Nork, zer eta nola neurtu: 'that's the question'

Estitxu Villamor eta Uzuri Albizu
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Idatzi honen egileok badugu oso biona den ohitura bat: etxetik ekarritako janari birberotua elkarrekin bazkaltzen dugu astean bizpahiru aldiz, gure lantokien artean dauden bankuetako batean eserita. Duela egun batzuk Nagore lankidea batu zitzaigun sasi-piknikera eta, Gabonak igaro berriak zirenez, ospakizun egunen inguruko kontuak partekatzen aritu ginen. Aurten mahai bueltetan ohi baino talde txikiagotan bildu gara; horri esker, elkarretaratzeotan hain ohikoak diren eztabaidetatik libratu gara asko. Nagorek ez du zorte bera izan, ordea: suminduta zegoen, indarkeria matxistaren inguruan hitz egiten hasi, eta senitarteko batek salaketa faltsuen gaia mahaigaineratu zuelako Gabon Gaueko afarian. Berak %0,01aren argudioarekin erantzun zion, horixe baita salatutako indarkeria matxista kasuen artean gezurrezkoak izatearen zantzuak dituzten denuntzien ehunekoa.

Gure ikuspuntua informazio estatistikoz janzten dugunean, sinesgarritasunean irabazten du diogunak; %0,01 horrek, adibidez, salaketa faltsuen inguruko zenbait diskurtsori indarra kentzeko balio du. Askotan, baina, gure argudioak sendotuko lituzketen datuak falta ditugu. Izan ere, informazioaren sorkuntza, prozesaketa eta transmisioa produktibitate- eta botere-iturri nagusi bihurtu diren honetan, konpainia erraldoiak, gobernu aberatsak eta eliteko unibertsitateak dira datu kantitate handiak jaso, biltegiratu eta aztertzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak dituzten entitate bakarrak.

«Nork gobernatzen ditu instituzio dirudun horiek?», galdetzen dute Catherine D'Ignazio eta Lauren Klein ikerlariek beraien Data Feminism liburuan. Erantzunak ez du, ziur asko, irakurlea harrituko: erakunde horietan agintean daudenen %80 inguru gizonezkoak, zuriak eta aberatsak dira. Bada, kategoria sozial jakin batzuek (generoak, arrazak eta klaseak, besteak beste) ahalbidetzen dituzte agintari horien pribilegiozko posizioak; eta kategoria sozialok zeharo baldintzatzen dute nork neurtzen duen, baita zer eta nola neurtzen den ere. Hala, periferiako errealitate zein subjektuak nork, zer eta nola horietatik at gelditu ohi dira.

Adibide bat jartzearren, mugimendu feministak hamarkadak daramatza borrokan, lan erreproduktiboa (beharrizan pertsonalak, afektiboak zein zaintzakoak asetzearekin lotutako jarduera oro, alegia) aldagai estatistiko eta ekonomikotzat har dadin. Horretarako, kategoria ekonomikoak deseraiki ditu feminismoak, eta esangura berriak eman dizkie. Besteak beste, lana kategoriaren inguruko deseraikuntza eta berresanahitze prozesua jasotzen du Mercedes Arbaiza EHUko irakasle eta historialari feministak, Economía en tiempos de postmetafísica: una perspectiva feminista idatzian. Arbaizaren arabera, hiritarren beharrizan materialak asetzeko bitartekotzat hartzen du feminismoak lana. Ondorioz, enpleguaz haratago doan jarduera da; alegia, komunitate baten erreprodukzio soziala ahalbidetzen duten ondasun zein zerbitzuen produkzio-jardun oro da lana. Jarduera horrek merkatuan prezioa izan dezake, baina ez du zertan.

Lanaren esangura berri horrek ordura arte aintzat hartu gabeko jardun erreproduktiboen neurketa estatistikoa abiaraztea ahalbidetu du. Hala, urteak joan eta urteak etorri, denboraren erabileren neurketek lan horien atzean dagoen desberdinkeria sexuala azaleratzen jarraitzen dute. Zapalduta dagoenak badu bere zapalkuntz(ar)en berri, ordea: ez du egiaztagiririk behar. «Zertarako ekoitzi, orduan, desberdinkeriok agerian uzten dituzten froga horiek?», galdetzen dute D'Ignaziok eta Kleinek. Beraien ustez, zapalkuntzaren ezaugarritze estatistiko horrekin lortzen dena da, hain zuzen ere, osterantzean plano subjektibo edo pribatuan legokeen hori plano objektibo edo publikora ekartzea eta, ondorioz, presio sozialaren bitartez, errealitate horretan eragitea.

Data Feminism liburuaren arabera, datuen zientzia salmentarako darabilte konpainiek, zelatatzeko gobernuek, eta zientziarako unibertsitateek; eta kontaezinak dira, liburuak jasotzen duenez, neurketa horien artean aurki daitezkeen isuri sexista, klasista zein arrazistak. «Datuak arazoaren parte dira, zalantzarik gabe», ebazten dute. Hortik ondorioztatu liteke datuen zientzia elite ekonomikoaren interesak defendatzen dituen produktu sozial bat baino ez dela, eta erabaki liteke hura arbuiatu eta guztiz bestelakoa den zerbait hutsetik eraikitzen hastea ere. Evelyn Fox Keller epistemologo feministaren iritziz, ordea, eztabaida zientifikoak ezagutza publikoa zein den erabakitzen du eta, hortaz, lehia horretatik ateratzeak norbere buruari ahots bat kentzea dakar; norbere burua eremu publikotik kanporatzea, alegia. Kontua ez da, beraz, neurtu ala ez neurtu erabakitzea; baina, datuak soluzioaren parte ere izango badira, datuen zientzia mainstream hori gainditu beharra dago. Nork, zer eta nola neurtu berrasmatzea: that's the question.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.