Osaben markak gaindituz

Bosgarren urtez jarraian, lau eta erdiko finala jokatuko du Jokin Altunak datorren igandean, eta historian lehen pilotaria izango da hori lortuko duena. Familian jada gaizki ohitzen ari direla aitortu dute Imanol eta Garikoitz Altunak: Jokinen osabak dira, eta erremontista ohiak. Final zaila bezain garrantzitsua aurreikusten dute.

Jokin Altuna pilota bat jasotzen txapelketa honetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon eskudero
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Amaren sabelean bizitza sortu zitzaionetik ederki asko ikasi zuen Jokin Altunak nolakoa zen pilotaren hotsa. Zer erremedio, etxean ez baitzuen besterik. Besteak beste, amaren bi anaia profesional mailan aritu ziren erremontean urte luzez: Imanol eta Garikoitz Altuna (Amezketa, Gipuzkoa). Bestela esanda, Altuna I.a eta Altuna II.a. Binakako txapeldun izan zen Imanol 2003an, eta zazpi bider txapeldunorde. Garikoitzek, bestalde, bitan irabazi zuen binakakoa: 1997an eta 2000. urtean. Urteak dira erretiratu zirela, baina gertutik erreparatzen diote orain ilobaren ibiliari. Erremontea ez ezik, esku-huska ere oso maitea izan baitute beti etxean. Txikitatik pilotarako dohain ikaragarriak sumatzen zizkioten ilobari, «normalitatetik haratago» zihoazenak, baina ez zuten askorik usteko marka guztiak hautsiko zituenik. «Erremonteko Ezkurra bihurtzen ari da», adierazi du Imanolek. Dena den, igandeko finalak aparteko garrantzia duela iritzi diote, azken hiru txapelek ihes egin ondoren, iloba txapel baten premian sumatzen baitute.

Ezbairik gabe, pilotarako jaioa da Altuna III.a. «Ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat pilota jaialdi irentsi ote dituen! Bai telebistaz, bai eta zuzenean ere», dio Garikoitzek. «Pentsa, guk Galarretan jokatzen genuenean gurekin etortzen zen autoan, poltsiko banatan ogitartekoa eta pilota zituela. Isil-isilik egiten zuen bidaia, baina hitz egiten genuen guztia ulertzen zuen. Oraindik zortzi bat urte soilik izanda ere, azkar antzematen zion nolako partida izan genezakeen: irabaztekoa edo lan egin beharrekoa. Kontrario denak ezagutzen zituen». Detaile oro kontuan hartzen zituela oroitzen du Imanolek. «Harmailetan aitonarekin egon ohi zen, partidei oso adi. Amarekin ere bai askotan. Afizio ikaragarria zuen, eta ordu asko eta asko sartutakoa da pilotalekuetan. Gustatu egiten zitzaion kirola, ez pilota bakarrik. Edozein kiroletan ongi moldatzeko gaitasuna zuen, koordinatua zelako».

Berea pilota zuen, ordea. Esku-huskaz ez ezik, erremontean ere aritu zen. Imanolek ongi gogoan du. «Zesta bat eman genion egunen batean edo beste, eta bere probaldiak egin zituen. Arratsalde batean, erremontean ari zela, pilota uste baino azkarrago etorri, eta buruan kaskarreko bat eman zion. Minduta azaldu zen etxera». Eskuak gehiago erakartzen zuen. «Garbi ikusten zen dohain berezia zuela eskuz jokatzeko. Gainerako pilotarietatik berezia zen, bazeukan zerbait inork ez zeukana. 16 bat urterekin ere bizi ateratzen zitzaion pilota eskutik, nahiz eta kilotan eskasa egon», dio Imanolek. Hain zuzen, horrek eragiten zuen familian zalantza gehien, ea profesionaletan aritzeko behar bezainbesteko gorputza hartuko ote zuen. «Argazki gehienetan txikiena bera izaten zen, eta galdera berbera sarritan egiten genion geure buruari. Gaur egun goi mailako kirolaria izateko gorputz indartsua behar da, eta iloba iritsi da maila horretara. Gaitasun bereziak izanagatik, sakrifizioa eta lanari esker dago onenen artean», adierazi du Garikoitzek.

Premia

Izan ere, Altuna III.a zerbait bada, «zintzoa eta langilea» da, osaben esanetan. «Zailena ez da profesionaletara iristea, bertan mantentzea baizik. Debuta egin zuenetik goranzko joeran murgilduta dago, eta jada gaizki ohitzen ari gara. Bi osabon artean final batzuk baditugu jokatuak erremontean, baina gure markak eta gainerako guztienak hausten ari da iloba», aitortu du Imanolek. Izan ere, historian estreinakoz, lehen pilotaria izango da lau eta erdiko final bat bosgarrenez jarraian jokatuko duena. «Sekulako markak jartzen ari da. Jada normaltzat jotzen dugu final baterako sailkatzea, baina ez da batere erraza. Goi mailan aritu garenok ondo baino hobeto dakigu hori», nabarmendu du Garikoitzek. Sekretua lana da, Imanolen esanetan. «Ikusi egin behar da nola zaintzen den. Egunero entrenatzen du, eta elikadurari ere erreparo handia jartzen dio. Gure garaian ez zegoen horrelakorik».

Garaian garaikoak agintzen du, eta, igandeko finalari begira, ilobak txapelaren premia izan dezakeela aitortu dute bi osabek. Batez ere, buruz buruko finala galdu izanak eman zion kolpeagatik. Eurentzat ere mingarria izan zela adierazi du Imanolek. «Partida hura telebistaz ikusi beharra tristea izan zen, eta iloba negarrez ikustea are tristeagoa gertatu zitzaigun. Familiarentzat ahazteko irudi bat izan zen. Ezustean harrapatu gintuen haren jokabideak. Galtze txarra daukala bagenekien, baina jasotako kolpea espero baino askoz handiagoa izan zen». Zergatik, ordea? «Auskalo. Aurkari berria zuen, Jaka ez baitzen aurrez sekula final batean aritua, eta akaso esperoko zuen irabaz zezakeela. Kirolari batek bere momentu pertsonalak ere izaten ditu, eta dena hartu behar da kontuan. Halako kolpeek are handiago bihurtzen dute txapeldun bat», adierazi du Garikoitzek.

Dena den, azken hiru finalak jarraian galdu ditu Altuna III.ak: buruz burukoa bata eta lau eta erdikoak beste biak. Horregatik, txapel batek «mesede galanta» egingo liokeela uste du Imanolek. «Garrantzitsuena finaletan egotea da, hori izaten baita seinalerik onena. Halere, badakigu irabazteak balio izaten duela. Galtzailearekin inor ez da akordatzen. Alde horretatik, garrantzi berezia dauka igandeko partidak. Bere lehen finala izango balitz bezala bizi dugu, urduritasunez. Berriro galtzea tristea izango litzateke». Besteak beste, berriz ere zulotik atera beharra esan nahiko bailuke harentzat. «Banakako finala galdu ondotik lur jota egon da, ilusioa berreskuratu ezinda, eta hori ez dugu nahi. Meritu galanta izan du halako kolpea jaso, eta hain denbora gutxian berriro final batean sartzea. Ea oraingo honetan zortea duen».

Hala ere, Altuna III.a emaitzen gainetik dagoela dio Garikoitzek. «Guk esaten diogu lasai egoteko, finaletan baldin badago emaitzak iritsiko zaizkiola. Garrantzia kentzen diogu jokatu behar duen partidari, haren lasaitasuna lortu asmoz. Ordea, gauza bat izaten da esatea eta bestea bizitzea. Uste dut titulu batek sekulako poza eta lasaitua emango liokeela. Hori bai, txapelez haratago, egiten ari den bidea da baloratzen duguna. Onenen artean ari da urte guztian, maila onean gainera, eta horrek balio du». Horretan ados dago Imanol. «Jada Olaizola II.aren eta Irujoren pare ikusten dut, daukan erregulartasunaregatik. Gainera, badauka karisma bat dendan saltzen ez dutena, eta oso pilotari maitatua da pilotazaleen artean».

Igandera begira, faboritorik ez dute ikusten Imanolek eta Garikoitzek. Anaietan zaharrenaren ustez, norgehiagoa estua izango da. «Galdera ikur asko ditut buruan. Buruz buruko finalean iloba jotzen nuen faborito, artean Jakak ez baitzuen esperientziarik halako egun handietan. Dena den, erakutsi zuen zertarako gai den. Zur eta lur utzi nau aspaldian haren jokoak». Garikoitz ere harrituta dago Jakarekin. «Aukeran harrapatzen dituen pilotakada guztiak bukatzen ditu, eta ez edonola. Ondo merezita dauka lortzen ari den guztia, inork ez dio ezer oparitu. Ikusi beharko da nork hartzen duen jokoaren ekimena. Oso neurketa polita izango da». Eurentzat onena beti etxekoa izango dela adierazi dute bi osabek. «Gure seme-alabentzat ispilu da Jokin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.