Diego Mendiola. Aztiko ikertzailea

«Apustua kapital inbertsio taldeek egin behar dute»

Fiordorik edota ur geldiko eremurik ez duenez, akuikulturarako aparteko baldintzarik ez du Euskal Herriak. Mendiolaren ustez, teknologia berriak lagun, sektorea indartu daiteke.

Miren Garate.
Pasaia
2014ko urriaren 31
00:00
Entzun
Donostian, akuikulturako nazioarteko kongresua egin zen urriaren 14tik 17ra bitartean. 1.200 aditu elkartu ziren. Baikor mintzatu zen Mendiola, sinetsita baitago sektoreak baduela etorkizuna Euskal Herrian.

Arrantzarekin alderatuta, hutsala da akuikulturaren negozioa Euskal Herrian. Ez da benetako apusturik egin?

Kontua ez da akuikulturaren aldeko apusturik ez dela egin, baizik ez dela garatu. Batetik, ez da egon inbertsio taldeen interesik. Euskadik ez ditu aparteko baldintzak akuikultura garatzeko: ez du fiordorik, ur jario geldiko gune handirik, ibaira ura botatzen zuten enpresek. Horregatik, bestelako jardueretan inbertitu da, arrantzan, ontzioletan, metalgintzan, siderurgian...dirua ematen zuten jarduerak zirelako. Bestetik,olatuen arazoa egon da. Akuikulturarako aurreneko garapena itsas kaiolei lotuta egon da. Gaur egun potentzia diren herrialdeek dituzte itsas kaiolak edo bateak. Milioiak balio dituzten azpiegiturak dira, eta nor etorriko da hona dirua jartzera olatuek emateko arriskua badago? Oso argi izan behar da: akuikulturaren aldeko oinarrizko apustua kapital inbertsio taldeek egin behar dute.

Zein sistema erabili behako litzateke Euskal Herrian akuikultura garatzeko?

Aukera bat da, eta oso ona, itsasoa erabiltzea, Euskadin badagoelako eta beste erkidego batzuetan ez. Garatu dira itsaso irekian, ur azpian, jar daitezkeen azpiegiturak. Muskuiluak, ostrak, algak... ekoizten dira teknologia horrekin. Lurreko arrain haztegiak ere garatu dira. Ura behin eta berriz zirkulatzeko sistemak dituzte, hartzen dute ura itsasotik edo ibaitik eta arrain haztegian behin eta berriz zirkulatzen dute, etengabe ura ponpatzen egotea saihestuz. Berriro itsasora edo ibaira bota behar denean, uraaraztaile batetik pasatzen da, beraz, jaso bezala itzultzen da. Haztegi moderno guztiek dituzte araztegi horiek, lehen ez zen halakorik.

Ikusten diozu etorkizunik sektoreari?

Ni baikorra naiz: itsasoa dugu; badago premia erreal bat itsas elikagaiak sortzeko hemen bertan, 150 milioi euroren balioa duten produktuak inportatzen baititugu; baditugu korporazio teknologiko, unibertsitate eta institutuak ere akuikultura lantzen dutenak; itsasoaren eta espezieen gaineko ezagutza dugu; eta gainera, gizarteak gero eta gehiago egiten du lehen sektorearen iraunkortasunaren alde.

Zein jarrera dute arrantzaleek akuikulturarekiko?

Zalantzak eragiten dizkie, lehiakide izan daitekeen jarduera moduan ikusten dute batzuek. Horregatik, gure lana da saiatzea aurkitzen akuikulturak arrantza komunitate osoari eskain diezazkion aukerak .

Eta kontsumitzaileek badute aurreiritzik akuikulturatik etorritako produktuekiko?

Arrandegietan dauden produktuen %30 akuikulturatik eratorritakoak dira: izokina, erreboiloa, lupia, urraburua, otarrainxka, muskuilua... Produktu horiek guztiak akuikulturakoak izanda, jakin gabe ere jaten dituzu, inolako arazorik gabe gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.