Ane Santesteban. Bike Exchange taldeko ziklista

«Lasterketak irabaztea falta zait, eta talde aldaketak asko lagunduko dit»

Larunbat honetan abiatuko da World Tourra. Santesteban da bertan ariko den euskal herritar bakarra, Lourdes Oiarbiderekin batera. «Azken koska» igo nahi du aurten.

BIKE EXCHANGE.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Garaipen gosea du Ane Santestebanek (Errenteria, Gipuzkoa, 1990). Porrot egiteko beldurrez, kale egin izan du lasterketak irabazten saiatu denean, eta ez dago konforme: «Azken urteetan pauso bat eman dut aurrera, baina zerbait gehiago falta zait». Bike Exchange taldean saiatuko da hurrengo urratsa egiten, azken urteetan Ale Cipollinin eta WNT Pro Cyclingen bidea egin ondoren. Hori bai, Amanda Sprattentzat lan egingo du Italiako Giroan —aurten World Tourreko egutegitik kanpo gelditu da—, bere helburu pertsonalak alde batera utzita. «Nik bederatzigarren eta zazpigarren egin dut Giroan, baina podiumean sartzea zail ikusten dut. Nahiago dut nire indarrak haren zerbitzura jarri eta Giroa irabazten saiatu».

Strade Bianchen itzuliko zara lehiara. Zer moduzkoa izan da denboraldi-aurrea?

Aurreko denboraldia pentsatzen nuen baino pixka bat lehenago bukatu nuen. Urrian bi astez hartu nuen atseden, eta, geroztik, dena normal joan da, inongo arazorik gabe. Sentsazio nahiko onak izan ditut azkeneko asteetan. Lehenik, Olivan (Herrialde Katalanak) egon nintzen taldearekin, eta, gero, hiru taldekide Sierra Nevadan egon gara altuerako entrenamenduak egiten. Azken astea lasaiago hartu dut, egindako lanaz indarberritzeko eta hura barneratzeko asmoz.

Bike Exchangerekin lehiatuko zara sasoi honetan, azken bi urteetan WNT taldean aritu ondoren. Aldaketa handia da?

Oso handia, eta pozarren nago hartutako erabakiarekin. Lehen momentutik oso gustura sentitu naiz talde berrian. Olivan bi aste eman genituen mutilekin batera, material guztia probatzen eta entrenamendu onak egiten, eta oso ongi hartu ninduten. Hau beste maila bateko talde bat da, antolakuntzari eta materialari dagokionez. Edozer gauza behar dudala edo probatu nahi dudala, beti dut eskura. Gainera, asko motibatzen nau Amanda Spratt, Lucy Kennedyeta halako txirrindulariekin aritzeak. Azken urteetan pauso bat eman dut aurrera, baina zerbait gehiago falta zait. Hau talde aproposa da azken koska igotzeko.

Esan izan duzu Italiako Giroan Sprattentzat egingo duzula lan. Zeure burua jada ez duzu lider gisa ikusten halako lasterketa batean?

Amandak jada erakutsi du zer-nolako maila duen. Podium bat lortua du, eta munduko txapeldunordea izana da. Zintzoa izan behar dut: nik, momentu honetan, ez dut hark duen maila. Nik bederatzigarren eta zazpigarren egin dut Giroan, baina podiumean sartzea zail ikusten dut. Nahiago dut nire indarrak haren zerbitzura jarri eta Giroa irabazten saiatu. Hori bai, etorkizunean lor nezake podiumean sartzeko ametsa. Oraindik urte batzuk gelditzen zaizkit txirrindularitzan, eta ez dut uste ezer ezinezkoa denik.

«Azken koska» igotzeko nahia aipatu duzu lehen. Garaipenez ari zara?

Bai, lasterketak irabaztea da falta zaidana. Azken urteetan gertu ibili naiz: hirugarren izan naiz batzuetan, bigarren beste batzuetan… Baina ez naiz errematatzeko gai izan. Hori lortzeko, asko lagunduko dit talde aldaketak.

Mentalitate kontua da?

Bai. Mentalitatez aldatu behar dut, eta lasterketetara beldurrik gabe joan. Alde horretatik, uste dut lasaitasun handia emango didala ondoan Amanda bezalako txirrindulari bat izateak. Ziur beldur gutxiagorekin lehiatuko naizela, eta besoak altxatzeko aukerak izango ditudala.

Galtzeko beldurraz ari zara?

Segur aski hori da arazoa, bai.

Spratt eta zu hezur eta mami izango zaretela dirudi; dagoeneko hiru aste eman dituzue elkarrekin entrenatzen. Nolakoa da pertsona eta lider gisa?

Desberdina. Ez da ohiko lider bat. Ez zenuke inoiz esango lortu duen guztia lortu duela. Oso lasaia eta apala da, eta oso erraz egiten du berarentzat lan egitea. Norbaiten alde lan egin behar denean, asko eskertzen da pertsona hori atsegina izatea.

Hutsune handia utzi du taldean Annemiek van Vleutenek [Movistarrera joan da]. Sprattek izango du hura ahantzarazteko ardura ala taldekide guztiek?

Talde osoarena izango da ardura. Oso zaila da Annemiek bezalako txirrindulari baten hutsunea betetzea, den-dena irabazi baitu azken urteetan. Taldearen ikurra zen. Orain, indarrak batu beharko ditugu guztion artean. Oso talde ona dugu, eta ilusio handia dugu emaitza onak lortzen jarraitzeko.

Giroa irabazteko helburuaz hitz egin duzu. Hori da talde gisa izango duzuen erronka nagusia?

