Carlos Gimenoren errezeta zaharkituak

Ainhoa Diaz Piñar eta Iñigo Orella Altzueta
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Urtebete egin du karguan Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, eta egia da ez zaiola ikasturte erraza tokatu, baina egia da gauzak beste era batera egin zitezkeela ere. Nafarroako hezkuntza sistemaren beharrak handiak dira eta hezkuntza komunitateak heltzen ez diren erantzunak eta konponbideak behar ditu. Egin dezagun bere hanka-sartzeen errepasoa:

Ezaguna da Gimenoren euskarafobia, bera izan zen aurreko legegintzaldian irakaskuntzan legez Zerrenda Bakarra galaraztea bultzatu zuena eta berari esker, besteak beste, gaur egun Nafarroako irakasleak bakarrak dira Estatuko administrazioetan bertako bi hizkuntzak menperatu arren bakarrean lan egitera zigortuak direnak elebakarren pribilegioak elebidunen gainetik jarriz. Norabide berean, azken hilabeteetan Mendigorrian legez aitortzen zaien euskaraz ikasteko eskubidea galarazi du eta kontuak epaitegietan bukatu du. Lanbide Heziketan etaNUPen ez da aurrerapauso garbirik eman ikasle euskaldunek beren ikasketak euskaraz jarrai ditzaten.

Pasa zen ikasturte osoan zehar 0-3 zikloko langileen eskaria izan da ratioak jaistea eta soldata hobetzea. 0-3ari izaera hezitzailea praktika errealean aitortu behar zaio, ez asistentzial hutsa, langileen lan baldintzak homologatu eta duindu, eta Hezkuntza Departamentuaren eskumena izatera pasatu behar da. Horretarako bazegoen plangintza zehatza prest, baina tiraderan gorde da eta ez da ezer egin.

Garai kritiko honetan non zerbitzu publikoak indartzea funtsezkoa den eta hezkuntzan inbertitzea estrategikoa den, Departamentuak COVID-19 garaia baliatu du murrizketak aplikatzen hasteko: ikasturte hasieran Skolae hezkidetza programa inplementatzeko baliabideak murriztu baziren,ikasturte honetan sinatutako irakaskuntza publikoko itunaren arabera inplementatu behar ziren bi neurriak ez dira aurrera eraman, eta ikastola eta itunpeko irakaskuntzako akordio murriztaile berria ordezkaritza sindikalaren %1arekin sinatu du. Parlamentuko gehiengoak konponbidea jarri dio horri, ea PSNk errespetatzen duen. Bestetik, itunpeko irakaskuntzako langileen ordezkariak negoziazio mahaitik bota ditu eta, ikasleek eta langile ez irakasleek bezala, ez dute elkarrizketa zuzenik Departamentuarekin pandemia egoerari buruz. Aurreko legegintzaldian ikastolei buruz abiatutako lan mahaiak ere ez du jarraipenik izan.

Izurritearen kudeaketan zentratuz, Gimenok argazki historikoa lortu du, Nafarroako irakaskuntzako sindikatu guztiak (sare publikoa eta itundutakoa) batu gaitu eta maiatzaz geroztik aurrez aurreko itzulerarako protokolo adostua eskatzen ari gara, osasunaz gain irizpide pedagogiko-afektiboak kontuan hartuko dituena, zuzendaritzan eta langileengan ardura guztia jarriko ez duena. Eragile batzuekin (ez guztiekin) ekainean eta orain bilerak egin badira ere, ez dira kontuan hartu momentuz beren proposamenak. Nafarroan ez da eginen behar den inbertsioa azken hilabeteetan ikasleek bizitako egoera pedagogiko eta emozional bereziari aurre egiteko era egokian ratioak jaitsiz eta baliabideak jarriz aniztasunari trataera egokia emateko eta konfinamenduan handitutako arrakalak gainditzeko. Ikasle askok seihilabete eman dituzte euskararekin kontakturik izan gabe, baina ez da inongo plangintzarik diseinatu egoera horri aurre egiteko. Konfinamendu garaian ia-ia ez da ordezkapenik bete eta hasi berri den ikasturtean, egoera okertzen bada, giza eta hezkuntza baliabide eskasekin kinka larriari aurre egin beharko zaio irakasle eta ez irakasleen ahalegina biderkatuz. Hezkuntza langileek behar duten osasun eta teknologia berriei buruzko formakuntza egokirik ere ez da bideratzen ari.

Nafarroako Eskola Kontseiluak ordea, prozesu parte-hartzailea egin zuen, bertan LABek bere ekarpenak egin ditu, eta ekainean ikuspegi pedagogikoa kontuan hartzen zuen dokumentu adostua osatu zuen, baina kontseilariak ere muzin egin dio. Departamentuak elkarrizketari uko egiteak ikasleak, langileak eta gurasoak biltzen dituen Hezkuntza Foroa sortu du, eta Gimenok entzungor jarraitzen badu, protestak areagotuko dira.

Aukera ezin hobea galdu da hezkuntza eragileekin era adostuan agortuta dagoen hezkuntza sistema behetik gora eraldatzeko. Konpetentzietan eta metodologia aktibo eta kooperatiboetan oinarritutako hezkuntza eredu berria, ebaluazio hezitzailea, betaurreko moreak eta berdeak jartzeko, espazio berriak baliatuko dituena, deszentralizatua, parte-hartzailea, arrakalak gaindituko dituena... azken batean ikaslea subjektu gisa eta bere beharrak erdigunean jarriko dituena. Pandemiak ageriago utzi du gure hezkuntza sistema bertatik eraikitzeko beharra, lege eta curriculum propioekin hemen adostua eta diseinatua, Madrili segidismorik egin gabe. Zer-nolako irakaskuntza nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu.

Uda pasatu da ezinbestekoak ziren hausnarketa, adostasun eta eraldaketak gauzatu gabe. Berandu goaz eta orain petatxuak baino ez dira jarri.Familiak, langileak eta ikasleak oso kezkatuta gaude, baina Gimenok ez dizkigu behar ditugun erantzunak eta konponbideak ematen. Ezarritako protokoloa egunetik egunera aldatzen da irizpiderik gabe, ziurgabetasuna sortuz. Gure eskua luzatuta dago, baina kontseilariak negoziatzeko eta hezkuntza komunitatearekin akordioak lortzeko jarrera hartzen ez duen bitartean, Nafarroako ikasleen eta hezkuntzaren onerako, mobilizatzea besterik ez zaigu geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.