Myanmarren bikoiztu egin dira urtebetean barne desplazatuak

UNHCRk jakinarazi du laguntza humanitarioa emateko operazioak «handituko» dituela. NLD alderdiaren kontuak ikertzen hasi dira

Militarren kontra iragan astean Londresen egin zuten protesta bat. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Iazko otsailaren 1eko kolpeaz geroztik, Myanmarren bikoiztu egin da barne desplazatuen kopurua. Joan den urtean 370.000 ziren, eta aurten 800.000 dira, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo jakinarazi zuenez. Horietako gehienak, erdia baino gehiago, herrialdearen hegoaldean daude, batez ere han areagotu baitira gobernuaren eta oposizioko talde armatuen arteko borrokak.

Matthew Saltmarsh UNHCR-ren bozeramailearen arabera, eremu horietako egoera «azkar ari da okertzen», eta segurtasunik ezak, errepideen mozketek eta sarrera baimenak lortzeko trabek are gehiago zaildu dute laguntza humanitarioa ematea. Horren erakusle da eledunak emandako datua: soilik 170.000 desplazaturengana iritsi dira hegoaldeko Kayin, Kayah, Mon, Shan, Bago eta Tanintharyi estatuetan.

Gainera, erakundeak datozen hilabeteotarako duen aurreikuspena ez da baikorra, uste baitu barne desplazatuen kopuruak gora egiten jarraituko duela. Eta, egoera hori ikusirik, UNCHRk erabaki du laguntza humanitarioa emateko operazioak handituko dituela; orain arte «larrialdi humanitarioko artikuluak», kanpa dendak, sukalde eramangarriak eta koronabirusaz babesteko materiala banatu du desplazatuen artean, esaterako.

Lan hori finantzatzen jarraitzeko, UNHCRk kalkulatu du 50 milioi euro beharko dituela —kopuru horretan kontuan hartu ditu rohingya etniakoak ere, 600.000 lagun inguru—. Aldi berean, baina, oinarrizko produktuak garestitzen ari dira, eta lanerako aukerak, murrizten, eta, horren ondorioz, geroz eta herritar gehiagok eskatzen dute laguntza. Hortaz, baliteke erakundeak diru gehiago behar izatea operazioak finantzatzeko.

«Erresistentzia prestatzen»

Egoera humanitarioaren berri eman zuten egun berean, atzerrian dauden Myanmarko politikariek adierazi zuten junta militarraren kontrako «erresistentzia prestatzen» ari direla.

Indian erbestean dagoen Khawtinsiami diputatu ohiak—izen hori eman du— Efe berri agentziari adierazi zionez, agintean dagoen junta «galerak izaten ari da fronte guztietan»: besteak beste, «nazioarteko eta etxeko zilegitasunean». Hala, uste du «demokraziaren aldeko erresistentzia taldea» geroz eta «indartsuagoa» dela, eta hori gai izango dela militarrak boteretik botatzeko.

Iragan otsaileko kolpetik gutxienez 1.526 lagun hil eta oposizioko 12.000 politikari atxilotu dituzte. Atxilo harturikoen artean dago Bakearen Nobel saridun eta herrialdeko agintari ohi Aung San Suu Kyi; hain justu, juntak eraturiko Hauteskunde Batzordeak atzo jakinarazi zuen kontu ikuskatze prozesu bat abiatu duela alderdi guztiekin, eta, beraz, Aung San Suu Kyiren NLD Demokraziarako Liga Nazionalaren kontuak ere ikertzen hasi direla.

Paraleloki, agintari ohiari delitu gehiago leporatu dizkiote, eta etzi abiatuko dute hurrengo epaiketa, oraingoan ustezko iruzur elektoralagatik; kargu politikoak bere eta NLDren mesedetarako erabiltzea egotzi diote.

Joan den astean, kolpearen urteurrenean, juntako militarrek adierazpen bat egin zuten, eta esan zuten herrialdeko egoera «egonkortu» arte ez dutela hauteskunderik egingo.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.