Errazkin eta Intxaurrandietaren aldeko epaiaz

Larraitz Ugarte
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hilabete gogorrak pasatu dituzue, Ainhoa eta Iñaki, eta zuekin batera besteok. Gogorra izan baita herritar mandatu bati men egiteagatik, hauteskundeetan irabazitakoa exekutatzeagatik, Damoklesen ezpatapean egon behar izatea. Ohituta gaude herri honetan bizi proiekturik egin ez duten pertsonekin elkarbizitzera, justiziaren alderik ilunena ikustera... Oraingoan Madriletik eta zehazki epaitegietatik albiste onak etorri zaizkigu, baina.

Argi gera bedi albisteak txarrak balira ere harro geundekeela egindakoaz, zuek eta gu, asko izan baikara zuek sinatu duzuen errauste plantaren kontratua bertan behera uzten duen dokumentu horren alde egon garenak, erabakian parte hartu dugunak eta babestu dugunak. Harro geundeke emaitza edozein izanik. Baina oraingoan aldeko epaia izan da, eta horrek zuei arnasa emango dizue, bizitza bat eraiki edo eraikitakoa bizitzen jarraitzeko aukera; amestu, planak egin, etorkizunari beste begirada batekin so egin, familiakoen sufrimendua amaitzen delako deskantsatu... Goza ezazue, eta burua tente, militantzia zintzoa eta koherentzia garaile atera direlako oraingoan.

Emaitza aldekoa izan da, bai, eta horrek, gaurkoan, erreflexiorako beta eman behar die Ainhoa eta Iñakiren sufrimendu pertsonalari gozamen sadiko bat ikusten zioten horiei. Ez baita soilik epaia aldekoa dela, ez. Epaiak haiek ondo zekitena konfirmatu du: erraustegia gaindimentsionatua zegoen, eta hura geratzea ez zen diru xahuketa izan; hura lizitatu, kontratatu eta produktu espekulatiboekin hornitzea baizik. Inoren edo denon diruarekin fribolitatez eta axolagabekeriaz jokatzen duten horien ardura da orain argitu beharrekoa. Zergatik hartu zituzten erabaki horiek, jakinik Gipuzkoan ez zegoela erraustegi baten beharrik, are gutxiago tamaina horretakorik, eta, ahal balitz, zein interes ezkutuk eraman dituen erabaki horiek hauteskunde bezperan blindatzera, horixe ere jakin nahi genuke.

Eta galdera bi otutzen zaizkit: demokraziaren emaitzen gainetik jarri eta Gipuzkoa euren kortijoa dela uste izan duten horiek, diru publikoa eurena dela eta euren interesen menpe egon behar dela uste duten horiek, berriro dena ondo lotuta utziko dute berriz datorren maiatzean edozer gertatzen delarik ere haiek agintzeko? Eta abisu ematen segitu nahi dute norbaitek herriari emandako hitza bete edo kudeaketa erabaki propioak hartzen baditu, Iñakik eta Ainhoak bezala, jazarria izango dela aurrerantzean ere?

Sustoa pasatu bada ere, ezin ahaztu PSE eta PNVk izan duten jarrera nardagarria izan dela moralki, baina are larriagoa politikoki. Halere, honezkero jakin behar lukete ez dagoela herri honetako ezker independentista kikiltzeko estrategia nahikorik, Iñaki eta Ainhoa izan diren bezain militante zintzoz osatuak daudelako herri honetako instituzio andana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.