Hobeto, baina 2007tik urrun oraindik

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2007tik lehen aldiz langile kopurua handitu arren, orduan baino 78.000 gutxiago daude

Arnaitz Lasarte.
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Lehen aldiz 2007tik, lanean ari diren herritarren kopuruak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta eskualde gehienetan jaitsi egin da lanik gabe daudenen ehunekoa. Eusko Jaurlaritzak lan merkatuari buruzko txostena argitaratu du, eta eskualdekako datuak bildu ditu. Datuak ikusita, ondoriozta daiteke 2014an buelta ematen hasi zitzaiola aurreko urteetako joerari. Hala ere, 2007ko egoera urruti dago oraindik. Zenbait eskualdetan, batez ere. Txostenean 11 eskualde bereizi dituzte, eta, bostetan, lanik gabe daudenen ehunekoa hazi egin da: Gasteizen, Aiaraldean, Eskuinaldean, Durangaldean eta Debabarrenean.

Arabako bi eskualdeetan langile gehiago zeuden iazko urte amaieran 2013an baino. Ia 2.000 gehiago zeuden Gasteizen —eskualde horretan sartzen dituzte, Arabako Errioxa, Arabako lautada, Mendialdea eta Arabako Haranak—. Aiaraldean, berriz, 700 bat langile gehiago zeuden. Igoera hori, ordea, ez da nahikoa izan langabezia tasaren goranzko joera eteteko. Izan ere, jarduera tasa handitu egin da bi eremuetan. Hau da, lan egiteko ezaugarriak betetzen dituzten herritarrak ere gehiago dira. Horrek zuzenean eragiten du langabezia tasan.

Bilbo eskuinaldean ere gora egin du langabeen ehunekoak. Hainbat faktorek eragin dute hori. Batetik, gero eta langile gutxiago daude —2007arekin alderatuta, 5.000 inguru—; eta, bestetik, azken urteetan nabarmen igo da jarduera tasa —%69tik %76ra—. Debabarrenaren kasua ere antzekoa da; han ere, apalago baina ugaritu egin dira langabeak, eta langabezia tasak gorantz egin du.

Durangaldean, urtebetean apur bat gora egin du langileen kopuruak baina ez langabezia-tasa jaisteko adina. Krisialdia hasi zenean baino 3.000 langile inguru gutxiago daude Durangaldean.

Ezkerraldea, buelta ematen

Ezkerraldean eragin du kalterik handiena da krisialdiak. Bada, 2014an argi apur bat ikusi zuen, Jaurlaritzaren datuen arabera. Zazpi urtean lehen aldiz, handitu egin zen lanean ari zirenen kopurua —1.500 langile gehiago—; ondorioz, jaitsi egin da langabezia tasa. Hala ere, egoera larria da oraindik, 2007an baino ia 20.000 langile gutxiago baitaude.

Bilbo da epe horretan lanpostu asko galdu dituen beste eremu bat. 18.000 lanpostu galdu dira, hain zuzen. Hori dela eta, iaz langabezia tasa jaitsi bazen ere, 2007ko datuetatik urruti dago. Donostialdean ere Bilboren antzeko bilakaera izan da—Irun, Errenteria edo Zarautz gisako herriak ere Donostialdean sartu dituzte—. Langabeen ehunekoa txikiagoa da bertan. Hala ere, 2007an baino 15.000 langile gutxiago daude (-%7)

Beste eskualde batzuetan eragin txikiagoa izan du krisialdiak. Langabezia tasari dagokionez, hiru eskualde daude egoerarik onenean: Bizkaia-Kosta, Tolosa-Goierri eta Debagoiena. Hiruretan, %10etik beherakoa da tasa hori. Debagoienaren kasua berezia da, gainera. 2013an, nabarmen igo zen langabeen kopurua —Fagorrek urte horretan jo zuen konkurtso legera—. Egoerari buelta emanda, aurreko datuetara itzultzen ari da orain.

Lanean ari diren herritarren kopurua igo izana da Jaurlaritzak txostenean gehien nabarmendu duen adierazleetako bat. Izan ere, zazpi urtean lehen aldiz gertatu da hori. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2013. urtearen amaieran baino 6.000 langile gehiago zeuden iaz. 2007arekin alderatuta, ordea, bestelakoak dira datuak. Orduan, orain baino 78.000 langile gehiago zeuden. Zenbait herritako datuak aipatzeko modukoak dira; Sestaon (Bizkaia), adibidez, 2.300 langile gutxiago daude (-%27); Basaurin, 4.500 gutxiago (-%22); edo, Laudion, 1.700 gutxiago (-%20).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.