Ametsari bide emateko

Alaves Celtaren krisialdia baliatzen saiatuko da gaur, Mendizorrotzan. Irabazita, salbazioaren lehiaz ahazteko moduan legoke kasik

Wakaso, baloiarekin, entrenamendu batean, Laguardia eta Burgirekin batera eginiko ariketa batean. D. A. / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Mailari eusteko helburua ahalik eta azkarren bete, eta Europara itzultzeko ametsari heldu nahi dio Alavesek. Seigarren dago oraintxe bertan, eta jaitsiera postuak hamahiru puntura ditu; beraz, oso gutxi falta zaio ikuspegiz aldatu, eta goiko postuen borrokan buru-belarri murgiltzeko. Gaur urrats handia egin dezake Mendizorrotzan, Celtaren aurka. Irabaziz gero, 39 puntu izango lituzke zakuan; hots, ia bermatua izango luke salbazioa.

Arabarrak konfiantzaz beteta iritsiko dira gaurko lehiara, bigarren itzuli hasierako txakalalditik suspertu ostean. Lau puntu batu dituzte azken bi partidetan, Levante eta Betisen aurka, eta, emaitzez harago, ohiko irudi sendo eta fidagarria berreskuratu dute. Bide horri eusten saiatuko dira gaur, behea jota dagoen aurkari baten kontra. Jaitsiera puntu bakarrera dauka Celtak, eta, Getaferen eta Levanteren aurka zazpi gol jaso ostean, baliteke gaurkoa Miguel Cardosoren azken neurketa izatea galiziarren aulkian.

Edonola ere, Alavesek hobe du arretaz jokatu, goi mailako jokalari sorta baitu Celtak. Hala gogorarazi zuen atzo Abelardo Fernandezek: «Dagoen egoeran, oso aurkari arriskutsua da. 24 puntu bakarrik ditu, baina sekulako kalitatea du, eta aurkari gogorra izango da guretzat. Irabazi nahi izanez gero, gure bertsiorik onena eman beharko dugu». Bederen, arabarrek ez dituzte Iago Aspasen deabrukeriak jasan beharko, aurrelaria min hartuta baitago. Kontrara, dagoeneko jokatzeko moduan da Maxi Gomez.

Abelardok Martin Agirregabiria ez beste jokalari guztiak ditu eskuragarri. Arabarren teknikariak hiru erdilariko sistema erabili du azken norgehiagoketan, baina baliteke 4-4-2 marrazkia ezartzea gaur. Hala balitz, hamaikakora itzuliko litzateke Borja Baston, Wakasoren edo Darko Brasanacen ordez. Azken zazpi partidetan golik sartu ez duen Jonathan Calleriren aldamenean jokatuko luke aurrelari espainiarrak.

ALAVES-CELTA

Alaves. Pacheco; Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte; Inui, Pina, Wakaso, Jony; Baston eta Calleri.

Celta. Ruben Blanco; Hugo Mallo, Costas, Araujo, Hoedt, Junca; Okay Yokuslu, Lobotka, Brais Méndez; Boufal eta Maxi Gomez.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Mendizorrotza (19.810 ik.).

Ordua. 18:30 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.