Donostiako Nazioarteko. 65. Zinemaldia. Iigo Garcia. Zinemagilea

«Oso aske egin nahi nuen pelikula»

Bere lehen film luzea egin eta estreinatu du Garciak, 'Bi txirula', Zinemaldiko Zinemira sailean: leku hobe baten bila Jonek eta Ikerrek hasitako bidaia du ardatz lanak
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta

2017ko irailak 23
Kamerekin lan egitera ohituta dago Iñigo Garcia (Zumaia, Gipuzkoa, 1976), ez hainbeste haien ehizagai izatera. Izan ere, hainbat film labur egindakoa da —2003koa du lehenengoa, La caja de la persiana, eta 2014koa azkena, Big Boy dokumentala—, baina zinema ez du bizibide: arkitektoa da Garcia. Donostiako Zinemaldian estreinatu du Bi txirula pelikula, eta badaki asko dela hori: «Okerrago izan zitekeen: ahaztuta gelditu zitekeen betirako». Pelikula «berezia» izanik, izango duen harrerak kezkatzen du.

Zer moduz sentitu zara lehenengo film luzea egiten?

Film laburren aldean, esango nuke krisi handirik ez dudala izan prozesuan. Horien kasuan, gertatu izan zait grabatu eta gero muntaketan gustura ez geratzea eta dena aldatzea: honekin, nahiko zuzen joan da dena. Film luzea da eta, noski, prozesua bikoiztu edo hirukoiztu egiten da, ordu gehiago grabatzen, muntatzen... Egun batzuetan, hobeto sentitzen zara eta, beste batzuetan, galdetzen duzu: «Zer egin dut?»; baina gustura nago orokorrean.

Jon eta Iker ihesean ikusten ditugu, baina testuinguruaren datu gehiegirik ez duzu eman. Zergatik?

Gustatzen zait ikuslea egoera horretan jartzea. Pelikulan ematen dira klabe txikiak: kasu honetan, ihesaren arrazoia bera-edo ez zait asko inporta. Eta ez dut azaldu nahi, gainera: zerbait bai, daturen bat eman behar dudalako —badago nahi bat leku hobeago batera joateko, badago horretara bultzatzen dituen zerbait...—. Baina berdin zait: jendeak ulertuko du hor zerbait badagoela, pertsonaiek ere euren barne konfliktoren bat badutela ihes egiteko, eta abar. Zenbait gauza garatu ditut gidoian edo grabazioan, baina gero muntaketan ez sartzea erabaki dut ez zidatelako ezer aportatzen, eta gehiago gustatzen zait ikusleek ondorioztatzea gauzak.

Era berean, emaitzan bainoago, prozesuan jarri duzu arreta.

Izatez, bidaiaren bukaera filmatuta neukan, baina muntatzerakoan konturatu nintzen ezetz, horren aurreko eszenan bukatu behar zuela pelikulak. Hasi ere halaxe hasten da, jada bidea hasia dutela.

Jon ziur dago helmugan topatuko dutena hobea izango dela, eta Iker eszeptikoago ageri da. Ihes egitearen aldeko eta kontrako argudioak gorpuzten dituzte batak eta besteak?

Pelikulan erakutsi bezalakoak dira Jon eta Iker bizitza errealean, gutxi gorabehera. Elkar ezagutzen zuten, baina ez gehiegi, pelikulan sumatu daitekeen bezala. Joko hori badago: Jon oso hiztuna da, Iker isilagoa da... Beraien izaerarekin jolastu nahi nuen, izenak ere horregatik mantendu ditut. Izan ere, pelikula oso aske egin nahi nuen: banekien pertsonaiak zeintzuk izango ziren, eta nondik nora joko zuten, paisaiak ere garbi neuzkan... Ez neukana hain garbi, ordea, zein ekintza gertatuko ziren. Elkarrizketen kasuan, hasierakoak libreagoak dira, eta amaierakoak idatziagoak dira.

Jon Elizalde eta Iker Hazas ez dira aktore profesionalak. Zergatik aukeratu zenituen?

Iker laguna dut, eta beste film labur batzuetan harekin lan egin izan dut; gainera, asko gustatzen zait haren espresioa kamerarentzat. Jon nire tronboi irakaslea da, eta badira bost urte ezagutzen dudala. Diskoa atera zuenean, hainbat komunikabidetan elkarrizketatu zuten, eta konturatu nintzen etorri handikoa zela. Biak elkarrekin jartzea ondo legokeela pentsatu nuen, eta, funtzionatu izan ez balu, ez genuen aurrera egingo. Profesionalak ez izateak agenda arazoak eman dizkigu, eta, hori dela eta, adibidez, urtaro desberdinak ikusten dira, eta pentsatzen duzu «ze bidaia luzea egiten ari diren!», baina uste dut on egiten diola pelikulari.

Kandido [Uranga] ondo etorri zaigu, zeren aktore profesionala da, eta ematen diozuna ongi egiten du [barreak]. Istorioan bere pertsonaiak hartzen du txalupa konpontzeko ardura, eta grabazioan ere horrela izan zen. Niretzako oso lagungarria izan zen.

Kamera travelling gutxi ikusten dira, gehiago dira plano estatikoak. Plano orokorrak badaude, baina xehetasun handikoak ere bai. Zergatik?

Egiten ari diren bidaia oso handia da, leku hobeago baten bila ari dira, eta asko espero dute. Baina badaude ekintza oso zehatzak, txalupa konpondu behar dutenean bezala, edo Jon azkazalak mozten ari denean bezala... Bidaia horretan halakoek ere gertatu behar dute, eta gustatzen zait kontraste hori erakustea: grazia egiten dit, zenbait gauza absurdoak izan daitezke jendearentzat... Absurdoak dira, pelikula batean sartu ditudalako, baina berez ez dira hain absurdoak.

Maite duzun zinema mota egin nahi izan duzu. Nolakoa da zinema hori?

Ahalik eta koherenteen izan nahi nuen: ez neuzkan baliabide asko, baina egiten nuen hori nirekiko zintzoa izatea nahi nuen. Ahalik eta plano gutxien erabili nahi nituen kontatu nahi nuen hori kontatzeko, beharrezkoak zirenak bakarrik grabatu. Horretan saiatu naiz, emozionatzen nauen zinema ere horrelakoa delako. Ez naiz oso trama konplikatu zalea: irudia gustatzen zait, eta balioa ematen diet bestelako gauzei. Zinemaren purutasuna dut gustuko: irudien mugimendua, horien baitan dagoen espazioa eta denbora, erritmoa... Hori dena zainduta dagoela ikusteak betetzen nau eta hori bilatu dut nik ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna