Botoa eman nahi dugu berriro

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
1. Hurrengo hauteskundeen aurrean. Esan ote daiteke daramagun hauteskunde-aro luze honetan, oraindik esan ez den zerbait? Ezinezkoa dirudi. Espainiako Parlamenturako bozketak egin ostean, hauteskunde giro itogarri batean murgilduta jarraitzen dugu, non ez den erraza soseguz aztertzea izandako emaitzak eta hurrengoetarako izan dezaketen proiekzioa. Saturazio giro hori komunikabideetatik kalera eta eguneroko bizimodura zabaltzen da, eta asperdura ekartzen du askorentzat.

Esaten da, arrazoi osoz, hauteskundeak aukera bat direla herritarren borondate demokratikoa adierazi dadin. Egia da, baina demokrazia ez da hauteskundeetara mugatzen. Hori baino askoz gehiago da. Guztien artean, gizarte-bizikidetzan nola aurrera egin bilatzea ere bada, iritzi politiko desberdinak izan arren; betiere, guztiei bizitzeko baldintza duinak bermatzen zaizkiela, hala pertsona gisa nola gizarte mailan. Horretarako oinarrizko tresna da konfiantzarik handiena merezi diguten pertsonak eta talde politikoa hautatzea. Askatasunez botoa ematea ez da soilik inork edo ezerk hertsatu gabe bozkatzea, baizik eta zergatik eta zertarako ematen den botoa jakitea eta, horren arabera, ordezkatuko gaituztenak hautatzea. Horregatik dira beharrezkoak kultura politikoa eta herritarren artean bultzatu beharreko jarrera demokratikoa.

2. Beldurraren eta konfrontazioaren diskurtsoa.

Muturrera eramandako diskurtsoak nagusi diren giro honetan, beldurraren eta salaketaren kanpainak hartu dio lekua konponbideak planteatzeari eta etorkizunerako proiektuak proposatzeari. Batzuek diote politika aurrerakoiak nahi dituztela; besteek esaten dute: «guk konponduko ditugu herriaren arazoak». Baina, zer esan nahi du horrek guztiak bizi dugun egoera honetan? Dirudienez, balio duen bakarra da nork irabazten duen lehia, ez herriak zer irabazten edo galtzen duen. Behin eta berriro geratzen da agerian eztabaida publikoetan izaten den maila negargarria: topikoz, salaketaz eta gehiegikeriaz beteta daude, gezurrak edo erdi egiak ez direnean, eta erraietatik jaiotako konfrontazioa hauspotzen dute. Klima horrek larriki hondatzen ditu gizarte-kohesioa eta bizikidetza: zaila izango da gero haiek berreskuratzea. «Irudiaren kulturak» gaina hartzen dio arrazoibideari. Giro horretan, ez da erraza hautespen kontziente eta arduratsu bat egitea; horregatik, batzuetan, bozkatzera joateko gure erabakia fede-aitortza bat egitea bezalatsu da. Botoa emateko eskubidea egikaritzearekin konfiantza bikoitza erakusten dugu: alderdien sistema politikoan eta horiek hautatu dituzten pertsonengan. Norbait hautatzen dugunean, hartaz fidatzen garelako hautatzen dugu; batez ere, proiektuen eta arazoen konponbideen hurbiltasunak zuzenean eragiten digunean.

3. Hauteskundeak eta konfiantza arrazoizkoa.

Oso eskema bakunak ari dira inposatzen: herria edo elitea, aurrerakoia edo atzerakoia, ezkerra edo eskuina, nirekin edo nire aurka... Penagarria eta benetan tristea da ikustea berdin pentsatzen ez duenarenganako gorrotoa, fanatismoa eta mespretxua lekua irabazten ari direla giro politiko eta sozialetan, eskura izaten diren bitarteko mugatuekin aurrera eraman daitezkeen proiektuen eta balizko soluziobideen kaltetan.

Alderdi politiko batzuek eta besteek nork bere eskaintza politikoa bereizi nahi izatea normala da: arazo errealei erantzungo dieten irtenbideak proposatu behar dituzte, dela hitzarmenen bidez edo gabe. Prozesu horretan, arerio politikoa etsai bihurtzen denean, etika politikoaren balioa urratzen da eta kalte larria egiten zaio bizikidetza demokratikoari. Kasu horretan, hauteskundeak ikuskizun soil bihurtzen dira: batzuk «aukera bakar» gisa aurkezten dira, beste batzuk «gizartearen kontzientzia kritiko» edo «etorkizunerako itxaropen bakar» gisa. Eta horrek talde-sentimendua muturrera eramatea eta zentzugabekeriak esatea dakar.

4. Erantzukizun pertsonala eta soziala.

Datozen foru eta udal-hauteskunde hauetan, eguneroko errealitatetik hurbilagokoak izanik, beharrezkoa izango da gure lurralde historikoari buruz ekonomiaren eta gizartearen arloan egiten diren eskaintzei arreta jartzea (langabezia, lan-prekaritatea, soldata duinak, giza balioetan heztea, kanpokoari harrera egitea, gizarteratzea, ondasun erkideekiko eta ingurumenarekiko errespetua...); garrantzizkoa izango da, halaber, herritarrek auzoko edo herriko bizitza sozialean parte hartzea nola bultza daitekeen ikustea ere.

Maiatzaren 26ko hauteskundeak, gabeziak dituen jendea falta ez den arren, egonkortasun sozial eta politikoa nagusi diren testuinguru orokor batean egingo dira, Euskal Herrian, Estatuko hainbat esparrutan eta handik kanpo publikoki aitortu den bezala. Hori guztia hainbat pertsonaren —publikoak edo ez— lanaren eta konpromiso zintzoaren emaitza da. Eta esan behar da pertsona horiek, egoera zailetan, momentuak eskatzen zuen egoerari aurre egiten jakin izan dutela. Justiziazkoa da hori aitortzea.

Egitate horien fede emateak agerira dakarkigu botoaren aurrean hartzen dugun erabakiaren garrantzia, baita gure inplikazio eta konpromiso sozialak duena ere, gizarte zuzenago eta elkartasun handiagoko baten alde. Guztiok baikara gure etorkizunaren erantzule.

Horregatik eman nahi dugu botoa berriro. Gure obligazioa delako herritar gisa. Ondasun erkideari lagundu nahi diogulako iritzi etiko eta errealista batetik. Egia eta koherentzia, justizia eta askatasuna ongien harmonizatuko dituen hautagaitza aukeratu ahal izateko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.