EH Bilduk bide konfederala proposatu du

Hiru prozesu eratzailetatik abiatuko litzateke: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Otegik estatu «duin» bat sortzera deitu ditu eragile guztiak
Euskal Herriko burujabetzaren aldeko ebazpena aho batez onartu zuten atzo EH Bilduko militanteek.
Euskal Herriko burujabetzaren aldeko ebazpena aho batez onartu zuten atzo EH Bilduko militanteek. JAIZKI FONTANEDA / ARP.

Edurne Begiristain -

2017ko urriak 8
Kataluniako prozesu independentistak Espainian ireki duen «lurralde krisia» ikusita, Euskal Herriari iritsi zaio ordua Espainiako Estatuarekin duen harreman eredua «kolokan jarri» eta euskal estatu independiente eta konfederal bat sortzeko prozesua abiatzeko; proposamen hori egin dio EH Bilduk euskal gizarteari, militanteen gehiengo ia erabatekoaren oniritziarekin. Konferentzia politikoa egin zuen atzo EH Bilduk Gasteizen, eta han babestu zuten Euskal Herriko burujabetzaren aldeko ebazpena. Dokumentuari aldeko botoa eman zioten militanteen %98k.

Burujabetzarako euskal bidea proposatu du koalizioak ebazpenean, Euskal Herriko errealitate instituzionala, politikoa eta soziala aintzat hartuko duten hiru prozesu eratzaileetatik abiatuta. Euskal estatua helburu izanda, estrategia eta ibilbidea konfederala izatea nahi du EH Bilduk; hau da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria estatu bilakatzea erritmo eta bide propioekin, hirurek batera euskal errepublika konfederala osatzeko.

EH Bilduk uste du Euskal Herria «gurutze bide» batean dagoela, eta ezinbestekoa dela euskal herritarrek euren bidea diseinatzea eta martxan jartzea, independentzia lortzeko. Espainiako Estatuarekiko harreman eredua «errotik» aldatu eta «berdinetik berdinera» garatzen diren harremanak nahi ditu koalizioak, «borondatean eta norberaren subiranotasunean oinarritutakoak». Helburua hori izanik, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan «burujabetza osoa» eskuratzeko prozesu «demokratikoak» abiatzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk.

Nafarroari dagokionez, estatu izaera duen estatus politikoa lortzea jarri du koalizioak helburu gisa. Hartarako, Nafarroako Parlamentuan eta gizartean eztabaida sustatzea proposatu du. EAEri dagokionez, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean kokatu du lana, bi fasetan: lehenik, legebiltzarrak onartutako testu artikulatua herritarren esku jarriko litzateke, galdeketa lotesle batean; eta, ondoren, Madrilekin negoziatuko litzateke testua.

Espainiatik bi jarrera ezberdin aurreikusi ditu EH Bilduk. Batetik, Espainiako Gobernuak EAEko herritarren eta erakundeen erabakia errespetatzea. Hala balitz, EAEko estatus politiko berria martxan jartzeko prozesua abiatuko litzateke, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozedura eta egutegia barne. Ostera, Madrilek erabakitakoa onartuko ez balu —gaur egun EH Bilduk beste aukerarik ez du ikusten— EAEko eragile politiko eta sozialen artean burujabetza eskuratzeko ibilbidea adostu beharko litzateke, koalizioak proposatu duenez.

Lidergoa partekatzeko deia

Ideia horretan sakondu zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, militanteen aurrean. «Euskal Herriko indar politikoei, sozialei eta sindikalei esaten diegu amaitu dela Espainiako Estatuarekin dugun dependentzia harremana». Haren ustez, egungoa garai «historikoa» da, eta ezker independentistak «egoerak eskatzen duen mailan» egon behar du. Indarrak biltzera eta «lidergoa partekatzera» deitu zituen eragile guztiak, «estatu duin eta demokratikoago» bat eratzeko. «Ez dago inor sobran; herri honetako indar demokratiko guztiek ados jarri behar dugu».

Kataluniako egoera gogoan harturik, estatuak bere «izaera antidemokratikoa» agerian utzi duela salatu zuen Otegik: «Estatuak ez du inolako eskaintza politikorik estaturik gabeko nazioentzat, eta soilik indarra eta mehatxua jartzen ditu mahai gainean». Iñigo Urkullu lehendakariari ere mezua bidali zion: «Kataluniak ez du bitartekaririk behar estatuan, laguntza eskainiko dioten konplizeak eta aliatuak baizik». Bestalde, Kataluniako prozesuari «babes osoa» agertzeko, ebazpen bat onartu zuten atzo, batzarrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna