Parke prezintatuak eta umeen ongizatea

Ainara Aranberri
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hainbat erakunde, hainbat aditu, hainbat agintari, eta neurri desberdin ugari. Umeak. Ume guztiek dute osasunerako, hezkuntzarako eta babeserako eskubidea (Haurren Eskubideen Adierazpena, 1959, Nazio Batuen Erakundea). Eta zer da osasuna? Gaixo ez egotearekin bat, hiru erpinez osatutako ongizatea da: ongizate psikologikoa, soziala eta fisikoa (OME Osasunaren Mundu Erakundea). Hortaz: ongizate psikologikoak berebiziko garrantzia du eta izan beharko luke eremu publikoan ere. Argi izan dezagun: ongizate psikologikoa osasunaren hiru euskarrietako bat da.

Maslowek bere piramidean agerian utzi zigun ongizate psikologikoa ongizate fisikora baldintzatua zegoela, hau da: gizakiok ez baditugu gure behar fisiologikoak asebetetzen ezingo gara psikologikoki ondo garatu. Hortaz, ongizate fisikoaz ere arduratu behar gara.

Eta pandemia egoeran egonda, osasun fisikoaren zaintzaren garrantzia eguneroko errealitatea da. Adituen arabera, umeen kutsatze tasa, gutxi gorabehera, kutsatu guztien %1-2 da (Buonsenso et al., 2020; Li et al., 2020). Are gehiago, nahiz eta datuak falta, aditu batzuen arabera, kutsatze katea eteten omen dute umeek.

Atal honetako izenburuari eutsiz, umeen ongizaterako, umeen garapen integralerako berebiziko garrantzia du jolasak (Howards et al., 2017). Jolasaren bidez umeak bere gaitasun kognitibo eta emozionalak garatzen ditu. Jolasa librea denean umeek irudimena erabiltzen dute, errealitateak baldintzatzen duen araurik ez egoteak gustuko dituzten errealitateak eraikitzeko gaitasuna eta bidea —eta hauetaz gozatzeko aukera izatea— ahalbideratzen duelako. Hau da: partxisean, adibidez,arauak daude eta horien arabera jokatu behar dute. Aldiz, parkean iratxoz eta ipotxez sortutako mundu magikorako pasabide bihurtu daiteke txirrista; edota ziburuak lainoetaraino iristeko makina hegalari magikoak izan litezke; edota tirolina krokodiloetatik ihes egiteko Indiana Jonesen liana bihurtzen dute… Ume garaian, norbanakoen buruan edota taldetxoen buruetan dauden istorio magikoak egia bihurtzeko eszenatokiak dira parkeak. Parkeak ere gizarteratzeko leku magikoak dira. Nolatan bestela ahalko dute ba 6 urteko bost umek krokodriloetatik ihes egin tirolinaren bidez?

Umeek, eskolak bukatzen dituztenean, Olentzero aipatzen duten ilusio berberarekin eskatzen diete beraien ama, aita, amama, aitona edo zaintzaileei parkera joateko. Horrela, ba, eskolak bukatu eta ikastetxetik irtetean meriendarekin bat honako esaldiak besterik ez dira entzuten eskola atarietan: «parke, amatxo, parke»; «parkeraaa…».

Eskaria erraz uler daiteke; bai, nagusitan eguneko lanaldia bukatu eta batzuk kirol taldean kirol egitera doazen bezala, edota lagunekin tabernan elkartzen diren bezala. Bai, eguneko jardunaldia/lanaldia eta gero, gure aisiaz era osasuntsuan bizipoza sentitzeko helburuarekin, alegia. Ba, umeak parkean, berdin.

Adituek pandemia bitarte eta osteko estresa, antsietatea eta hainbat nahaste psikiatriko aurreikusi eta ikusten dituzte. Umeek talde kaltebera osatzen dute, eta horiengan nahaste horien ondorioak epe oso luzerako izanen dira. Hori hori guztia argitzeko helburuarekin, pandemia garaian ongizate psikologikoaren eta estresaren eta antsietatearen inguruan eginiko ikerketak aztertu zituzten (Marques et al., 2020). Eta eginiko lanaren arabera hurrengoa ondorioztatu zuten: umeak pandemia egoeran estresa eta antsietatea bereziki pairatzen dutelako, babes berezia eman beharko zaie, ahalik eta estres eta antsietate gutxien izan dezaten, orainean eta iraganean, noski, eta bide batez horrek sortuko dizkien nahasteak ekiditeko. Eta Ongi Izateko gizartean nori dagokio ba, gizarteaz gain, umeei dagokien babesa ematea eta berain osasun integrala bermatzea? Eremu publikoari, bai.

Eta eremu publikoak parkeak itxi ditu.Gurean gutxi, baina egon badaude herri gutxi batzuk non ez Indiana Jonesen lianarik, ez lainoetarako hegazkinak ziren zibururik, ezer ez dagoen. Bai, zeozer badago: itxita daude. Prezintatze hori ez da onargarria eta, nahiz eta legean aditua ez izan, araudi orokorrei eta etikari eutsiz, pentsatu nahi dut legez ez dugula zertan onartu umeenbeharrik gabeko sufrimendu hau, eta ez onartzeaz gain gizarte bezala desegokia den neurriaren desegokitasunaz jabetuko garela eta berriro irekiko dituztela hain beharrezkoak diren parkeak. Bestela akabo, lege munduan sartu behar.

Arren kontuan izan parkeak ixtean haurren harremantzeko gaitasuna prezintatzen duzuela, beraien irudimenaprezintatzen duzuela, gauza gehiegi prezintatzen direla… Eta ez, neurri hauek ez daude zientzian oinarrituta: umeen ez kutsakortasunaren inguruan era zorrotzean aritu garelako jada, eta kanpo espazioak kutsagarritasun gutxiko lekuak direla zientziak ozen esaten duelako ere.

Ez al da ba gizartearen helburua eta betebeharra umeen osasuna bermatzeaz gain hauei babesa ematea? Mesedez, izan gaitezen zentzudunak eta erraztu dezagun gure umeen loratzea. Gainera, kontuan izan loratuko diren umeak direla guri egoki zimurtzen lagunduko digutenak. Ibili gaitezen tentuz.

Gora bihotzak, gora umeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.