Heriotza, norberarena

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kulturak, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren balioen, sinesmenen, bizitzeko moduen eta tradizio osagaien bitartez, inguratzen gaituenaren zentzu eraikuntzan diharduela esan ohi dugu. Zentzugintza hori, tinkoa izan arren, aldi berean etengabeko aldaketaren mende dagoen eraikuntza ere bada. Egitura/aldaketa bi elementuek bizirik mantentzen dute kultura. Kultura-zaintzaren balioak eta sinesmenak, gizarte-egituraren, hizkuntzaren eta ingurumenaren testuinguruaren alderdi sozial, politiko, kultural, ekonomiko eta historikoetan sustraituta daudela esan genezake.

Horrela da heriotzaren gaiarekin ere. Heriotza gertakari kulturala den heinean, hiltzeko modua/era garaiko testuinguru sozialak baldintzatuko du. Hara nola, gizakiak bizitzan zer egiten duen ulertzea, aldi berean, bere heriotzaren prozesua ulertzea ere izango da. Gaur egun giza zientzien diziplinartekotasunetik ulertzen ari den heriotzaren aztergaiak, garaikidetasunaren hausnarketarako gune gisa balio behar liguke. Heriotzaren gaineko paradigma berriak onartzea, galdera berriak dakarzkigulako. Adibidez: Bizitza al da balio gorena? Ba al du inork bizi nahi ez dugun bizitza bat bizitzera behartzeko eskubide legitimorik? Heriotza, heriotza biologikoaren unean bakarrik ematen al da, edota aurretikoa den prozesu gisa ulertu behar genuke? Hau da, zer da sozialki hilda egotea? Zer da heriotza soziala? Heriotzaren unea edota prozesuak, nahitaez, medikalizatutako prozesua izan behar al du? Osasungintzaren menpekoa izan behar al du? Pandemiaren eraginez bizitako nekropolitikak (heriotzaren gobernua) galdera hauen alderdi ilunena erakutsi digu.

Orotariko ikuspegi batetik, oraindik orain, heriotza prozesu biologiko soiltzat hartzen da, baina ez da gauza bera bizitzea eta bizirik egotea. Agidanez, bizitzea ez da bakarrik gorpu biologikoaren biziraupen soilean tematzea, subjektua bere bizitzaz desjabetuz. Hori gerta aurretik, gure espeziearen ikuspegi soziala azpimarratzea ezinbestekoa da, gizatasuna izaki egiten gaituen ezaugarri nagusia delako, gainerako animalia-espezieetatik desberdintzen gaituena; hots: hizkuntza gaitasunak eta interakzio sozialerako beharrak ezaugarritzen gaituzte. Bada, interakzio sozialaren galera edo desagerpena gertatzen ari denean, banaka aztertu beharreko testuinguru desberdindua sortzen zaigu, inguruabar hori gizatasuna galtzeko prozesu progresibo batean barnera litekeen heinean.

Bizi ditugun gizarte eta kultura-aldaketen ondorioz, hautematen ari diren prozesuek, gizarte-larrialdiko egoeran, aldatu egiten dituzte pertsonen heriotzari buruzko eztabaida eta praktikak. Arrisku bizian egonik edo egon gabe, bizitzaren betetasunean edo gainbeheran, hainbatentzat, bizitzea, gogobetetzea baino gehiago, gozamenik gabeko eta zorionik gabeko praktika mingarria bihur lezake gaixotasunak edo sufrimenduak. Ikuspegi kultural batetik, norbere bizi gobernurako autonomia murrizten duten praktikekin adostasunik eza, edota norberaren bizitza osoa kudeatzeko exijentzia adierazpena (gaitasun betean zein gainbeheran) praktika emergenteak dira. Hara, norbere buruaren kontrola galtzen den unetik aurrera bizitzen jarraitu nahi izateari uko egin ahal izatea.

Esango nuke, gurean, heriotza prozesu gisa sakon aztertu duen Iñaki Olaizola antropologoaren ildotik, heriotza interpretatzeko muturreko bi eredu daudela egungo gizartean. Lehenean, hiltzeko prozesua pertsona beraren bizimoduarekin zerikusirik ez duen zerbait bezala eraikitzen da; eredu tradizionala da, indarrekoa eta zabalduena; pertsona horiek indarreko ordenamendu juridikoaren eta tradizioaren esku uzten dituzte jarraitu beharreko jarraibideak, beste baten heriotza kudeatzen ari direnen aginpideen arabera. Hori da egun nagusitzen den kudeaketa eredua, heriotzak zuzenean eragiten digun arren, norbanakoak ez du ia parte hartzen, ingurukoen esku uzten da. Bigarrenean, heriotzari aurre egiteko beste modu batdago, bizitza amaieraren unea norberaren heriotzaren modura kudeatzeko nahimen eta gogo batetik abiaturik, pertsona bakoitzaren ezaugarri biografikoak kontuan hartzen dira. Hiltzeko eredu biografikoak, alabaina, jokabide-aldaketa dakar. Norbere bizimoldeari lotuago eta norbere biografiarekin koherenteagoa izango den aurretiazko prestaketa eskatzen du (aurretiazko borondateak idaztea, adibidez). Jokabide-aldaketa horiek egun arrakastaz gertatzen ari diren aldaketa kulturalen ispilu dira.

Esandakoa esanguratsua da; izan ere, garaian garaiko balio eta pertsona bakoitzaren balioekin bat datorren aldaketarako joera erakusten baita, heriotzaren eta hiltzeko prozesuaren (hots, norbere heriotzaren prestaketa) izaera kulturala ageri-agerian jarriz. Ondorioz, pertsona guztiok hiltzen ikasteko aukera daukagu. Ongizatearen gizartean ondo bizi baina gaizki eta oso gaizki hil ohi gara; hala dio Olaizolak. Heriotza duin baterako bidean, autonomia gauzatzea ezinbestekoa da, autonomia hori baita bioetikaren lehen printzipioa. Heriotza duin baterako lehen baldintza, nola ez, norbanakoaren autonomia hori errespetatzea izango da. Norbera dadin norbere bizitzaren jabe, baita heriotzan ere. Norbere bizitzaren titularitate osoa izateko erabakimenean datza. Norbanakoaren autonomia giltzarria da, bai bizitzari zentzua ematean, bai lortu nahi den kalitateko heriotza baten ezaugarriak osatzerakoan.

Borondatezko heriotzarako eskubidean eraiki beharreko lege-esparruari buruz hausnartzean, komeni da honezkero honakoa onartzea: egoera jakin batzuetan, heriotza ez da osasun gai bat, eta ez da osasun arloko langileei (medikuei, batik bat) dagokien gai bat. Justiziaren esparruari dagokion gaia baizik; heriotzarako trantze horren igarobidean, batek zer laguntza jaso nahi duen behin adierazi eta, ondoren, medikalizatu gabeko heriotzaren testuinguruan hiltzeko borondatea izan eta gertuko pertsonez inguraturik hiltzeko duen eskubide osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.