Itsasargia

Julen Zelarain Errasti
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez agurrik, gero arte baizik esanez agurtu zintudan orain dela 25 urte. Eta gaurkoan, orduan esandakoa betetzera nator, Matilde, zure oroitzapenak oraindik gure artean jarraitzen baitu.

Nondik hasi ere ez da erraza, gauza asko gertatu eta aldatu baitira gure herrian azken 25 urte hauetan. Garrantzitsuena ETAk bere ibilbideari amaiera emateko hartutako erabaki politikoa izan da, eta, ondorioz, eszenatoki politikoa aldatu da, baina, egia esaten badizut, ez nik nahiko nuen bezainbeste. Ez, amaiera ez da izan guk nahi eta amesten genuen moduan, elkarrizketa eta akordio batzuen ondorio gisa, ETAren aldebakarreko erabaki bat izan da. Estatuen aldetik ez zegoen ez borondaterik, ez eta asmorik mahai baten bueltan jartzeko ere, eta beste bide batzuei ekitea erabaki da.

Harrituta geratuko zara, baita ere, Katalunian gauzak nola dauden azaltzen dizkizudanean. Bai, bai, sekulako krisialdi politikoa sortu dute, erabakitze eskubidearen eta independentziaren aldeko mugimendu politiko ikaragarri bat piztu eta egituratu baitute. Lurrikararen epizentroa urriaren 1ean antolatu zuten galdeketa izan zen. Historiara pasatuko diren irudiak utzi zizkigun. Zure moduko emakumeak ikusi nituen, helduak eta urteen ajeak begi bistakoak izan arren, hori duintasuna eta determinazioa! Inposizioaren aurrean herri iritzia, batzuk borrak eta besteak bozak (Rubalcabari gogoratu behar bozen inguruan egin zigun aipamena)... Gordin-gordin irudikatu zen arazoaren muina. Baina betiko moduan erantzuten jarraitzen dute, eta, egun, Generalitateko presidentea eta beste hainbat herritar atzerrian aurkitzen dira, eta beste batzuk, berriz, preso daude. Egun hauetan hasiko da beraien aurkako epaiketa.

Eta gurean zer? Ba, gure ekarpena orain oso garrantzitsua izan daiteke, estatuko herri guztiak elkarrekin aritzeko garaia aproposa baita. Baina, nire iritziz, herri gisa ez gara neurria ematen ari. Besteei erantzukizunak botatzea ariketa errazegia izan daiteke, baina bai, zuri burura etortzen zaizkizun horiek ez dira asko laguntzen ari. Laburbiltzeko, herri gisa pentsatu eta aritzeko urratsa egitea ez dugula lortu esango dizut.

Eta zertan dira nire bihotzeko errepresaliatuak eta beraien senitartekoak? Estatuekin mahai baten bueltan ez bada, nola zuzendu egoera hau? Galdetuko diozu zeure buruari. Zoritxarrez, gurera bakea ekartzeko ezker abertzaleak berriz ere bere ekarpena egin du, eta gatazkaren ondorio mingarriak gutxitu dira, baino oraindik ere euskal preso politikoek espetxean jarraitzen dute, eta sakabanaketan oinarritutako salbuespen politikak indarrean segitzen du. Egoera hau bukatzeko ahaleginean presoek ere beraien erabakiak hartu dituzte, eta urrats zehatzak egin ere bai. Eta aldaketa txiki batzuk izan badira ere, oraindik oso urruti gaude, eta are ulergaitzagoa egiten da egoera egungo egoeraren barnean.

Sakabanaketa politikak egun ez duela zentzurik Grande-Marlaskak esan berri du, bere garaian borroka antiterroristaren parte zela, baina egoera berriari egokitu beharko dela. Ez da nolanahiko adierazpena: helburu politikoak lortzeko denak balio duela aitortu du. Segur aski, gauza bera esan dezake guda zikinaren edo torturaren inguruan, haiek ere politika beraren beste atal batzuk baitziren. Baina ez zait iruditzen hori esatera ausartuko denik.

Ez dizut gezurrik esango, Matilde, batzuetan egoera etsigarria egiten da, drama ikaragarria baita oraindik ere astebururoume, bikotekide, guraso edo aitona-amonek milaka kilometro egin behar izatea komunikazio sinple bat egiteko, edo gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzen dituztelako, edo 75 urte bete dituztenek ere espetxean jarraitzen dutelako. Eta hauxe ere izango da egungo espetxe politikaren helburuetariko bat, gurean etsipena nagusitzea. Eta, bide batez, eszenatoki berrirantz egin beharrezko ibilbidea oztopatzea, zamatzea eta kontraesanez betetzen saiatzea.

Azkenean, betiko ondorio berera iristen gara: espainiar estatuan ez dago kultur demokratiko nahikorik bizi dugun gatazka politikoari zentzuzko irtenbide bat emateko. Eta, halabeharrez, egoera berriak zabaltzeko eta emaitzak eskuratzeko lana eta konpromisoa izango dira osagai nagusiak, ez da doako oparirik egongo.

Eta halakoetan faltan sumatzen zaituguzaituztegu. Urteen higadura ibileran agerikoak ziren arren, beti hor, beharra non zuek han, nekaezinak. Beti indartsu eta umoretsu, zure aurpegian irribarrea iraunkorki margotua egongo balitz bezala. Heldu edo gazte, guztiontzat zinen atsegina, eredugarria. Ekaitz handienetan ere, itsasargia ez da itzaltzen, bertan jarraitzen du, handi, distiratsu, bere lekukotasuna behin eta berriro zabalduz lau haizeetara.

Orain dela 25 urte preso guztiek ama bat galdu zutela esan nuen, eta gaur berretsi egiten dut. Ibilbide honetan, asko dira joan zaizkigun amak etaitzali zaizkigun itsasargiak: Blanki, Joxepa... Eta zinez faltan sumatzen zaituztedala, sumatzen zaitudala, Matilde.

Horregatik gaurkoan ere «ez adiorik, Matilde, beti gure gogoan» errepikatuko dizut. Muxu handi bat zuretzat eta zu bezalako emakume eta gizon eredugarri bezain maitagarri guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.