Urre gordeegia

Urte asko dira puntako idazle batzuek ohartarazi zutenetik literatur itzultzaileak oso lan baliagarria egiten ari zirela literatur hizkeraren garapenari eta doitzeari begira. Harrezkero are gehiago sendotu da euskal literaturaren itzulpengintza, eta gazte asko ere erakarri du. Irakurleengana iristeko bidea oso mantso egiten ari da, ordea.

Juan Luis Zabala -

2014ko urriak 26
Literatura Unibertsaleko bilduma; Susa argitaletxearen Armiarma webguneko Euskarari ekarriak ataria eta Munduko Poesia Kaierak bilduma; Elkar, Erein, Pamiela, Txalaparta, Ibaizabal, Mezulari, Desclee, Aizkorri eta beste hainbat argitaletxe profesionalek argitaratutako liburuak; Igela, Pasazaite, Edo, Denonartean eta halako argitaletxe eta zigilu apalagoek edo unibertsitateek edo beste hainbat erakundek plazaratutakoak; EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen Senez aldizkaria, Nor da Nor ataria, ItzuL posta zerrenda, Shakespeareren ametsa biziarazten proiektua, eta abar; Elearazi eta 31 eskutik blogak; Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak itzulpenei eskainitako Esperientzixak. Itzulpena oholtzara ekitaldia… Horri guztiari itzulpengintzan azken urteetan gogotik engaiatu den gazte jendearen indar ekintzailea gehitzen badiogu, ezin daiteke oinarri gabekotzat jo Karlos del Olmo itzultzaileak, BERRIAk duela urtebete egindako elkarrizketa batean, euskarazko itzulpengintza «urrezko aro batean» dagoela esan izana. Urre hori irakurleen begi bistan izaterainoko bidea mantsoegi egiten ari dela uste dute, alabaina, itzultzaile gehienek; ez dela oraindik behar bezala estimatzen, erabiltzen eta gozatzen. Urre gordeegia dela.

«Harri aroaren aldean bai, urrezko aroa bizi dugu», dio Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxeko arduradunak, «baina, nire ustez, gizartean dugun eragina oso txikia da. Ekinbide asko eta interesgarriak ikusten dira gaur egun, baina oso tamaina txikikoak denak, zoritxarrez». Euskararen egoera da literatur itzulpengintzan egiten den lana gizartera indar handiagoz iristea eragozten duen oztopo nagusia, Bego Montorio itzultzailearen ustez. «Euskaraz oro har gutxi irakurtzen bada, horren puskatxo bat baino ez da izango itzulpena».

Montoriok uste du hala ere euskaratutako literaturaren aurkako aurreiritzi batzuk gainditu direla gaur egun, eta «gero eta jende gehiago» dela «euskarara itzulitakoa izateagatik libururik baztertzen ez duena». Datu esperantzagarri gisa, oroitarazi du euskarazko irakurle klub eta gisako ia guztietan programatzen direla itzulitako liburuei buruzko saioak. Adibide bera ekarri du gogora Miren Ibarluzea itzultzaile eta ikerlariak ere, baina ohartaraziz «bere tranpa» ere baduela datu horrek: «Iban Zalduak esaten duenez, jende gutxiago agertzen da itzulpenak lantzen diren saioetara». Euskara eta Literatura ikasgaiko testuliburuetan itzulitako literaturak duen islaren urritasuna ere sintoma kezkagarritzat du Ibarluzeak.

Idazleentzat erreferentzia

Idazle askok laudatu dute, aspalditik gainera, itzultzaileen lana, aitortuz hizkera literarioaren garapenean eta doikuntzan erreferentzia ezinbestekoak direla. Ikerlari lanetan, Miren Ibarluzea XX eta XXI. mendeko euskal literatur itzulpengintzaren historia, funtzioak eta errepresentazioak gaia lantzen ari da doktore tesirako. Egin duen ikerlan batean hamasei idazleri beren itzulpen-ohiturei buruz galdetu dielarik, guztiek adierazi diote aldez edo moldez nolabaiteko lotura dutela itzulpen-praktikarekin.

«Uste dut gero eta gehiago direla itzulpengintzan egiten dugunari kasu egiten dioten idazleak», dio Olarrak, Ibarluzearen ondorioekin bat eginez, eta Montorio ere baikorra da gai horren inguruan mintzatzean: «Hizkuntza bera dugu langai, antzeko hizkuntz erronkei egin behar diegu aurre... Nola ez begiratu batak besteak egiten duenari? Foro komunak baditugu, badaude itzultzen duten idazleak eta idazten duten itzultzaileak… eta badaude auzokoen arteko ohiko ika-mikak ere, jakina. Harreman estuagoa egon liteke, baina ez nuke esango txarra denik».

«Batez besteko maila, hizkuntza tresna gisa erabiltzearen aldetik, igoz doa itzultzaileon eta idazleon artean», Iñaki Iñurrieta itzultzaile eta EIZIEko lehendakariaren ustez. «Nola edo hala transmititzen dira aurkikuntza eta ekarpenok, bigarren, hirugarren, laugarren eskutik, poliki, geldo…».

Ibarluzeak uste du, dena den, «belaunaldi zaharragoen eta gazteagoen artean» aldea dagoela. «Garai bateko idazleek ohitura gehiago zuten bertakoak ez diren obrak gaztelaniaz edo frantsesez irakurtzeko. Gazte zenbaitek, ostera, atzerriko literatura euskaraz deskubritu dute hasieratik. Garai bateko itzulpenak irakurtzen gaitzak zirela eta gaur egun kalitateak gora egin duela diote askok; garai batean desenkantatu zirenek ez dituzte ohiturak aldatu; beste batzuek prozesuarekin batera aldatu dituzte ohiturak».

