier Etxetxuria Aitzinako kideak jakinarazi duenez: «Benetako trukea izan genuen Otegirekin: gazteok aukera izan genuen hari galderak egiteko eta harekin solasean aritzeko. Ezinbesteko ekarpena egin dio Danbadari, nahiz eta horrek ez duen gainerako guztia tapatu behar».

Hirugarren aldia da Danbada antolatzen dutena. Aurtengoan, aurreko esperientzietatik abiatuta, hiru berrikuntza sartu dituzte, elikaduraren, musikaren eta antolakuntzaren ingurukoak. Servierren arabera, jarritako helburuak bete dituzte: «Oholtza gainean bakerik ez! guneakarrakasta polita izan du; gainera, jende asko ari da biltzen antolatzen ari garen otorduetara; horrez gain, nahiz eta txanda oso luzeak egin behar izaten dituzten, ari gara, gutxi gorabehera, haien zaintza bermatzen, edo txanda horiek nahiko baldintza onetan eginak izan daitezen saiatzen».

Atzo arratsean egin zuten jaialdiko ekitaldi nagusia. Albizuk azaldu duenez, antzerkia, bideoak, hitz hartzeak uztartu zituen: «Hitz eginen dute, batez ere, Danbadak osatzen duen guztiaz: bai proiektu politikoez, bai gazteek duten egoeraz, eta horri aurre egiteko zer-nola antolatu behar dugun gazte botere horren artikulazioa eta indarra».

Albizu eta Servier pozik agertu dira jaialdiak izandako harrerarekin. Hala azaldu du Albizuk: «Egia esan, horrelako ekitaldietan, oso zaila da aurretik irudikatzea nolakoa izango den, baina atzo [ostiralean] ikusi genuenean jende guztia etortzen, ikusita zein giro ona dagoen, ekitaldiak arrakastatsuak ari direla izaten...». Kopuru zehatzik ez duten arren, bertaratuak «milaka» konta daitezkeela dio Servierrek. «Atzoko [ostiraleko] kontzertuetan erabat bete ziren gune guztiak, eta tailerrak ere oso jendetsuak izan ziren: gaur [atzo], are jende gehiago espero dugu».

Gaur, amaiera

Gaur amaituko da aurtengo Gazte Danbada. Aurreko bi egunetan bezala, gustu eta interes guztietarako egitaraua prestatu dute. Besteak beste, autogestioa, munduko gatazka armatuak, ekintza feminista eta kirola izango dituzte ardatz solasaldietan; Joseba B. Lenoir & lagunak, Araialdea Sound System, Olatz Salvador eta Keshala taldeen kontzertuak; Jauzia dokumentala eta nortasun agiri arrotzen jaurtiketa txapelketa egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.