Zaila eta deserosoa

Kopako finalerdietarako sailkatzea dute jokoan gaur Athleticek eta Realak, Atletico Madrilen eta Rayoren aurka. Zuri-gorriak San Mamesen ariko dira

ainara arratibel gascon
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako final-laurdenetako partidak dituzte gaur Athleticek eta Realak. Kopak berez du pizgarria, eta gaurko norgehiagokei ere zaie halakorik faltako. Zuri-gorrien kasuan, bi izango dira: Atletico Madril mendean hartuta aurrera egitea eta, horrekin batera, San Mamesen jokatzea. Realak, berriz, itxura batean final-laurdenetako ontzian zegoen aurkari samurrenetakoa izango du aurrean, eta horrek finalerdietan egoteko aukera handiak ematen dizkio, gauzak ondo eginez gero betiere.

San Mames zaharrean eta berrian jokatutakoak kontuan hartuta, hamahirugarrenez ariko da emakumezkoen taldea Bilboko estadioan. Azkenekoz, 2016ko urriaren 4an aritu zen, Txapeldunen Ligako final-hamaseirenetako joaneko partidan. Zuri-gorriek 2-1 irabazi zuten Fortunaren kontra. Baina, gero, kanporatu egin zituzten, itzulerakoan 3-1 galdu baitzuten luzapenean.

San Mamesen jokatu dituzten hamabi partidetan, sei garaipen, bost porrot eta berdinketa bat izan dituzte, 26 gol sartuz eta 20 jasoz. Gaurkoa San Mamesen jokatuko duten kopako hirugarren lehia da. Salgai zeuden sarrera guztiak agortu dira, eta, bazkideek ondo erantzunez gero, ikusle asko bil daitezke harmailetan.

Ez dute erronka erraza zuri-gorriek, Atletico Madril ligako talderik indartsuenetakoa delako. Sailkapeneko buruan da, eta Kopan ere aise gainditu zuen final-zortzirenetako kanporaketa: 4-2 Malagaren kontra. Joseba Agirrek hiru jokalari faltako ditu gaurko partidari begira: Yulema, Ainhoa Sierra eta Maite Oroz. Zaila izango dela onartu arren, teknikariakaukerak ikusten ditu kanporaketan aurrera egiteko: «Ziur nago Atletico Madril estu hartuko dugula, taldea ondo ari baita jokatzen. Ikuskizun on bat eskaini nahi diogu San Mamesera bertaratzen direnei».

Realaren kasuan, Rayo izango du aurrean. Urtea hasi zenetik partidarik irabazi gabe dira madrildarrak, baina etxetik kanpo talde deserosoa da. Gainera, ligan Rayok 2-1 irabazi zien txuri-urdinei. Gonzalo Arkonadaren taldea 0-1 jarri zen aurretik, Maddi Torrek 7. minutuan sartutako gol bati esker. Baina bigarren zatian gai izan ziren emaitza iraultzeko.

Partida parekatua espero da, Ligan hiru punturen aldea besterik ez baitago bi taldeen artean. Reala seigarren dago 25 punturekin, eta Rayo zortzigarren, 23rekin. Realak etxean jokatzeak ematen duen hauspoa eta abantaila baliatu nahi du aurrera egiteko. Ostiralean egingo da finalerdietako zozketa.

ATHLETIC-ATLETICO MADRIL

Athletic. Gallardo; Menayo, Robles, Falcon, Linari; Angela Sosa, Amanda, Meseguer, Olga Garcia; Ludmila eta Jenifer Hermoso.

Atletico Madril. Ainhoa; Sierra, Garazi, Eunate, Gimbert; Moraza, Unzue, Damaris, Nekane; Lucia eta Erika.

Epailea: Ainara Acebedo.

Ordua: 19:00 (Gol TV).

Lekua: San Mames.

REALA-RAYO

Reala Mariasun; Mendoza, Iraia, Maddi, Beltran; Etxezarreta, Cardona, Leire Baños, Eizagirre; Manu Lareo eta Nahikari.

Rayo. Alicia; Perarnau, Andujar, Carreño, Camila; Auñon, Sheila, Eva Masdeu, Pilar Garcia; Raquel eta Oriana Altuve.

Epailea: Beatriz Cuesta.

Ordua: 18:00 (Gol TV). Lekua: Zubieta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.