urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Independentzia perspektiba batzuk

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Duela urtebete, hasi berri zen urteak hiru independentzia erreferendum ekar zitzakeela iragarri genuen. Horietako bakarra baino ez da gauzatu, eta ez da estatu berririk sortu atzean utzi berri dugun urtean. Profeta ahalmena argi utzita, beraz, horratx datozen hamabi hiletan estatugintzan eta sezesio prozesuetan egon litezkeen antzeko urrats batzuk.

Argien dagoena Kaledonia Berriko bigarren independentzia erreferenduma da. Iazko iragarpenean ez bezala, aurten data ere badauka: irailaren 6a. Paradoxikoki, unionistak ziren galdeketa ahalik eta bizkorren egin nahi zutenak; independentistek etxeko lanak ondo egiteko beharrezko denbora galdegin dute prozesuan, besteak beste erroldak ondo zehaztu eta kanak herritar guztiak mobilizatu ahal izateko.

Duela urtebete egitear zirudien beste galdeketa Chuuk artxipelago mikronesiarrekoa zen. Lau uharte-multzok osatutako federazioa da Mikronesia, eta jende gehien daukan Chuuk-ek, sarritan esan du federaziotik irten eta bere estatua eratu nahi duela. Azkenean urtebete atzeratu zuten erreferenduma, eta ikusi beharko da martxoan egiten duten ala ez. Mikronesiak Ameriketako Estatu Batuekin daukan hitzarmen bereziak (mikronesiarrek han bizi eta lan egiteko eskubidea dute) erabat baldintzatu dezakete uharte horietako politika, baina Txina ere oso adi dago Pazifikoan gertatzen den edozein mugimenduri, azken hilotan Kiribati eta Salomon uharteekin egindako akordioak horren adibide.

Iaz aurreikusitako hirugarren erreferenduma Bougainville uhartekoa zen, hau ere Ozeanian. Ekainerako zegoen deituta, eta urte amaieran izan da azkenean. Eginda dago galdeketa, eta erabateko garaipena lortu du independentismoak, baina legez ez zen loteslea. Orain gobernu autonomikoak eta Papua Ginea Berrikoak eztabaidatu behar dituzte emaitzak. Bougainvilleko egungo agintariek diotenez, orain bertan ez dago estatu berria sortzeko baldintza teknikorik, baina herritarren %97ren babesa izateak independentzia ez den beste edozein aukera mahaitik kentzera behartzen du.

Deskolonizazioaren azken arrastoak, XXI. mendean, Ozeaniako eskualde honetan geratzen dira. 1945-1980an gauzatu baitziren beste kontinenteetako gehienak. Nazio Batuen Erakundean diren 193 estatuetatik ia 200era hurbiltzeko bidea Bougainvillek, Kaledonia Berriak edo Zeelanda Berriari atxikitako estatu txikiek lor lezakete (Cook uharteak, Niue). Indonesiaren menpeko Papuan ere protesta jendetsuak piztu dira; lurraldea ia matxinada betean da Jakartak bereganatzeko egindako iruzur galdeketaren 50. urteurrenean. AEBen menpeko kolonia batek, Guamek, deskolonizazio prozesuaz eztabaida garrantzitsua da azken hilotan, eta Polinesia Frantsesa ere NBEren deskolonizatzeko lurraldeen zerrendan dago 2013tik.

Panorama hurbilagoan dihardu bere bidean Groenlandiak ere, presarik gabe, baina helmuga argi: Danimarkarekiko lotura ekonomikoa murriztea eta burujabetasun ekonomikoa irabaztea, independentzia beti ortzemugan. Kopenhageren menpeko beste nazioak, Faroe uharteek, etenda daukate orain bertan autodeterminazioaren bidea. Badakite hala egitea erabakitzen dutenean bide horretatik joango direla, baina etxean bertan adostu behar dute bidea lehendabizi.

Bide gorabeheratsuagoa izango da brexit-aren ostean geratuko den eszenatokia, Eskozian batez ere. Boris Johnsonen garaipen handiak brexit-aren data eta ezaugarriak baldintzatzen ditu hil amaierarako, baina negoziazioek gero ere segituko dute, trantsizio epean. Hortxe argudio sendoak bildu beharko dituzte eskoziar independentistek, behingoz batasuna zartatu eta euren bideari arrakastaz ekin gura badiote.

Hauteskunde prozesu bat izango da nagusi aurten munduko agenda mediatikoan: lau aste barru primarioak hasiko dituzte alderdi demokratan, uztaileko konbentzioan hautagaia erabakiko dute, eta hortik aurrera Donald Trumpen aurkako lehiak orrialdeak eta orrialdeak beteko ditu. Etxeko impeachment-a, Txinarekiko merkataritza gatazka eta Ekialde Hurbileko egoera, ura bere errotara ekartzeko baliatzen saiatuko Trump, presidente guztiek egin ohi duten legez, bestalde. Espainiakoei euskaldunak estraditatzen zizkien Frantziak hauteskunde sasoian, eta Washingtonek gerrak egiten ditu. Iranekiko espirala beldurgarria da, bai.

Badira beste jokaleku interesgarri batzuk ere. Txileko prozesu konstituziogilea esaterako, Pinochetek ondo lotuta utzi zituen arau-multzoek egun gutxian eztanda egin eta gero. Eta hor, bai maputxeak bai Rapa Nui uharteko polinesiarrak orain artekoa baina errespetu handiagoa izango dien errepublika baten alde egitekotan dira.

Eta atzerriaren muga lausotzen den beste eremua daukagu azkenik. Espainian presidentea hautatzekotan direla ematen du, estatu sakonaren beso kolpistak hori indarrez geldiarazteko tresna ugari dituela lotsagabe erakutsi duen arren. Estatu gobernaezina da, baita orduotako tentsioak gaindituta Pedro Sanchezek presidente izatea lortzen badu ere. Luxenburgoko auzitegiei ere jasangaitza egin zaie kirats antidemokratikoa. Dena zornatuta, lehertzear da Espainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.