Bizitza kontatzen duen kantaria

Maria Schneider, atzo goizean emandako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Azaldu zuen badaudela bere musika ibilbidean eragina izan duten konpositoreak, eta aipatu ere egin zituen haietako batzuen izenak Maria Schneider orkestra zuzendari eta konpositoreak: Bill Evans, Bob Brookmeyer, Charles Mingus eta Clare Fischer esate baterako, eta, oro har, 1960ko hamarkadak musika arloan AEBetan esan nahi izan zuen guztia oso garrantzitsua izan zela beretzat erantsi zuen. Hala ere, musika konposatzean, inspiraziotzat ez duela beste musikari batzuen lana hartzen nabarmendu zuen, «bizitza» duela inspirazio iturri. «Musikaz aparteko bizitza ere edukitzen saiatzen naiz». Eta bizi esperientzia horiek eramaten ditu gero musikara. « Nire bizitza nire musikan ikus daiteke».

Gauean Norvegiako Ensemble Denada bandarekin batera Trinitate plazan ematekoa zuen kontzertuaren aurretik egin zituen adierazpen horiek Schneiderrek, prentsaurreko batean. Bost grammy ditu irabaziak, eta jazzaren arloan, gaur egun gehien laudaturiko musikarietako bat da. Donostiako Jazzaldiak urtero punta-puntako artistak ekartzen dituen arren, orain arte izan gabea zen Schneider. Agerraldian, sorterri duen AEBetako Minnesota hiriaren eta Norvegiaren arteko loturari buruz galdetu zioten. Eta artistaren erantzuna izan zen bietan klimak eta naturak garrantzi berezia dutela. Donostian ere,zerura begira eman zituzten kontzertuaren aurreko minutuak zaleek, euriak emanaldia uxatzeko beldurrez.

Azken urteotan musika konposizioen eta moldaketen arloa nola aldatu den ere izan zuen hizpide agerraldian. Besteak beste, moldatzaileak estudioetatik desagertu direla azaldu zuen. Zortzi urte egin zituen berak moldatzaile lanetan New Yorken, 1986tik 1991ra. Internetek musikariengan eta gizartean dituen ondorio kaltegarriak ere salatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.