Munduko literatura euskarara itzultzeko zereginean, Literatura Unibertsala da azken hamarkadetan martxan dagoen ekimen nagusia, EIZIEk Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin ekoitzi eta argitaratua. Horri askotariko ekimen ugari ari zaizkio gehitzen azken urteetan, ekimen horien sortzaileen eta bideratzaileen apeta, nahi eta pasioei jarraituz. Eragileak eta itzultzaileak ez dira normalean elkarren arteko lehian aritzen, elkarren osagarri izan nahian baizik. Baina plangintza orokorraren inguruko kezkak agertu ohi dira tarteka.

«Literatura Unibertsala bilduman sartu beharreko tituluen zerrenda etengabe berrikusi, osatu, birbideratu beharra dago», Iñurrietaren ustez. «Noizbait, hainbat lagunen borondate onenaz eta lanaz, osatu zen zerrenda bat, eta hortik tiraka jardun dugu, baina komeni da tarteka hori berrikustea, egin diren zenbait kritika —Hedoi Etxarterena datorkit une honetan gogora—, aintzat hartzea…». Narratibaz aparteko beste genero batzuek presentzia handiagoa izan beharko luketela adierazi zuen Etxartek Argia-n argitaratutako artikulu batean: poesiak, saiakerak eta «euskarazko merkatuan periferikoak diren generoak».

Olarrak ez du uste hala ere itzuli behar denaren inguruko plangintza orokor baten gabezia, edo dagoen plangintza hobetu beharra, denik arazorik larriena. «Plangintza orokorrak ondo daude, baina inolako plangintza orokorrik egin behar izatekotan, irakurleria zabal eta sendoa lortzeko plangintza behar litzateke, itzulpen zerrendak eta horrelakoak baino gehiago».

Olarraren iritziz, «irakurleriaren ahulezia» da euskal literatur itzulpengintzak egun duen hutsunerik handiena. «Garenak gara, eta horrek ez du aukerarik ematen arrakasta minimoa izan lezakeen plangintzarik egiteko. Esaterako, Patrick Modianori Nobel saria eman izanak sekulako garrantzia izan lezake Anagrama argitaletxearentzat edo Gallimardentzat. Baina ziur naiz Igelarentzat, bi titulu edukiagatik katalogoan —eta lau edo sei balitu ere berdintsu—, ez dela sekulako bultzada izango».

«Euskaraz irakurtzen dutenengana eta irakur lezaketenengana heltzea» da, Montorioren ustez ere, «erronka nagusietariko bat, edo nagusia». Eta ados dago Ibarluzea ere: «Euskal literaturaren itzulpenaren harrera eta gizarteratzea bera hobetzea da gaur egungo erronketako bat; alegia, beste herrialde eta hizkuntzetako literatura frantsesez, ingelesez, espainolez... irakurtzera ohituta zegoen jendea euskaraz irakurtzera ekartzea, edo, beste sasoi batean hala egingo luketen gazteek, gaur egungo baliabideak erabilita, euskaraz irakurtzea kanpoko literatura ere. Gazteak diodanean, ez naiz soilik irakurle gazteez ari, ezpada etorkizuneko irakasleez, liburuzainez, kazetariez, irakurleez...».

Etorkizunerako erronkak

Euskal literatur itzulpengintzak etorkizunari begira —arestian aipatutakoez gain— dituen zeregin eta erronka nagusiei buruz galdetuta, itzulpengintza «eskolara eramatea» aipatu du berehala Iñurrietak. «Aurreiritzi asko daude oraindik ere itzulpenei buruz irakasleen eta ikasleen aldetik. Argitaratzen diren itzulpenei begiratuta, ordea, liburu asko kaleratzen dira irakurzaletasuna sorrarazteko aproposak direnak, hizkuntza aldetik eredugarriak, euskaraz zuzenean idatzitakoak bezain naturalak irakurtzean…».

Beste erronka eta zeregin batzuk ere ekarri dituzte hizpidera itzultzaileek: IKTek eskaintzen dituzten bideak «gehiago jorratzea», eta horietan sortzen ari diren «ohitura eta behar berriei hobeto erantzutea» aipatu du Montoriok, eta baita «prestakuntzan aurrera jarraitzea» ere; itzulpengintzaren harrera kritikoan sakontzea eta euskaratik beste hizkuntza batzuetarako itzulpengintza indartzea, besteak beste, Ibarluzeak; azken 20 urteetan itzuli den guztia «prozesatu» beharko litzatekeela uste du Iñurrietak, «eta ikusi zer bide, soluzio aurkitu diren inoiz esan gabe zeudenak esaten jarri garenean, eta balekoak eta baleko ez direnak bereizi, eta proposatu...»; azkenik, Karlos del Olmok, egungoa itzulpengintzaren «urrezko aroa» izendatu zuenak, zerrenda luzea osatu du: paperaz besteko euskarrietarako bestelako formulak asmatzea; pentsamenduaren alorreko saiakera unibertsalak itzultzea, horretarako laguntzak bideratuta; salmenta urriko liburu ezinbestekoen itzulpenerako bekak izatea; ahozkotasunarekin zerikusia duten generoetako itzulpengintza indartzea; eta itzulpengintzaren «memoria historikoa» sakontzea.

Beste premia bat ere ekarri dute hizpidera: itzultzaileen lan baldintzak zaintzea eta ahal den neurrian hobetzea. CEATL Literatur Itzultzaile Elkarteen Europako Kontseiluak eta EIZIEk aldarrikatzen duten hexalogoa aintzat hartuko beharko litzatekeela nabarmendu du Ibarluzeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna