Ustelkeriaren itzalpe ilunean, argi printz bila

Presidentetzarako bozak dituzte gaur Errumanian.

Azken inkestetan, Victor Ponta lehen ministroak aurrea hartu dio Klaus Iohannis hautagai liberalari
Ponta sozialdemokrataren aldeko afixak, Bukaresten; Iohannis liberalaren aldeko pare bat ere ageri dira tartean.
Ponta sozialdemokrataren aldeko afixak, Bukaresten; Iohannis liberalaren aldeko pare bat ere ageri dira tartean. R. G. / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko azaroak 2
Ustelkeria salaketek zipriztinduta eta ekonomia gaiak erdigunean jarrita egingo dituzte gaur presidentetzarako bozak Errumanian. Inkestek aurrez aurrekora mugatu dute lehia, eta profil aski desberdindun bi hautagai jo dituzte hauteskundeak irabazteko faboritotzat. Batak oratoria trebe, ausart eta berritua darabil; PSD Alderdi Sozialdemokrataren hautagaia eta egungo lehen ministroa da: Victor Ponta. Besteak, berriz, diskurtso tradizionalagoa du, lasaiagoa, elkarbizitzan oinarritua, eskandaluak itzali zalea. PNL Alderdi Nazional Liberaleko hautagaia izateaz gain, Sibiuko alkatea ere bada: Klaus Iohannis. Inkesten arabera, Ponta da garaipena eskuratzeko faboritoa: botoen %40 eskuratu eta hamar punturen aldea aterako lioke Iohannisi (%30). Nolanahi ere, inkesten arabera, ez luke lortuko presidente izateko behar besteko gehiengoa (botoen %50etik gora). Horrenbestez, bigarren itzulia espero da bi aste barru; hilaren 16an.

Hamar urteren eta bi agintaldiren ostean utziko du kargua Errumaniako presidente Trian Basescuk. Garai latzen lekuko izan da: bera zen presidente, esate baterako, herrialdeko ekonomiak hondoa jo zuenean; baita duela bi urte suspertzeari ekin zionean ere. Tarte horretan emandako aurrerapausoek segida izan dezatela eta euroguneko «atzeraldiaren» eragin ñimiñoenari ateak ixteko «premia» dagoela nabarmendu du aspaldion.

Urak, ordea, ez ditu bare lagako gobernu barruan. Ponta eduki du lehen ministro gisa azken bi urteotan —PDL Alderdi Demokrataren eta PSDren arteko aliantzari esker—, eta begi bistan geratu dira harremanaren hausturak. Basescuk lehen ministroaren kontra egin du kanpainan; fiskal lanetan aritu zenean zerbitzu sekretuen menpeko izatea leporatu dio. Ponta, baina, ez da hain oldarkor mintzatu Basescuren ez haren arerioen aurka.

Presidente eta lehen ministroaren arteko harremana, oro har, gaiztotua egon da agintaldi hasieratik. 2012an lehen ministro izendatu berritan, konstituzioa urratzea egotzi zion Pontak presidenteari; erreferendum baten bidez kargutik kentzen ahalegindu zen. EB Europako Batasunaren kezka piztu zuen jarrera horrek. Oraingoan, Errumaniarrak izateaz harro lelopean, Pontak lau haizeetara hauspotu du mezu nazionalistaren aldarria. Sektore konkretu batzuengan ipini du arreta PSDko buruak. Elizetan, adibidez, mitin franko egin ditu, ortodoxoen botoak eskuratzeko; gehiengoa dira.

Egungo lehen ministroak gertu-gertutik bizi izan ditu ustelkeria kasuak. Errumaniako Auzitegi Gorenean aritu zen ustelkeriaren aurkako fiskal gisa 2001. urtean.

Boz kanpainan ere ez ditu salbu utzi ustelkeriarekin loturiko kontuak. Alderdi barruan bertan, kasurako, kasu batzuei aurre egin behar izan die. Baina ez da kikildu. Zorrotz erantzun du: haren aitaginarreba, kanpainako zuzendaria eta zenbait laguntzaile kaleratu ditu. Ustelkeriaren kontrako fiskaltzak «botere gehiegikeria» leporatu die, haienak ez ziren ondasunak legez at eskuratzearren.

Ez da mutu geratu, edonola ere. Ustelkeria kasuak PNL Iohannisen indar politikoa «ahultzeko» ere baliatu ditu maiz Ponteren alderdiak. Sibiun, hain justu alkate den hirian, sei etxebizitza izatea egotzi dio Iohannisi. Duela gutxi argitara atera da, orobat, Justiziak erabakitzeke duela kargu publikoetan jarduteko aukera kentzea Iohannisi, aldi berean izateagatik hiriko urak kudeatzen dituen enpresako presidente eta hiriko alkate. Presidentetzara iristea galaraziko lioke kontrako epai batek.

PNLko hautagaiak muzin egin die akusazioei, eta «tentuz» aritu da, berba bat bestea baino ozenago esan gabe. Pontarekin zenbait tirabira izan baditu ere —Pontak uko egin zion 2012. urtean Iohannis lehen ministrorde izendatzeari—, zuhur aritu da kanpainan, «heldutasuna» erakusteko.

Iohannis errespetuz mintzo da aurkariaz. Ekonomia gaietan jarri du arreta. Esportazioak bultzatu baino gehiago, herrialde barruko inbertsioen alde egin du, azken bi urteotako hazkundeari eutsi ahal izateko. Errumania da Europako Batasuneko herrialde txiroenen artean bigarrena. Hala ere, hazkunde betean da, eta aurten ekonomia %2,8 haztea espero da.

Pontak, hain zuzen, urteotako «lorpen ekonomikoak» dauzka alde, eta herrialdea «biziberritzeko» asmo du. Horretarako, orain arte emaitzak eman dizkion «karisma propioari» eutsi dio presidentetzara ailegatzeko. Kanpainak, baina, ez du aparteko interesa piztu gizartean, proposamen zehatzik ezak eraginik. Inkestek diote azken astera arte «zalantzati» egon direla herritarren %40.

Inoizko presidente gazteena

Bozetan nagusituz gero, Errumaniako presidente gazteena bilakatuko litzateke Ponta —42 urte ditu, Iohannisik baino 13 gutxiago—, eta dimisioa eman beharko luke lehen ministro kargutik. Hauteskundeak irabazten ez baditu, ostera, karguan jarraituko du.

Ponta eta Iohannis bakarrik ez; beste hamabi hautagai ere aurkeztu dira presidentetzarako bozetara. Inkesten arabera, PDL Alderdi Demokratako hautagai Elena Udreak lor ditzake botoen %8. Hirugarren indarra izango litzateke. Udrea ere hainbat ustelkeria kasutan nahasita dago, diru publikoaren «erabilera bidegabea» dela eta; Basescu presidentearen hautagai kutuna da. Ondoren geratuko litzateke Calis Popescu Tariceanu (lehen ministroa 2004tik 2008ra), botoen %6 erdietsita. Hemezortzi milioi errumaniar daude deituta gaurko, botoa ematera. %60ko parte hartzea espero da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna