Ezaguna eta ezezaguna aurrez aurre

Eibarrek irabazi beharra dauka gaurko derbia Europatik ez urruntzeko, eta Realak amaiera ontzen hasi nahi du, Imanolen debutean

Januzaj Realekoa eta Jose Ange Eibarrekoa, lehian, lehen itzuliko partidan. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Beti izaten dira bereziak derbiak, eta gaurkoak badu, gainera, aparteko bereizgarri bat, Realak entrenatzaile berria izango duelako Ipuruako aulkian: Imanol Alguacil. Bi aste daramatza taldearekin lanean, zuzendaritzak erabaki zuenetik Eusebio ordezkatuko zuela, eta Real berritu honen lehen zertzelada Eibarren bistaratuko da.

Ezezagun bati egin beharko dio aurre Eibarrek, horrenbestez. Parean zein talde izango duen badaki, baina nola jokatuko duen ez, ezta zein jokalari aterako dituen ere. Dena izango da berria Realean, eta ziurrenik ez da izango eragile nagusia emaitza batera edo bestera eramateko. Baina Eibarrek nahiago izango zuen aurreko Reala izatea parean, nolabaiteko ziurtasuna izateko aurkariak egingo zuen lanean.

Ez da berria Eibarrentzat aurkariak entrenatzailea aldatzea haren aurka jokatu aurretik. Sasoi honetan hainbat aldiz gertatu zaio gauza bera. Etxekoen jokatzeko erari ez dio ezertan eragingo Realak entrenatzailea aldatu izana, eta beste modu batera jokatzea. Eibarrek berea egiten jarraituko du. Ezaguna da Jose Luis Mendilibarren taldearen jokatzeko modua, eta gaur ere, horren bidez nahiko du aurkaria mendean hartu.

Imanolen etorrerak zerbaitetan kezkatzen badu Mendilibar, honetan da: «Talde biziagoa izango dugu parean, grinarekin ariko dena, eta asko estutuko gaituzte», esan berri du derbiaren atarikoan. «Baloia galtzen dutenean, gure zelaian berehala hasiko dira berreskuratzeko lanean, eta gauzak zailduko dizkigutela ziur nago».

Etxekoentzat oso partida garrantzitsua da, Europarako atea zabaltzen duen zazpigarren lekutik gehiago ez urruntzeko. Bost puntuko koska dauka gainditu beharra, atzo Gironak puntu bat gehiago eskuratu zuelako Levanterekin berdinduta. Ezin du gehiago atzeratu etxeko taldeak. Hori ez gertatzeko zein hamaikako aterako duen Mendilibarrek zaila da asmatzea. 21 jokalari dauzka deialdian, tartean Orellana, osatu baita txiletarra. Beste kontu bat izango da hamaikakoan azalduko den edo ez.

Imanol: «Lana ona izan da»

Txuri-urdinetan Imanolen debutaz gain, bada beste datu bat oso adierazgarria gaurko partidari begira: ez dio inoiz irabazi Eibarri Ipuruan, Mendilibarrenak Lehen Mailan direnetik. Ez irabazi, ezta berdindu ere, aurreko lau partidetan galtzaile izan delako. Aurreneko garaipena lortzeko gosea ere lagungarri izango dute Realeko jokalariek gaur.

Imanolen asmoen berri berak eta bere laguntzaileek bakarrik jakingo dute, eta, oraingoz, deialdiaren pista baino ez du eman. Hemezortzi jokalari aukeratu ditu, eta multzo horretatik kanpo daude Rulli, Canales, Bautista eta Xabi Prieto, besteak beste. Hamaikakoan zein aterako diren eta zelaian nola kokatuko diren Imanolek daki, eta hortik kanpoko dena jarduna baino ez da, hipotesien munduan sartzea.

Ateratzen direnak ateratzen direla, Imanolek badaki lan ona egingo dutela. Hala esan zuen atzoko prentsaurrekoan: «Bi aste daramatzat taldearekin lanean, eta ondo ari gara. Gogo handiz daude jokalariak». Eibarren inguruan, nabarmendu zuen zerk ematen dion aparteko indarra: «Oso garbi daukate nola jokatu behar duten, eta gauza handia da hori». Hari horri tiraka eskura daiteke Realaren estrategiaren zutabe handienetako bat zein izan daitekeen gaur: ez uztea Eibarri bere ohiko jokoa egiten. Hori lortzen talde asko saiatzen dira Ipuruan, eta oso gutxik lortzen du bere nahia. Alde horretatik ere, erronka polita daukate gaur Realeko jokalariek.

EIBAR-REALA

Eibar. Dmitrovic; Capa, Ramis, Arbilla, Jose Angel; Pedro Leon, Escalante, Diop, Orellana; Charles eta Kike Garcia.

Reala. Moya; Aritz, Llorente, Navas, De la Bella; Odriozola, Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza; Oiartzabal eta Willian Jose.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 18:30ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.