AEBen esanetan, defentsa politikan Indopazifikoa dute «lehentasun»

Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak nabarmendu duenez, Txinaren eskarien ikuspegia «gero eta oldarkorragoa» da. Iruditzen zaio Taiwango egoera «bereziki larria» dela

Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkaria, atzo, Singapurren, nazioarteko Shangri-la goi bileran. HOW HWEE YOUNG / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
AEBen lehentasunak zeintzuk diren zalantzan jarri dute Indopazifikoko herrialdeek azken urteetan. Batetik, Donald Trump Etxeko Zuriko maizterra izan zenean (2017-2021), AEBek gehiago begiratu zutelako barrurantz kanporantz baino. Eta, bestetik, Ukrainako gerrak militarki konpromiso bat hartzera behartu duelako. Txinak, gainera, Asia-Pazifikoko zenbait herrialderekin segurtasun eremua zabaltzeko asmoa dauka. Horren aurrean, AEBek mezu bat bidali nahi izan dute: defentsa politikan Indopazifikoa dute «lehentasun». Hori nabarmendu zuen Lloyd Austin Defentsa idazkariak atzo, Singapurren, segurtasunari buruzko nazioarteko Shangri-la goi bileran. «Gure lagunen ondoan egongo gara haien eskubideak defendatzeko. Are inportanteagoa da Txinaren eskarien ikuspegia gero eta oldarkorragoa den honetan», nabarmendu zuen atzo, diskurtso batean.

Txinako Defentsa ministro Wei Fengherekin bildu zen Austin herenegun, eta atzo gogorarazi zuen Errusiak Ukraina inbaditu zuela, eta Txinak antzeko ekintza bat egin dezakeela Taiwanen. Austinen hitzetan, hori gertatzen da herrialde batek «gogo inperialista bat» duenean eta nazioarteko arauak «urratzen» dituenean. «Egoera bereziki larria da Taiwanen». Iruditzen zaio Pekin mugimendu «arriskutsuak» egiten ari dela; kasurako, armadako hegazkinak bidaltzea Taiwango itsasartera. Pekinek ez du aitortzen Taiwanen subiranotasuna, uste du bere parte dela, eta, horregatik, Weik herenegun nabarmendu zuen Taiwanek independentzia lortzeko egiten duen edozein ahalegin «birrinduko» duela.

Taiwango Atzerri Ministerioko bozeramaile Joanne Ouk AEBen babesa eskertu zuen atzo —armak ematen dizkio—, eta Txinaren esan «zentzugabeak» salatu zituen. «Taiwan inoiz ez da egon Txinaren Gobernuaren jurisdiskziopean, eta ez die amore emango mehatxuei».

«Grabitate zentroa»

Austinek ez zuen argitu kasu horretan AEBek militarki esku hartuko ote luketen, eta adierazi zuen AEBek azken hamarkadetan posizio gisa aurkeztu duten «anbiguotasun estrategikoa» mantenduko dutela, eta Washingtonek «Txina bakarraren» politika defendatzen duela. Bide batez, eta erakusteko Indopazifikoa dela AEBen defentsa politikaren «grabitate zentroa», gogoratu zuen Washingtonek sakontzen jarraitzen duela Asian saretu dituen aliantzetan; bai Quad-en Japoniarekin, Indiarekin eta Australiarekin; baita Australiarekin eta Erresuma Batuarekin iazko irailean sinatutako AUKUS aliantza militarrarekin ere.

Ikusita Txinaren «hedatze militarra» nola doan —«Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik herrialde batek egindako handiena»—, Australiako Atzerri ministro Richard Marlesek ohartarazi zuen, Singapurren, horrek «armen lehiaketa bat» eragin dezakeela Asia-Pazifikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.