Jon Ander De la Hoz.
Arrauna. Kontxako Bandera. ANTXERRITIK

Trapu bat omen da

2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Itsasoa hitza indartsua da, baina beregan tonu asko biltzen ditu. Askorentzat saminaren sinonimo da, gehiegirentzat agian, baina beste askok poz iturri bezala hartzen du. Izan ogibide duelako, edo jairako arrazoi. Kontxako Banderak hori guztia biltzen du azken batean. Arrauna pasio piztaile denez gero, bandera nagusiak ezin du hortik aparte egon. Jarri pentsatzen une batean. Garaikurra bandera bat da, besteetan bezalaxe, baina sortzen duen irrikak ongi aski laburbiltzen du arrauna zer den.

Badira Kontxan makina bider nagusitutakoak. Askok ez dute sailkatze estropadako langa sekula igaroko. Horretara erabat bilduta dagoenak, ordea, izan dezake aukeraren bat. Horixe etorri zitzaidan gogora igande eguerdian, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Donostian ikusi nuenean.

Orain hamabi urte, artean Mundakako alkatea zela, hark eman zigun herriko bandera. KAE 2 ligan jokatzen genuen orduan. Urruti zegoen Kontxa, eta are urrutiago Getaria.

Urrats hori egin da, ordea, askoren saialdiak kateatuz. Horixe izango da gakoa: saiatzea. Bada ezaugarri bat Kontxa irabazi duten guztien artean errepikatzen dena: «Kostatzen da». Halere, hura aipatu orduko irribarre bat marrazten dute begietan.

Kontxakoa gutxi batzuek marraztu ahal duten irribarrea da, baina benetakoa. Hala esan zidan behin batean jada arraunean ari ez den estropadalari on batek, Donostian bertan: «Bost bider irabazi dut trapua». Trapu horrek sikatzen dituen izerdiak bai benetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.