Amandaren helburu nagusiak Giroa eta Lieja-Bastogne-Lieja dira, eta hor jarriko ditugu indarrak. Liejan bigarren izan zen 2018an, eta irabazi egin nahi du aurten. Bi helburu horiek lortuz gero, denboraldia oso arrakastatsua izango litzateke taldearentzat.

Eta zuk zeuk zer erronka izango dituzu?

Argi utzi didate Ardenetako klasikoetan tartea izango dudala nire aukerak jorratzeko. Euskal Herriko eta Espainiako lasterketetan ere lider moduan arituko naiz:Durangoko Sarian, Eibarko Sari Nagusian, Nafarroako klasikoetan eta Burgosko Itzulian, besteak beste. Asko motibatzen nau taldeak niregan halako konfiantza izatea. Ederra da iritsi berritan ardura handiak izatea. Oso eskerturik nago.

Baduzu Olinpiar Jokoetara joateko itxaropena?

Bai. Bi txartel ditugu, eta oraindik ez dakigu ezer. Baina dena ondo baldin badoa, lor daitekeen zerbait da. Aurreko Olinpiar Jokoekin konparatuta, egoera guztiz ezberdinean nago orain. Riora (Brasil) joan aurretik, Bat Basque Teamen beka eskatu nuen, eta ezezkoa eman zidaten. Ikusten nuen nire txirrindulari ibilbidea bukatzen ari zela, profesionaltasuna lortu ezinik bainenbilen. Dirua behar nuen, azken batean. Riora joatea edo txirrindularitza uztea, hori zen egoera niretzat. Egonkortasun aldetik, oraingo egoera ezin daiteke ordukoarekin alderatu.

Zortzigarren urtea duzu atzerriko talde batean, 2013an Bizkaia Durango utzi zenuenetik. Zer balantze egiten duzu geroztik egin duzun ibilbideaz?

Oso esperientzia aberasgarria izan da atzerrian hainbeste urtez lehiatzea. Italiara Ane Santesteban bat joan zen, eta beste bat itzuli zen. Asko aldatu nintzen pertsonalki. Oso ona da beste hizkuntza eta kultura batzuk ezagutzea. Eta kirolari moduan ere asko hazi naiz.

Arrastoa utzi dizun beste esperientzietako bat, 2017ko istripua izan zen. Kalbarioa bizi izan zenuen, baina ziur irakaspen handiak atera dituzula.

Bai. Martxoaren 16an izan zen, ondo iltzatuta daukat oroimenean. Oso momentu txarrak pasatu nituen istripuaren osteko hilabeteetan. Buruko min handia nuen, eta memoriarekin ere arazoak izan nituen. Ondorioek asko sufriarazi zidaten. Garai haietaz asko oroitzen naiz lasterketetan. Askoz ere balio handiagoa ematen diot orain indar betean lehiatzeari. Akuilu handia izan da nire onena emateko.

Itzuliko zara inoiz etxeko talderen batera?

Hori da nire ametsa. Asko gustatuko litzaidake hemengo talderen batean erretiratzea; posible balitz, Donostiako Klasikoan. Amaiera biribila izango litzateke. Oraindik ez dut erabaki noiz utziko dudan txirrindularitza, uste dudalako momentuan sentitu behar duzun zerbait dela. Baina ez dut uste urte asko falta zaizkidanik erretiroa hartzeko.

Movistar World Tourrean dago. Aukera aproposa izango litzateke?

Ia urtero hitz egin izan dugu, eta kontaktuan jarraitzen dut gaur egun. Hor dagoen aukera bat da. Orain arte ez da posible izan, baina etxean halako talde bat izanda, bueltatu egin ninteke. Zergatik ez?

Movistarrek bezala, World Tour mailako gizonezkoen taldea du Bike Exchangek. Asko nabaritzen da hori?

Bai, aldea oso handia da; adibidez, materialean, azpiegituretan eta kontzentrazioetan. Olivako kontzentrazioan hotel berean izan ginen denok, eta otorduetan bat egin genuen. Oso esperientzia polita izan zen. Strade Bianchen ere hotel berean egongo gara. Ikusten dudana da ez dutela diferentziarik egiten gizonen eta emakumeen artean.

Gaur egungo pandemia egoeran, lasaigarria izango da zuretzat halako proiektu sendo batean lan egitea.

Ez nuen uste halako aukera bat iritsiko zitzaidanik. Konfinatuta ginenean, etorkizuna ez genuen batere garbi ikusten. Ez genekien lasterketarik izango zen ere. Baina azkenean denboraldia lehiatu zen, eta gauza politak egin nituen. Oso ondo sentitu nintzen Nafarroan, Strade Bianchen, Giroan eta Munduko Txapelketan. Pila bat gozatu nuen. Eta, azkenean, sari moduan, eskaintza itzela iritsi zitzaidan. Taldea sendo dago: Gerry Ryan da nagusia, eta beste bi urteko kontratua sinatu du taldearekin. Horrek lasaitasun handia ematen digu.

Zer egoeratan ikusten duzu gaur egun emakumezkoen txirrindularitza?

Lasterketarik garrantzitsuenak aurrera aterako dira, baina World Tourretik kanpo daudenek arazo handiagoak izango dituzte. Bestalde, pena handia da Euskal Herriko Itzuliaren lehen aldia bertan behera gelditu dela. Behintzat, positiboa da Itzulia edo Tourra antolatzeko prestasuna egotea. Azken urteetan hazkunde handia izan dela uste dut. Orain, talde batzuek, Trekek esaterako, gizonen World Tourreko soldata minimoak eskaini dizkiete emakumeei. Eta World Tourreko beste taldeek UCIk jarritako soldata minimoak errespetatzen dituzte. Talde txikiek arazoak izan ditzakete, baina uste dut denon artean emakumeen txirrindularitza profesionalizatzen saiatu behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.