Mayi Mujika. Elite mailako Euskal Herriko txapelduna

«Fisikoki nola nengoen ikustera joan nintzen»

Mendi korrikalaria da eta bere belauna eta sasoia probatzera joan zen Arriarango lehiaketara. Probatzera joan eta Euskal Herriko txapelarekin eta sentsazio onekin bueltatu zen etxera.

Unai Ugartemendia.
Beasain
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Lesio batetik atera berritan aurkeztu zen Arriarango irteerara Mayi Mujika (Legazpi, Gipuzkoa, 1988). Debuta izan du aurtengo zirkuituan. Hurrengo astean mendi lasterketetako Munduko Koparen finalean lehiatuko da Limonen (Italia), Euskal Selekzioarekin.

Zein helbururekin joan zinen Arriaranera?

Belauneko lesio bat izan dut azken bi hilabeteetan, eta dortsala jartzeko irrikitan nengoen. Korrikako sektoreak motzak zirenez, aukera polita iruditu zitzaidan neure burua probatzeko. Fisikoki nola nagoen ikusteko eta sasoian jartzen joateko helburuarekin joan nintzen.

Gustatu al zitzaizun ibilbidea?

Ibilbidea polita zen, baina lokatza eman nuen faltan. Bizikletan jaitsiera teknikoak ditut gustuko, eta Arriarangoa ez zen halakoa.

Lasterketan bigarren izan zara. Helburua irabaztea al zen?

Ez nintzen joan ez denbora ez posturen baten bila. Gainera, ez nituen lehiakideak ezagutzen.

Laura Perez izan zenuen arerio gogorrena. Korrika ateratako abantaila uste baino handiagoa izan al zen?

Lasterketan ez nuen erreferentziarik izan. Neure lasterketa egitera joan nintzen, gainerakoak non zihoazen jakin gabe.

Mendiko bizikletan tartea murriztu zizun Laura Perezek. Aurreikusten al zenuen?

Bai, asko gustatzen zait bizikletan ibiltzea, baina mendiko lasterketetara entrenatzen naiz.

Gero, azken sektorean,tartea kudeatu behar zenuen. Izan al zenuen ez irabazteko beldurrik?

Nire beldurrik handiena lasterketa ez amaitzea zen. Azkenaldian lesioak oso korrika gutxi egiten utzi dit, eta ez nekien ziur bukatzeko gai izango nintzen ere. Azken sektorea bi kilometrokoa besterik ez zen, baina ez nekien belaunak nola erantzungo zidan bizikletatik jaitsitakoan. Nahiko ondo iritsi nintzen helmugara.

Lehenbizikoz irabazi duzu Mendi Duatloien Euskal Herriko Txapelketa. Zer sentitu zenuen irabazle zinela esan zizutenean?

Lasterketan bigarren amaitu nuenez, Euskal Herriko Txapelketan ere bigarren egin nuela uste nuen. Mutil lagunak esan zidan txapela irabazi nuela. Oso pozik nago lortutakoarekin, baina pena da hain neska gutxik parte hartzea. Mendi lasterketetan nesken parte hartzeak gorakada nabarmena izan du azken urteetan. Ea hemendik aurrera duatloietan ere hala den.

Egun gutxi barru mendi lasterketetako Munduko Koparen finalean izango zara, Italian. Zein asmorekin zoaz Limonera?

Urteko azken irteeraz gozatzea izango da helburu nagusia. Ez nago sasoirik onenean, beraz, lasterketa ahalik eta txukunena egitera eta taldekideekin eta mutil lagunarekin batera asteburuaz gozatzera joango naiz Limonera.

Lehen aldia izan duzu Munduko Kopan. Nolako esperientzia izan da?

Izugarria izan da Euskal Selekzioak aukera eman izana. Hainbat lurralde ezagutu ditut eta taldeekideekin asteburu bikainak pasatu. Giro ezin hobea daukagu selekzioan, eta niretzat horrek pisu oso handia dauka talde batean. Azken batean, asteburu asko pasatu ditugu etxetik kanpo. Horrez gain, ohore bat izan da maila handiko korrikalariekin lehiatzea.

Denboraldia amaitutzat emango al duzu Italiakoa eta gero?

Planifikatutako egutegia Limonen amaitzen da, baina azken lasterketetan huts egin dudanez, lehiatzeko gogo handiz jarraitzen dut. Jokin Lizeaga prestatzaile fisikoarekin adostu beharko dut. Espero dut inguruko lasterketaren batean parte hartzen uztea [barreak]. Gainera, faltan ematen ditut Euskal Herriko lasterketetakogiroa eta berotasuna.

Gustura geratu al zara egindako denboraldiarekin?

Amaiera ez da amestu dudan bezalakoa izan, baina oso pozik nago lesionatu aurretik egindako denarekin. Lehen urtea izan da Munduko Kopan lehiatzen, eta asko hobetu behar dudan arren, gustura nago lortutako emaitzekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.