EHU: Euskal Herrian tinko erroturik munduko plazara jalgi

Mila Amurrio, Gabi Elkoroaristizabal
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Mundu mailako izurriteak inoiz bizi izan ez dugun egoera batean utzi gaitu. Herritarrak ezagutza zientifikoari begira jarri gara, zientzialariek ataka latz honetatik aterako gaituztelakoan.

Gure herri zatituan ezagutza zientifikoaren sortzaile nagusi dugu Euskal Herriko Unibertsitatea. Produkzio zientifikoaren zenbakietatik harago, azken hilabeteetan EHUko ikertzaileen ekimenek (berrikuntzak PCR testak egiteko, adibidez) eta agerraldi publikoek hedabide ezberdinetan balio izan dute, instituzio politikoek jarritako oztopoen gainetik, euskal herritarrek unibertsitate publikoarekiko konfiantza areagotzeko. Bistan da XXI. mendeko arrisku berrien aurrean EHUk baduela asko eskaintzeko Euskal Herriko gizarteari.

Gaur dira EHUko errektore berria aukeratzeko hauteskundeak. Inkognitaz beteriko testuinguru bati aurre egin beharko dio unibertsitate publikoak datozen urteetan, alegia, oztopo eta muga asko gainditu beharko ditu: finantzaketa publiko eskasa, oraindik ere aurreko hamarkadaren hasierako neurrietara heltzen ez dena; egungo behin-behinekotasuna gainditzeko enplegu egonkorra eskaintzeko oztopo legal eta ekonomikoak; ikerketa bermatzeko behar beste baliabide ez izatea. Horri gehitu behar zaio Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, baita beste eragile pribatu zenbaitek ere, Bilbon zein Gasteizen bultzatutako unibertsitate pribatuen ugaritzea, geraraztea ezinezko izango dena lege-esparrua aldatu ezean.

Unibertsitatea euskararen lurraldean erroturik nahi dugu, ez soilik EAEra begira dagoena, ezta unean uneko gobernuei men egingo diena ere. Eta bere autonomia defendatuko duena.

Euskal gizarte demokratiko eta aurrerakoiaren beharrak aintzat hartzen dituen unibertsitate publikoa defendatu behar dugu, olatu neoliberal indartsuari aurre egiteko. Eta etxetik bertatik abiatu behar gara: langileen ezegonkortasuna, lan-jardunaren partzialtasuna eta baldintza onartezinak gainditzeko neurriak bultzatuz; gure herriko enpresa txiki-ertain, kooperatiba eta askotariko eragile sozialekiko elkarlana sendotuz; gizarteak eskatzen dituen zerbitzu publikoen inguruko gogoeta eta proposamenak landuz; bakegintza eta elkarbizitza demokratikoa lortzeko bidean, euskal presoak herriratzeko ahaleginetan lagunduz; Euskal Herrian diren unibertsitate publiko guztien zein herri ikuspegia duten gainontzekoekiko lankidetzaren aldeko hautua eginez, horrek gure herriaren egituratzean lagundu dezakeelakoan.

Gure berezko hizkuntza den euskara irakaskuntza-, ikerkuntza- eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin sustapen sendoa egingo duen unibertsitate publikoa nahi dugu, gure egoeratik abiatuta, baina helburu argia izanik: euskara unibertsitate-eremu eta plaza guztietan normaltasunez erabilia izatea.

Euskal gizartearen premiak kontuan hartuko dituen ikerkuntza-lerroak sustatzeko zein nazioartean lehenesten diren ikerketa-ildoak gauzatzeko behar beste giza baliabide zein ekonomiko bermatuko dituen unibertsitatea ezinbestekotzat dugu.

Genero berdintasunean eredugarria izatea, orain arteko egitura ahulak sendotzeko (Berdintasunerako Zuzendaritza, Berdintasunerako Batzordeak zein Hezkidetza Batzordeak), eta egitura horiek askotariko baliabideekin hornitzeko lan egingo duen unibertsitatea sustatu nahi dugu, egiten den lanari eta egiturei ikusgarritasuna bermatuko diena. Eta helburu horiek erdiesteko unibertsitateko bestelako taldeekin (talde feministak, LGTBIak) elkarlanean aritzea ezinbestekotzat joko duen unibertsitate publikoa nahi dugu.

Langileen lan-baldintza egokiak bere baitan bilduko dituen euskal lan-harremanen marko bat lortze aldera arituko den unibertsitatea behar dugu. Ildo horretan, irakasle, ikerlari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean dagoen behin-behinekotasun eta partzialtasun tasa handia nabarmen jaistea, langile guztiok soldata duinak izatea eta EHUn dagoen enplegu mailari eustea bultzatuko duen unibertsitate publikoa defendatuko dugu.

Gradu eta graduondoetara ikasleen sarbide unibertsala bermatzeko, tasak, lehen zein bigarren eta ondorengo matrikulak jaitsiko dituen unibertsitate publikoa izan behar da gurea. Bide batez, inor unibertsitatean ikasteko aukerarik gabe gera ez dadin beken politika egokia bultzatuko duena. Eta noski, ikasleak unibertsitateko eragile aktibotzat hartuak izan eta haiekiko behar den begirunez jokatzea sustatuko duena, jokabide autoritario eta errepresiboak albo batera utziko dituena.

Kudeaketa demokratiko eta parte-hartzailea, gardentasuna, eztabaida zabala eta izpiritu kritikoa ipar izango dituen unibertsitatea behar du izan EHUk. Horretarako, komunitatearen gehiengo demokratikoen eta instituzioaren eginkizunak eta beharraklehenetsiko dituena. Errektorea hautatzeko zein barne-funtzionamendurako araudia egokitzearen eta gaurkotzearen alde arituko dena.

Horrela ulertzen dugu guk bikaintasuneko unibertsitatea. Marraztu dugun unibertsitate-eredua partekatzen duten komunitateko kide euskaltzale eta ezkertiarrak gonbidatzen ditugu datozen urteetan horren alde lan eta borroka egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.