Bilbotar bat Poliziak Hanburgon atxilotutakoen artean

Erredakzioa
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Txikizio handiarekin esnatu ziren atzo Hanburgoko kaleak: galtzada harriak altxatuta zeuden leku askotan, barrikadak egiteko erabiltzeko, eta banku eta denda batzuei eraso egin zieten. Istilutsua izan zen bezperako gaua. Globalizazioaren eta kapitalismoaren kontrako milaka manifestarik egin zuten protesta, eta ehunka batzuek indarkeria erabili zuten. Polizia oldartu egin zitzaien, eta, denera, ehunka lagun atxilotu dituzte, horien artean David Rincon bilbotarra.

Ostegun gauerdian atxilotu zuten Rincon: beste zazpi lagunekin batera afaltzen ari zen tokira sartu zen Polizia, eta hura eraman zuten. Hamasei orduz komisarian eduki ostean, epaileak hamabost egunetarako espetxeratzea agindu zuen, instrukzioa luzatuko duela argudiatuta. Espetxean dago orain, eta ez abokatua ez lagunak ezin izan dira harremanetan jarri harekin. Ez dakite zer egozten dioten ere. Gainera, astelehenera arte ezin dute prozedurarik jarri martxan. Abokatuak orduan eskatuko du epaiketa azkarra egiteko prozedura martxan jar dezatela.

Atzo, hain zuzen, elkarretaratzea egin zuten Bilboko Arriaga plazan, 19:30ean, G20koen kontrako herritar taldeak deituta: Rinconen atxiloketa salatu zuten.Bihar ere gauza bera egingo dute, 19:30ean, Bilboko Levante plazan. Hanburgon, berriz, G20koen kontrako manifestazio baketsua egin zuten atzo. 6.000tik gora herritar atera ziren kalera, Mugarik gabeko elkartasuna, G20koen ordez lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.