Kataluniako prozesu subiranista

Oriol Junquerasek immunitatea zuen europarlamentari aukeratu zutenetik

Generalitateak eskatu du Europaren epaia betetzeko eta buruzagia aske uzteko. ERCk PSOErekiko elkarrizketak eten ditu Estatuaren abokatuak sententziaz iritzia eman arte

Oriol Junqueras epaiketako une batean. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Europako Justizia Auzitegiak irmo erantzun dio Oriol Junquerasen defentsaren eskariz Espainiako Gorenak egindako galderari. Epaiaren arabera, maiatzeko bozetan eurodiputatu aukeratu zuten unetik beretik sartu zen indarrean haren lege babesa, eta, beraz, indargabetu egin behar zuten haren aurkako behin-behineko espetxealdia. Hori bete izan balitz, Junquerasek eurodiputatu akta hartu ahal izango zukeen maiatzean bertan; izan ere, epaiketa ekainaren erdialdean amaitu zen, eta horren epaia urrian jakinarazi zuten. Tarte horretan, Kataluniako presidenteorde kargugabetuak ez zuen oraindik zigorra jaso.

«Mugimendurako immunitateak indargabetu egiten ditu hari ezarritako behin-behineko zigor neurriak, Europako Parlamentura joateko askatasuna izan dezan. Beraz, haren estatuko epaitegiek irizten badiote beharrezkoa dela behin-behineko neurriei eustea, immunitatea kentzeko eskatu beharko diote Europako Parlamentuari», zehazten du atzo emandako ebazpenak.

Epaiaren berri eman bezain laster heldu ziren erreakzioak. Pere Aragones Kataluniako presidenteordeak Junqueras askatzeko eskatu zuen: «Aske geratu behar du, eta haren eskubide guztiak bermatu behar dituzte. Etxera itzultzea nahi dugu, eta europarlamentuan ikusi nahi dugu. Arraroa litzateke Espainiak Europako justiziari entzungor egitea».

Aragonesek iragarri zuen Junquerasen aurkako zigorra indargabetzeko eskatuko dutela: «Justizia heldu da azkenean, berandu etorri arren. Estatuaren joko zikinak ezingo du saihestu europarlamenturako aukeratuak izan direnek han hitz egin ahal izatea».

Bide beretik jo zuen Europako Parlamentuko presidente David Sassolik. Espainiari ebazpena bete dezala eskatu zion: «Nik dagoeneko eskatu diet gure lege aholkulariei azter dezatela epaiak zer ondorio dituen Europako Parlamentuaren osaketan». Katalunian, Ruben Wagensbergen diputatuak gogorarazi zuen duela bi urtetik Espainiak kolpistatzat daukala Junqueras: «Justizia heldu da. Orain, utz dezatela aske».

Carles Puigdemontek ere bat egin zuen aldarrikapen horrekin; Generalitateko presidente kargugabetuak Europako demokrazia «aldarazten» saiatu izana egotzi zien Espainiako epaitegiei eta Europako Parlamentuari. Bruselan egindako agerraldi batean, adierazi zuen epaiari esker «aukera politiko berriak» ireki direla Kataluniako gatazkari begira, eta autokritika egitera deitu zituen Espainiako eta Europako Batasuneko erakundeak: «Erakundeen bitartekaritza eskatzen dut».

'Junqueras doktrina'

Andreu Van den Eynde abokatuak Junqueras doktrina hartu zuen hizpide: «Europako hautesleen eskubideen babeserako erreferente bilakatuko da epai hau. Orain, nire itxaropena da Junquerasi buruzko epaiak behar dituen ondorioak izatea; hura laster familiarekin ikusi ahal izatea».

Horri begira, abokatuak jakinarazi zuen Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren askapena eta U-1eko epaiketaren sententziaren baliogabetzea eskatuko diotela Espainiako Gorenari.

Junquerasi baino gehiago, Luxenburgoren erabakiak Puigdemonti eta Toni Comini eragingo die. Bi buruzagiak erbestean daude, eta Europako Parlamenturako hautatuak izan ziren maiatzeko bozetan; gainera, egun ez dago haien aurkako epai irmorik.

Biek helegiteak aurkeztu dituzte Europako Justizia Auzitegian, euren immunitateari buruzko galdera eginez —hainbat informazio iturriren arabera, baliteke gaur ematea bi auzi horien inguruko epaiak—, eta, atzoko epaiaren harira, europarlamentuan sartzeko debekua kendu zieten.

Sententzia une erabakigarrian dator. Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioak bete-betean daude, eta epaiak ondorio zuzena izan dezake elkarrizketetan: ERCk ohartarazi zuen ez zela PSOErekin berriz elkartuko Estatuaren abokatuek epaiaren inguruko iritzia eman arte. Madrili mezu bat bidali zion, bide penala alboan uzteko baldin eta elkarrizketaren aldeko apustua egin nahi badu. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearen arabera, «arraroa» litzateke gobernuak «desobeditzea».

«Rajoyren herentzia»

Espainiako Gobernuak azkar erantzun zuen. Carmen Calvo jarduneko presidenteordeak zehaztu zuen aurreko gobernuaren «herentzia» dela sententzia: «Mariano Rajoyren herentzia da. Unea iritsi da politika soilik politikan egoteko». Gobernua Gorenari epaia betearazten laguntzeko prest dagoela ere esan zuen.

Euskal Herrian ere oihartzun zabala izan zuen ebazpenak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi zuen «arazo politiko bat auzitara eraman izanaren ondorioa» zela ebazpena. «Kataluniako gatazkaren irtenbidea bide politiko eta instituzionaletatik aurkitu behar da. Preso daudenek ez zuten kartzelan egon behar».

EH Bilduren Espainiako Kongresuko eledun Mertxe Aizpuruak Madrili eskatu zion «berehala» askatzekoJunqueras. Puigdemontek eta Cominek eurodiputatu kargua hartu ahal izan beharko luketela gaineratu zuen: «Espainiak kalitate demokratiko eskasa du. Orain aukera historikoa dugu eskubideen alorrean urratsak egiteko». EArentzat, «Europak agerian utzi ditu Espainiaren hutsuneak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.