Toki Alai ikastetxea: utzikeria baten kronika

Nerea IƱarra
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Irailaren 7an, ikasturtea hasteko aldez aurreko bilerarik egin gabe, Irungo Toki Alai ikastetxeko irakasleengandik lehenengo jakinarazpena jaso genuen. Bertan, ikastetxearen ezaugarriak eta neurriak kontuan hartuta, Hezkuntzak emandako protokoloetan ezarritako neurriak betetzeko aukerarik ez zegoela adierazi ziguten.

Egoera horrek gurasoen alarmak piztu zituen. Guraso Elkarteak zentroa ikuskatzea eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako segurtasun- eta prebentzio-neurriak zenbateraino betetzen diren ziurtatzea erabaki zuen. Ikuskapen hori eta haren ondorioak irailaren 14an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzari bidalitako idazki batean jaso ziren.

Uste genuen ikastetxea ez zegoela ikasturtea berme guztiekin hasteko moduan, eta, hala ere, ikasturtea hasi zen, kosta ahala kosta.

Ikastetxeko zuzendaritza-taldea eta guraso-talde bat lanean hasi ginen, lehen bi zikloetako ikasleen baldintzak hobetzea ahalbidetuko zuen irtenbide alternatibo bat bilatzen saiatzeko. Ziklo horietan, haurrak 25 ikasleko taldeetan pilatuta zeuden (eta gaur egun daude), 35-38 metro koadroko geletan. Egoera horrekin, zuzendaritzak eta batzorde pedagogikoak espazio arazoak zituzten lehen bi zikloetako ikasgelak zabaldu eta bikoiztea pentsatu zuten, ikasgela bakoitzeko ikasle-ratioa %50era jaitsi ahal izateko, burbuilak gordetzeko aukerari eutsiz, haur taldeak ikaskideekin errotuta mantenduz, eta tutorearen erreferentziari eutsiz, bi gela-erdi sortuz burbuila bakoitzean.

Horretarako, beharrezkoa zen ikasgeletarako espazio berriak kokatzea (ze azaldutako mugimenduak 5. eta 6. mailako ikasle handienak espazio berrietan kokatzea eskatzen baitzuen) eta talde gazteenen banaketa eta handienen mugimendu horiek ikastetxe, klaustro, ikasle eta familientzako antolaketa, pedagogia eta hezkuntza-berme nahikoekin egin ahal izatea.

Irungo Udalak zenbait udal-espazio eskaini zituen, baina horiek, argi eta garbi, ez ziren nahikoak beren ezaugarriengatik, funtzionaltasunagatik eta batez ere kokapenagatik (ikastetxeko lehen hezkuntzako eraikinetik ia hiru kilometrora).

Hala ere, hezkuntza-komunitateak irtenbide bat bilatu nahi zuen, behin-behinekoa izan arren, espazio berriak Sius ikastetxetik gertu ezartzeko aukera emango zuena. Horrela, guraso-talde bat harremanetan jarri zen espazio aurrefabrikatuak alokatu eta muntatzeko enpresa batekin, eta ikastetxeko zuzendaritzak agindutako 5. eta 6. mailako ikasleak jasotzeko beharrezko sei gelak instalatzeko proposamena egin zuen, udalaren lorezaintza-eremuko haztegietarako udal-eremuan, ikastetxearen sarreraren ondo-ondoan.

Eraikuntza-irtenbide horrek, tutoreen kopurua handitzearekin batera, gaur egungo 2020-2021 ikasturterako behintzat Lehen Hezkuntzako lehen bi zikloetako haurrek bizi duten pilaketa-egoera konpon lezake.

Igorritako lehen proposamenak ezezko erantzuna jaso zuen Hezkuntza Saileko arduradunen eskutik. Ezezko honen oinarrian jakinarazi zutenez, salneurriak, sei gela aurrefabrikatuen muntaketa eta alokairuen lanen kontratazioa azkar eta urgentziaz egin ahal izateko kontratu txiki baten esleipena lortzeko gehiegizko zenbatekoa gainditzen zuela omen zen.

Hezkuntzak, bere aldetik, onartzen zuen lau gela aurrefabrikatuen muntaketa egitea. Eta, edonola ere, ikasgelen muntaketa abenduko lehen astera arte gutxienez atzeratuko zela.

Erantzuna jasotzerako ere, udalak adierazi zigun ikastetxe ondoan kokatutako haztegiaren espazioa behin-behineko ikasgelak ezartzeko erabiltzeko ezintasuna ere.

Ikastetxeko zuzendaritzak orduan berrazterketa bat egin ondoren kontraproposamena aurkeztu zuen, Hezkuntzatik eskainitako lau gela horiek ikastetxeko beste bi gela gehiagorekin gehituaz (musika eta informatika gelen erabilerari uko eginez). Halaber, proposamen hori hasierakoan eskatzen zen irakaslegoaren hazkunde berberaz lagunduta joan beharko litzateke, gelak behar bezala bikoiztu nahi badira.

Bigarren proposamen hau berriro ere atzera bota zen, eta azkenik bere aldetik egindako azken proposamena aurrekoan egindako berdina zen, hau da: eskolako patioan lau gela aurrefabrikatu ezarri eta horietarako bost irakasle gehiago kontratatzea (zuzendaritzak eskatu baino 1,5 irakasle gutxiago).

Onartzekotan, hurrengo egoera bortxatu beharko genuke ikasturte erdian: oraingo taldeen zatiketa egin maila bakoitzeko gela bakoitzetik(1. mailatik 4. mailara) sei haur atera ikasgela bakoitzean laugarren ikasgela hori osatu ahal izateko, tutore berri baten kontratazioa gehituz. Honek gure seme-alabetan neurrigabeko nahasmendu emozional, pedagogiko eta psikologikoa suposatzen du. Ikasturte erdian ikaskide berriak, tutore berria, egoera berrirako adaptazioa... Eta hau guztia eskola osoko kolektibo zaurgarrienarentzat, 6-10 urte bitarteko haurrentzat.

Egoera guztiz babesgabe batean ikusten dugu geure burua, azpiegitura guztiz zaharkitua duen ikastetxe batean. Gure seme-alabak zenbakitzat jotzen dituzten ustean gaude, bulego batean kalkulatutako ratio eta batez besteko batzuen kopuru soiltzat. Eta inondik inora ez dituztela pertsonak diren bezala kontuan hartzen, beren sentsibilitate, zaurgarritasun eta behar bereziekin. Argi utzi nahi dugu ez dugula gure seme-alabak horrela tratatzea onartuko.

Eskatzen dugun gauza bakarra, arduradun publikoen eskutik, bakoitzaren eskumenen esparruan (Irungo Udala eta Eusko Jaurlaritza), gure beharretara egokitutako erantzun eta tratu duinak izatea da. Gure seme-alabek ikasturte hau segurtasun eta pedagogia berme handienekin aurrera eramatea lor dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.