Musika

Mugak marraztu gabe

Bi urteren buruan, ezezaguna izateari utzi, eta jaialdi inportanteetan jotzen hasi da Rrucculla, Izaskun Gonzalezen proiektu elektronikoa

Izaskun Gonzalez musikaria ezkutatzen da Rrucculla proiektuaren atzean. BERRIA.
Jon Urzelai
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bilbo Hiria lehiaketan agertu zen lehen aldiz Izaskun Gonzalez (Barakaldo, Bizkaia, 1994) publikoaren aurrean, 2016. urtean. Orduan inork ezagutzen ez zuen 22 urteko neska hura musika sortzeko hainbat gailu elektronikorekin eta bateria batekin igo zen taula gainera, eta ordu erdiko emanaldi bat nahikoa izan zuen, elektronika saileko sariaz gain, beste hiru garaikurrekin etxeratzeko. Egun horretarako, bi disko era digitalean argitaratuak zituen —gerora Early Sound Sketches izenpean formatu fisikoan kaleratuko zituenak—, etxeko bakardadean inongo bandaren babesik gabe grabatutako abestiez osatuak. Gerora etorri zaizkio musikariari gertakariak arrapaladan: inguruko jaialdirik handienetan parte hartu du jada (Primavera Sound, BBK Live); zenbait komunikabidetan etorkizuneko izartzat jo dute, eta nazioarteko sona duten taldeekin ere zuzenean aritu da, dena urtebete eskasean.

«Hasieran, lehiaketa hartarako hautatuko ote ninduten ere dudak nituen. Lehen kritikak bertan jaso nituen, aurretik lagun batek edo bestek egindakoak salbu. Jasotako iritziak oso onak izan ziren, eta, lehiaketaren ostean, agian jendea ni serioago hartzen hasi zen». Geroztik gertatu zaizkion guztien inguruan, argi du: orain bi urte proiektua hasi zuenean galdetuz gero, ez zukeen horrelakorik aurreikusiko. «Agian halakorik gertatuko zela esan izan balidate, erlaxatu eta ez nuke hainbeste gogorekin sortu izango musika».

Rrucculla fenomenoa ez da gauza ohikoa; are gutxiago, egiten duen musikari erreparatuz gero. Jazz ukitua duen elektronika abstraktutzat jo daiteke, Flying Lotus, Mount Kimbie eta halako artistek jorratu izan dutenaren ildokoa, nahiz eta rock munduko hainbat musikari ere miresten dituen. Agian horregatik dira haren abestiak diren bezalakoak: soinu ezberdin eta anitzez osatutako collage txundigarriak. «Elektronikan hasi aurretik, nik bateria besterik ez nuen jotzen, eta musika oso ezberdina entzuten nuen, patroi erritmiko desberdinak barneratzeko asmoz. Beraz, niretzat ez da arraroa estilo batetik bestera saltoka aritzea. Oso aspergarria irudituko litzaidake bizitza guztia gauza bera jotzen aritzea nolabait fidela izateagatik soinu jakin bati. Musikan ez dago mugarik norberak marrazten ez baditu».

Aipatu muga horiek gero eta lausoagoak diren seinale da Gonzalezek sortutako musikak AEBetako American Football rock taldea ere liluratu izana, nahiz eta estilo erabat ezberdinak landu. «Uste dut American Football taldekoek, nire bideoren bat ikusi edo nire musika entzun, eta esan zutela beren aurretik nik jotzea nahi zutela. Dena dela, nik musika elektronikoa egiten dudan arren, beti inspiratu izan naiz math-rock eta post-rock talde askotan. Haiekin jo nuenean, bi proposamenek inondik inora bat egingo ez zutela zirudien askorentzat, baina guretzat bazuen zentzurik».

American Football ez da izan bizkaitarraren formulak hipnotizatu duen bakarra. Horren seinale da Chris Egan (Chk, Chk, Chk, Solange) eta Ricky Lavadok (Standstill, Nudozurdo), adibidez, Rruccullaren azken lanean parte hartu izana. Frustrazio baten ondorio, bateria hutsez konposaturiko diskoa da Istripuak. «Beat sinple bat jotzen aspertu egiten naiz; ez dut metronomo bat ordezkatu nahi, eta etsipena sortzen dit sentitzen dudana ezin txertatzeak». Gustuko dituen hainbat bateria jotzaileri ideia proposatu, «burutik pasatzen zitzaion lehen gauza» grabatu, eta disko erabat askea sortu du horrela. «Chk, Chk, Chk taldeak BBK Live jaialdian jo ostean pasatu zen Chris Egan nire lokaletik. Ideia proposatu, eta arratsalde horretan bertan grabatu zuen bere zatia».

Argi dago gauza zailenek ere errazak diruditela Rruccullaren munduan. Aserejé abesti ezagunaren sample bat erabiltzea edota Silvia Perez Cruz musikari kataluniarraren abesti baten remix bat egitea posible du Internet garaiotan musikari gazteak, baita teknologia aurreraturik eta solfeo ezagutzarik gabe ere. Orain arte musikari atzerritarrengan erreparatu duen arren, gustuko omen du Godoys, Lukiek eta Señores rock taldeek egindako musika, eta inspiratzailetzat jotzen du Ainara Legardonek musikarekin duen jarrera, baita haren lana ere.

Estilo ezberdinetako diskoak eta remixak grabatu izana nahikoa ez, eta sorkuntzaren barneko etengabeko xerkatzeak arte bisualetara ere eraman du bizkaitarra. Bere diskoen azalak musikaren ildoarekin guztiz bat egiten duten konposizio nahasiak dira, han eta hemendik moztu eta aukeratutako zatiekin osatutako puzzle irudimentsu eta iradokitzaileak. Orain dela gutxi, halaber, Wassili Kandinski margolariari eskainitako emanaldi batean parte hartu du Madrilen, Thyssen museoan. «Nire artistarik gustukoenean inspiratutako kontzertu bat emateak urduri jarri ninduen, eta, maila eman nahian, set berezi bat prestatu nuen emanaldirako». Musika sortzeko orduan ere, Kandinskirengana berarengana edota Jean-Michel Basquiat eta Jackson Pollock margolariengana jotzen du, haien obretan inspirazioa aurkitu nahian. «Atmosfera, soinu eta koloreak nolakoak izango diren finkatzeko, nik neuk ere margotu egiten dut abestiak sortzerakoan oso argi ez badaukat soinuen progresioa nolakoa izango den».

Etengabeko ekoizpen horretan, inork ezin du jakin zein izango den hurrengo pausoa. «Kontu bat eta beste, azkenean ezin izaten dut egunero musikarik sortu, baina, egun batzuetan, bi abesti sortzeko ere gai izaten naiz, ni neu harritzeraino». Proiektu berriak ere baditu buruan, gailuak pixka batean alboratu eta gizakiekin berriz ere jotzea tartean, nerabezaroan egin bezala. Bi urte besterik ez da pasatu proiektua hasi zuenetik, eta, aurrerantzean hautatzen duen bidea hautatzen duela, adi jarraitu beharko zaie haren pausoei, batek baitaki hemendik bi urtera zein gailurretan egongo den. Oraingo joeran jarraituz gero, bide oparoa egina izango du, hori ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.