urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Europari botoa

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gutxitan gertatzen den legez, erakunde bererako bozkatuko dugu gaur Euskal Herri osoan. Europak batzen gaitu titular ponposoa jar genezake, Eskiulatik (Zuberoa) Lanestosara (Bizkaia) bozkatuko dugunez Europako Parlamentuko ordezkariak hautatzeko. Baina iruzurra berehala gelditzen da agerian: estatuetako herritar garen neurrian dugu hitza, eta estatu horien bidez. Kanarietaraino doa bizkaitarron hauteskunde barrutia, zuberotarrena Bordeletik Nimeseraino doan Sud-Ouest da. Espainian gertatzen dena —estatu osoa boz barruti bakarra izatea— ez da ohikoa estatu handietan, are gutxiago deszentralizatuta egon eta lurraldeek autonomia handia dutela saltzen duen estatu batean. Erresuma Batuan, esaterako, Eskozia, Ipar Irlanda eta Gales barruti bana dira; Belgika txikiak, Flandria eta Valoniako ordezkariak bereizteaz gain, aleman udalerriekin eurodiputatu bat hautatzen duen beste barruti bat dauka.

Beste paradoxa bat: Donapaleun (Nafarroa Beherea) eta Karrantzan (Bizkaia) ez dira hautagai berberak egongo, baina azken haren aldameneko Villaverde Turtziozen bai. Kantabriaren menpeko enklabe horretan ez da abertzalerik aurkezten udal bozetan, baina Europakoetan bai, badira abertzaleak. Duela bost urte EAJk lau bototik hiru irabazi zituen herrian.

Eremu mikroenetik makroenera, Europako hauteskunde guztietako mintzagaia da, zeinen interes gutxi pizten duten, herritarrengandik zeinen urrun geratzen den. Eta horri aurka egiteko, Europaren garrantzia azpimarratzen digute politikariek eta hedabideek, han gure bizitzetan eragin zuzena duten neurri asko hartzen direla eta abar. Argudio horrek, baina, ez du indartzen Europako hauteskundeen garrantzia, gaur Europako Parlamentuko ordezkariak hautatzen direlako, eta Europako Batasunaren erabaki gehienetan parlamentuaren rola ez da berebizikoa. Demokrazia falta nabarmena ikusita, indartu egin da rol hori, baina parlamentuen lan garrantzitsuenak, ekimen legegilea izatea eta botere exekutiboa fiskalizatzea, bete gabe segitzen du, Europako Batzordeko burua bozkatuta ere.

Bestetik, badirudi Hego Euskal Herrian ez dela duela lau asteko mobilizazio handirik egongo.Orduan antifaxismoak eraman zuen jende asko hautetsontzietara. Eta Europarekin kritiko izateko mila motibo badaude ere, antifaxismo hori bera aski arrazoi izan beharko litzateke jendea mobilizatzeko. Bai, defizit demokratiko handiko, austeritate-neurri basatien Europa egoista kritikatu behar da, baina horri guztiari erantzun ezin izan dion Europako ezkerrak ere badu autokritikarik egin beharrik, Estatu Batuetan esaterako alderdi demokrataren ezkerretik sumatzen den mugimenduarekin alderatuta.

Euskal abertzaleak Pernando Barrenak eta Izaskun Bilbaok ordezkatuko dituzte ziur aski; hor ere interesgarria rol aldaketa: ezker abertzalearentzat beti izan da langa zaila Europako Parlamentua, eta EAJk, aldiz, segurtatuago izan du aulkia, CiUrekin batera aurkeztuta. Orain, katalanekin bat egin gabe doaz jeltzaleak, eta EH Bilduk erosoago ikusten du eurodiputatua lortzea, zerrendaburu izateko beharrik gabe ere —Barrena Oriol Junquerasen atzetik doa—. Ikustekoa izango da Carles Puigdemontek Euskal Herrian lortzen duen babesa ere; esango nuke bi familia abertzaleek Europakoetan baino boto gehiago izango dituztela beste bi bozetan, eta zati txiki baina esanguratsu bat har lezakeela president erbesteratuak. Hala ziostan independentista batek berriki: «Barrena izango da nire ordezkaria Europan, baina Puigdemonti emango diot botoa. Estatuarentzat mingarriena delako batetik, eta estatuarentzat ere garaipenik handiena litzatekeelako Puigdemontek aulkirik ez lortzea, bestetik».

Munduko bozik handienetan bigarrenak dira Europakoak. Lehena India da; aste askotako prozesuaren emaitza ostegunean jakin genuen: Narendra Modi nazionalista hinduak beste legealdi bat egingo du agintean. Donald Trump, Rodrigo Duterte eta Vladimir Putinen pareko populismo sektarioz agindu du azken urteotan. Leku txikia dauka Indiak Euskal Herriko kazetaritzan, mendebaldearekin edo Txinako albisteekin alderatuta, baina prentsa anglosaxoian oso hurbiletik jarraitu diete behinolako kolonia preziatueneko bozei. Gaur, itxura guztien arabera, iragarriko dute metropoli ohian ere ultra piromano batek irabazi duela osteguneko europar bozetan: Nigel Farageren Brexit Alderdiak. Paradoxaren erakusle: Bruselarako, alde egin gura duen organorako bozak irabazi, eta bereena den Westminsterren aulki bakar bat ere ez du, britainiar hauteskunde sistemaren ondorio. Ezta behar ere: Faragerengandik hurbilen diren tory-etako bat izango da aurki lehen ministro, Boris Johnson, Dominic Raab edo Esther McVey, edo muturreko beste bat. Negargarria da egoera; ingeles itsukeriak tentsio arriskutsua dakarkio Irlandako mugari. Baina egoera negargarri guztiek aukeren leihoa ere zabal dezakete: herritarrei Eskozia independenteaz edo Irlanda batuaz galdetzeko aukera, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.