urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kaukasoko zauriak

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Kaukaso hegoaldean, Kalbakhar eskualdea Azerbaijanen esku geratuko da gaur, irailaren 27an piztutako gerra amaitzeko sinatutako akordioaren arabera. Gipuzkoaren antzeko azalera daukan eremu menditsua da, Armeniaren eta Karabakh Garaiaren artean. Egunotan lurralde horretako biztanleen irudiak ikusi ditugu: gaurko egunaren aurretik eskualdetik alde egin behar izan duten armeniarrak dira. Euretako hainbat altzari guztiak auto, furgoneta, traktore edo gurdietan batuta joan dira, eta segidan etxeari su eman diote: «Nire eskuz egindako etxea ezin badiet seme-alabei utzi, ez da beste inorentzat izango».

Astearte goizaldean Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak errendizio itxura handia daukan bake akordioaren berri eman zuenetik, ehun ordu izan dituzte doi-doi etxetik alde egiteko. Datozen bi asteetan ituneko beste eskualdeetatik erretiratu beharko dira armeniarrak. Kalbakharko etxe kiskalien irudiak itzelak bezain tristeak dira, baina egiaz ia hutsik dagoen eskualdea da; ehunka biztanle doi-doi azken mende laurdenean. Iragan armeniarra gorabehera, Sobietar Batasunaren amaieran %1 ziren bazterrotako armeniarrak. Karabakh Garaiak Armeniarekin bat egitea eskatzen zuen han bai, biztanleen hiru laurden ziren; hasieran independentzia ere ez: perestroikarekin batera zeuden aldaketekin administrazio aldaketa soila aldarrikatzen zuten. Trebiñu Araban sartzea, aldeak alde.

Baina inperioa hondoratu egin zen, eta gerra gaiztotu. Armeniarrek garaipena lortzeaz bat Azerbaijango estatu sortu berriak ere hondoa jo zuen, harik eta Nakhitxevango enklabean gotortutako azeri zaharrak, garai sobietarreko buru Ilham Aliyevek, Baku hiriburua garaile jo zuen arte. Gerra geldiaraztea lortu zuten, baina armeniarrek herrialdearen bostena beren menpe zeukatela. Hasieran aldarrikatutakoa baino askoz eremu handiagoa zuten kontrolpean, eta eskualdeotako biztanleak miseria gorrian ziren, petrolioak eta gasak geroz eta diru eta distira handiagoa ematen zion Baku hiriburuaren aldirietan.

Zer diren kontuak: Karabakh Garaiko eskualdeetatik kanporatutako asko ez ziren azeri etnikoak, kurduak baino, gehienek hizkuntza galdu eta turkiartasunean asimilatuta egon arren. 1923an Kurdistan Gorria aldarrikatu zuten Armenia eta Karabakh arteko lurraldeetan, eta berriz saiatu ziren duela 30 urte Sobietar Batasuna hondoratu zenean, harik eta gerrak lurraldea eta etxeak kendu zizkien arte. Baku hiriburuan bisitatu nituen haietako batzuk duela lau urte; aldizkari kurdu txiki bat daukate eta ez dakite ondo zelan egokitu nortasuna erabat ezabatzen dien estatu baten. Aurretik egon nintzen Armeniakoekin yezidi kurduekin ere: armeniarren alde egin zuten borroka.

Horrela joan da mende laurdena baino gehiago: armeniarrak garaile baina pobrezia gorrienean, Errusiarekiko erabateko menpekotasunean eta herrialdea bera Karabakheko klanek kontrolatuta. Eta ifrentzua, Azerbaijan, zauria zornatzen: estatu autokratiko gogorra, dolarrekin hiriburua edertu eta armaz hornitzen, baina 1994an ihesi joandako ehunka mila herritarrei konponbiderik eman ezinik.

Kaukasoko herri askorentzat, Moskuk eskualdean daukan proxya dira armeniarrak; iparraldean osetiarren aurka izaten da aurreiritzi bera: herri kaukasoar edo turkiarren ondoan dauden indoeuropar ia bakarrak dira. Baina argi geratu da Moskuren interesak eta armeniarrenak ez zetozela bat. Turkiarenak eta azerbaijandarrenak ez datozen legez, erantsiko nuke, laster jabetuko dira. Detaile txiki bat: bake akordioak Azerbaijanen esku hainbat lurralde uzteaz gain, Karabakh Garaiari korridore berri bat eraikitzea aurreikusten du Armeniarekin lotzeko eta, era berean, beste korridore bat Armeniako lurraldean, lehenago aipatu dugun Nakhitxevango enklabea Azerbaijango gainerako lurraldeetara lotzeko. Ez da detaile hutsala, ez eta Aliyev klanaren apeta hutsa: Istanbuldik Kaspio itsasoko petroliorainoko bidea irekitzen dio Turkiari.

Herritarrik nazionalistenek Erevango eraikin publikoak hartu zituzten astearte goizaldean, parlamentua batez ere. Sei astez gerra irabazten ari zirela zioten gezurren ostean, errealitate gordina sekulako belarrondokoa zen. Erabateko umiliazioa. Frontera zihoazen soldaduek berriz, ezin ulertuarekin batera lasaitua ere erakusten zuten. «Armeniarrek kapitulazioaren edo anikilazioaren artean hautatu beharko dute, erabat asimetrikoa den gerran» idatzi zuen Karlos Zurutuzak Armeniatik. Eta armeniar batek erantzun: «Zeinen aukera gutxi genuen, zeinen erromantikoak ginen Errusiak eta Turkiak gure ordez erabakiak hartu eta NATOk ez ikusi egiten zuen bitartean».

Denborak esango du Recep Tayyip Erdogan garaile eta Errusiaren aliatua galtzaile erakusten duen jokaldi hau norainokoa den. Karabakh Garaiko estatusa konpondu behar da oraindik, eta Azerbaijanek berreskuratutako lurraldeetara inor itzultzekotan, anbizio handiko bizikidetza plana beharko litzateke. Hala balitz, itxaropentsua litzateke elkarren ondoan bizi diren herrientzako. Oraingoz, errendizio kutsuko agiri bat baino ez dago, zauri berriak zornatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.