Koronabirusa munduan

Kontrol sozialaren arriskuak

Hainbat herrialdek teknologia baliatu dute birusaren hedatzea geldiarazteko. Batez ere, intimitaterako eskubidea eta adierazpen askatasuna ari dira urratzen

Gizon bat telefonoari begira, Valentzian, Herrialde Katalanetan. MANUEL BRUQUE / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Higienea zaintzea, pertsonen arteko distantzia errespetatzea eta maskarak eta eskularruak erabiltzea izan dira koronabirusa ez hedatzeko gomendio edota agindu nagusiak. Horrez gain, ordea, beste bitarteko baten aldeko apustua ere egin dute herrialde gehienek: sakelakoetako aplikazioen erabilera. Horien helburua da, besteak beste, erabiltzailearen eta osasun zerbitzuen arteko bitartekaritza zuzena izatea, birusaren inguruko informazio ofizial oro zabaltzea, eta pertsonen harreman sareak identifikatzea, infekzio kateak eten ahal izateko; halaber, geolokalizazioa baliatzen ari dira norbanakoen mugikortasuna kontrolatzeko tresna gisa. Horrek guztiak, baina, eztabaida handi bat ekarri du berekin: birusaren kutsatzea moteltzeko teknologia baliatzea baleko neurri prebentiboa izan daiteke, ala kontrol soziala indartzeko modu bat baino ez da?

Horren erantzuna zein den argi du Jesek, eskubide digitalen defentsan lanean aritzen den Mexikoko Sursiendo kolektiboko kideak —ez du izen osoa eman nahi—: «Aplikazio horiek erabiltzea baliagarria izan daiteke, baina beste modu batera egin zitekeen, ezinbestekoak diren eskubideak errespetatuz». Azaldu duenez, teknologien diseinuan dago gakoa: «Teknologia gardenak proposatu beharko lirateke, proportzionalak. Jakin beharko genuke zer modelo prediktibo erabiliko duten, datu horiek non jasoko dituzten, zeinek duen horietarako sarbidea...». Era horretan, teknologia modu librean garatuko balitz, kode ireki batekin, funtsezkoak diren bi aldeak beteko liratekeela ziurtatu du: eskubide digitalak errespetatzea eta birusa geldiaraztea. Ez da hori, ordea, gobernuek hautatu duten bidea: «Opakutasunez ari dira, gardentasunik gabe».

Ezkutuko joera horrek ekarri du galdetzea ea alarma egoera amaitutakoan zer pasatuko den datu horiekin. Jesek jakinarazi duenez, ezin da jakin jasotako informazioa beste helburu batzuetarako erabiliko ote duten: «Ez dute kode ireki bat, eta, beraz, haien esku dago. Teknologia horien jabeek edo gobernuek esaten dutenaz fidatu beharko dugu».

Horiek hala, Sursiendoko kidearen arabera, nagusiki bi eskubide digital ari dira urratzen: intimitaterako eskubidea eta adierazpen askatasuna.

Bestalde, garrantzitsua iruditu zaio teknologia esparru orokorrago batetik begiratzea ere. Azaldu duenez, egungo narratiban izateko eta egiteko modu bat goratzen da: Silicon Valley eredua. Horrek dituen ondorioetan sakondu du: «Dena izugarria da, polita. Milioika dolar irabaz ditzakezu minutu batzuetan ideia bikain bat izanez gero. Eredu horrek guztiak, baina, ikusezin egiten du gainerakoa: maquila teknologikoa, mineralen erauzketa, gailu elektroniko guztien produkzioa eta garraioa. Noski, ez gara langileen eskubideez hitz egiten hasiko».

Hala, ohartarazi du gobernu gehienek hodeira lekualdatzeko urratsa egin dutela. «Google eta Amazon aukeratu dituzte. Ez dago apustu bat edo asmo bat tokiko zientzia edo teknologia babesteko. Hainbat herrialdetan, talde ugari ari dira lanean teknologia sozialagoak eta komunitarioagoak garatzen, baina ez zaie kasurik egiten». Salatu duenez, gaur egun nagusitzen dena «monopolikoa, intrusiboa eta estraktibista da». Horri lotuta, teknologiak krisiari erantzun ahal izatea onuragarria dela iritzi du, baina uste du ez direla kontuan hartzen ari kalteberatasun faktoreak. Beraz, egungo garapen teknologikoa aldatzeko «premia» dagoela dio. «Teknologia ezagutza matematikoen, kimikoen eta fisikoen multzo bat da, ingeniaritza askokoa; baina baita eraikuntza politiko bat ere».

Boterea eta kontola

Jesek azaldu duenez, AEBetan Amazon eta Google enpresak izan ziren aurrenak euren laguntza eskaintzen: hain justu, «munduan datu pertsonal gehien bilduta daukatenak». Horien boterea zenbaterainokoa den irudikatzeko, Guatemalako hedabide batean argitaratu zen artikulua jarri du adibidetzat. Honela zioen tituluak: «Nola ari diren betetzen Guatemala, El Salvador eta Honduras koronabirusagatiko konfinamendua, Googleren arabera». Deigarria iruditu zitzaiola onartu du, baita arriskutsua ere epaitzeko hartu zuen eskumen hori. «Gainera, Googlek ez du zertan inori baimena eskatu estatistika hori ateratzeko. Izan ere, informazio hori eman dezaketen hiru teknologia nagusien jabe da: Android, Google bilatzailea eta Google Maps». Halaber, jokabide hori salatu du: «Ez badu inongo helburu politikorik, niretzat hori kontrola da».

Bestalde, oroitarazi du Israelgo Gobernua «terrorismoaren» kontra erabili ohi dituen espioitza teknikak erabiltzen ari dela gaixoek berrogeialdia betetzen dutela ziurtatzeko. Horiek teknologia ikaragarri «intrusiboak» direla dio, eta galdera hau bota du: «Informazio hori guztia beharrezkoa da? Edo soilik pertsonak kontrolatzen ari gara?».

Geroz eta indartsuagoak dira informazioa eta boterea kontrolatzen duten taldeak, eta enpresa gutxi batzuetan zentralizatuta daude. Era berean, alarma egoera honetan hartutako neurriek «kontrol sozialaren hazkuntza» ekarriko duela uste du Jesek. «Informazioa boterea da. Zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta kontrol handiagoa izango duzu».

Jesen iritziz, jendea ez da kontziente norbanakoen datuak biltzeak duen arriskuaz; «ezta ni neu ere», aitortu du. Hala, beharrezkotzat jo du egungo teknologia ereduaren nahiz sistema beraren aurka borrokan jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.