Oihana Bartra.

3, 2, 1... MTV

2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
17 egun 8 ordu eta 3 minutu. Atzerako kontua. Bilboko San Nikolas metro geltokira sartzen zaren bakoitzean gogoraraziko dizugu badatorrela. Beste edozein auzotakoa bazara, lasai, metroko fosteritoak erabiliko ditugu propagandarako, edo bidaia-txartelak bestela. Metroz ez bazoaz ere, trankil, Bilboko kaleak beteko ditugu kartelez. Baina, tira, bilbotarra ez bazara ere ez arduratu. Egunero sartuko dugu Teleberrian berritxo bat, txikiak badira bi.

14 egun 8 ordu eta 3 minutu. Gala nagusia BECen egingo da. Non bestela? B hori Bilbao-ri zegokiola esan ziguten hasieran; gero, Barakaldon dagoela jakin dugu. Haserre zaudete batzuk La Naval itxiko dutela eta instituzioek ezer egin ezin dutela diotelako. «Beste gauza batzuetarako badago dirua», diozue. Zergatik ez datoz kalean geratuko diren 1.200 langileak BECera zerbezak zerbitzatzera edo sarreren tiketak hartzera? Ez diguzue zertan eskerrak eman.

11 egun 8 ordu eta 3 minutu. Hailee Steinfeld abeslari eta aktorea izango da gala aurkeztuko duena. Irudia dena da. Nola ez genuen galaren aurpegi emakume eder, argal eta zuri bat ipiniko? Zeuek ere gustura ikusiko duzue, bai horixe. Horretan behintzat ados egongo gara.

8 egun 8 ordu eta 3 minutu. Sarrerak salgai. Prezioa: 35 eta 65 euro artean. Glovon, Telepizzan edo taberna batean egiten duzu lan. Baina egingo duzu ahalegintxoa, ezta? Athletic-en final hura ikusteko minikreditu bat eskatu bazenuen... Hau eskuragarri daukazu: asteburu bat etxean irten barik eman eta kito. Ez da hainbesterako. MTV denontzakoa da, kalitatea denon eskura. Bigarren mailako taldeak entzutera, berriz, auzoetako jai batzordeek antolatzen dituzten doako kontzertuetara joaten segi zenezake. Eta ez zaitez kexa: udalak 1.500 euro ematen dizkio auzo bakoitzari jaiak antola ditzan. Aizu, hori ere diru publikoa da; denon poltsikotik ateratzen dena.

5 egun 8 ordu eta 3 minutu. Sekulako esfortzua egin eta sarrera bat lortu duzula? Zeure burua eszenatoki ondoan imajinatu duzula dena ematen? Adi azken berriari: MTVk aukeratuko du casting bidez nor egongo den lehen lerroan. Ai, ilusoa, hori gutxienez zuk erabaki ahal zenuela uste zenuena. Hemen geuk agintzen dugu, ez zara oraindik ohartu ala?

3 egun 8 ordu eta 3 minutu. Turist go home-arekin jarraitzen duzuen bilbotarrok (zuek udan Bilbon geratzen zarete, ezta?): kontua ez da zuen hiria turistaz beteko dugula; ezta zuen lanen prekarizazioa ekarriko duela horrek, edo AirBnb bezalakoen ondorioz zuen alokairua ordaindu ezinda egongo zaretela. Gol hori aspaldi sartu genizuen. Orain partida beste bat da. Izan ere, zuek horrela uste baduzue ere, Bilbo ez da honezkero zuena. Batzuetan hala sinets dezazuen uzten dizuegu tarte batez, baina nahi dugunean egiten dugu gure. Oro har, ez da gure intereseko, baina noizean behin kleenex bihurtzen dugu, erabili eta bota. BBK Live festibala, Red Bull jauzi txapelketa, Europako Errugbi finala, Eurocopa 2020. «Zuen» hirira joan, zuen dirua xahutu eta, gutxi balitz bezala, sekulako mesedea egiten dizuegula sinetsarazten dizuegu: «Sari bat, zareten modukoak izateagatik».

8 ordu eta 3 minutu. Ez zarete hain kritiko, hain purista, hain guai? Bada, eman dugu berri ona. Berri Txarrak taldea ekarriko dugu San Mamesera. Orain hil ezazue elkar. Bete itzazue inor gutxik irakurtzen dituen periodiko eta aldizkari ziztrinok elkarri egindako kritikaz. Zuen sorkuntza zaintzeko beharko zenuketen denbora eta energia gasta ezazue sortzaileak egurtzen. Zuek lortu ez duzuen zerbait lortu dugulako zaudete horrela: baldintza duinetan lan egin dezatela.

2 egun 8 ordu eta 3 minutu. Piztu Bilbo, itzali ez dakit zer. Lau katu baino ez zarete. Esan dizuete beste gazte horiek: Bilbo piztuta dago. Hori da gehiengoak pentsatzen duena. Jendea pozik dago. Bilbo hiri bizia da (eta polita), beti dago zerbait. Gainera, MTV ona izango da Bilbo eta Bizkaiarentzat. Lanpostuak sortuko ditu. Zuek, ezetzaren eroaleak. Ikasiko duzue denborarekin zer den ona denontzat. Eta mantrok errepikatuko dituzue, beste guztiek bezala, zuen iritzi propioa dela pentsatuz.

Atzerako kontua. 4: zuen zergak, 3: piperrik aportatzen ez dizuen, 2: baina gutxi batzuk aberastuko dituen, 1: makroebento zelofanezko batean gastatuko ditugu, 0. MTV.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.