Loratu dira errautsak

Urtebete baino gehiago pasatu da Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan aspaldian izan den suterik handiena piztu zenetik. Atzera-bueltarik ez duten kalteak eragin ditu toki batzuetan, baina basoak eta belazeak leheneratzen ari dira apurka beste batzuetan. Beltzean ere badelako berdea, eta errautsean ere bai ernea.

Kardu bat loretan, eta erretako pinudi bat atzean. ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI.
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Segida bat da, eta berreste bat da: duela urtebeteko piezari emandako segida, eta orduan iragarritakoa terrenoan berrestea. Nola loratu errautsak zuen goiburua eta zalantza duela urtebete pasako pieza hark, eta haren ordainetan izena du gaurkoak Loratu dira errautsak. Halaxe baita, eta orduan adituek esandakoari segika gertatu baita: naturari bere bidea egiten utziz, eta laguntza behar zuen tokietan lagunduz. Atzera-bueltarik ez duten kalteak eragin ditu iazko otsailaren 20ko sute hark eremu jakin batzuetan, baina leheneratzen ari dira belazeak eta basoak beste gehienetan.

Bai behintzat Lapurriturri inguruetan, Amasain-Urristibarrengo maldetan, Pagogaina tontorraren azpikoetan, Aiako Harriko parke naturalean (Irun, Gipuzkoa). Birigarroak eta zozoak ari dira kantuan, moxalak olgetan, okil berde bat ihesean, eta txontak eta karnabak tropelean. «Hau guztia pasatu zuen suak. Ibar hori dena: han Bera, han Lesaka... Maldan gora etorri zen korritzen-korritzen honaino». Tomas Aierbe Gipuzkoako Aldundiko basozaina doa lur orotakoan gidari. Zaldi talde batek gelditu du haren jarduna; pasatzen utzi die, aurrera egin aurretik. «Gustura daude hauek. Belar freskoa dute egunotan».

Berde ageri da ingurua. Belztutako pinu batzuk eta berriz erabiltzeko utzitako hesolak dira han parean sute ikaragarri bat egon zen seinale ilun nabarmen bakarrak. Urteetan izan den suterik handiena. Hasi Beran eta segi Lesakan (Nafarroa), Irungo Bidasoa auzora (Gipuzkoa) egin zuen jauzi. Larhun menditik Urruñara, Azkainera eta Biriatura (Lapurdi). Ibar bat osoa sutan, bi borda eta etxebizitza bat erreta, eta azienda asko zaurituta. Ia 3.000 hektarea kiskalita. Erraz esaten diren kopuruak, eta nekez ahazten diren egunak eta irudiak.


Jon Urbe / FOKU

«Oso argi ibili beharreko egun horietako bat zen. Egun txarra: hego haizea indartsu, beroa... Urruti gelditzen zen hasieran Bera, baina saltatu egin zuen suak», azaldu du Aierbek. Eta Jose Luis Iruretagoiena lankideak osatu du azalpena: «Saltatu diogu suak saltatu zituelako Bidasoa ibaia eta N-121 errepidea, zaharra zein berria». Aierbe: «Eta saltoa ikaragarria da. Airez egin zuten jauzi ilaunek batetik bestera: sutan dauden adar txikiak dira, haizeak eramaten dituenak». Galdutako borroka baten hasiera, Aierbek etsiak jota azaldu duenez: «Magal honetan hasi ginen lanean, baina Endarako sakanera egin zuen suak. Toki malkartsua da, amildegiz betea, eta parkeko erreserba eremua, babesik handiena duena. Ez dago modurik toki horretara lurrez sartzeko, eta airez ezin zen egun horretan. Uste genuen gauez apur bat apalduko zela sua, baina hurrengo egunean ere indartsu ekin zion. Alferrik izan zen. Suak bere bidea egin zuen, eta haizea gelditu zenean itzali zen».

Iruretagoienak 36 urteko eskarmentua dauka basozain gisa —atzo hartu zuen erretiroa—. 1989an Jaizkibelen izandako suteak ere ezagutu zituela dio, baina iazko hori apartekoa izan zela: «Ikusi gabe neukan horren su bizkorrik. Hor behean hasi [Endarlatsara begira], eta bi edo hiru ordura hemen zegoen. Oso sute azkarra eta arriskutsua izan zen».

Emaitzarekin «gustura»

Belar, garo, ote eta sasi. Ordena horretan joan da berdea agertzen. Landatutako haritz berriek gora egin dute, pagoei gehiago ari zaie kostatzen, baina lizarrak eta ametzak ere indartsu ikusten dira, baita sahatsak, kuku prakak eta karduak ere tartean. Beharginak zuhaitz landatu berrien inguruko zaborra garbitzen ari dira. Inma Lizasok adierazi duenez, «nahiko gustura» daude emaitzarekin. Gipuzkoako Aldundiko teknikaria da Lizaso, Mendiak eta Habitata Kudeatzeko Sailean: «Hasieran, dena da presa eta larria. Oso zaila izaten da transmititzea pazientzia behar dela hau berriz bere onera bueltatzeko; naturak zer bide hartuko duen ikusteko. Tokirik errazenetan aritu gara nolabait, baina kalte gehien egon den tokietan ikusi ere ezin dugu egin kaltea zenbaterainokoa den. Gizakiak bere mugak ditu, eta natura ezin da gobernatu».

Batek baino gehiago galdetu ei die paraje hartan suterik izan ote den ere. «Orain begiratuta, ez du ematen. Hesola beltzak ikusten dira, baina jada harizti bat ikusten da, eta etorriko dira gehiago», azaldu du Lizasok. «Pagoari, adibidez, gehiago kostatzen zaio; garbitu eta lagundu behar zaio», gaineratu du Aierbek. Biak datoz bat: «Toki jakin batzuetan ez dago atzera-bueltarik, eta, beste batzuetan, zuhaitzen hazte prozesua atzeratu egin da».

Eta beste horrenbeste gertatu da Lapurdiko eta Nafarroako terrenoetan. Landaketak egin dituzte horietan ere. «Premia gehien zuten lanak lehenengo», Berako Herriko Etxeko (Nafarroa) basozain Urtzi Garaitak azaldu duenez. Konifero landaketa batean jardun ziren aurrena: «Itxitura ez zen erre, eta, lehendik eginda zegoena baliatuz, espeziea aldatzea erabaki zen Nafarroako Gobernuarekin: Pinus taeda motakoen ordez, alertzea landatzea. Ustez, suebaki gisa funtzionatzen baitu alertzeak».

Harizti batean ere aritu dira hurrena: «Zulatu gabe eta landare berririk sartu gabe, bertako haritzak suari erantzuten dionez, moztu egin zituzten erretakoak, eta berriak muskildu dira».

Bi eremu horietan esku hartu zuten lehenengo, eta basoa bidea eginez joan da, bere kasa. Garaitak dio «muskildu eta berdatu» dela ingurua: «Egia da kalteak handiak izan direla, baina, hor, segidan hasten da bizia berritzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.