Pentsiodunen protesta mugimendua. Urtebeteko ibilbidea

«Ezin dugu bakarrik bultza egin»

Pentsiodunek iazko urtarrilaren 15ean egin zituzten lehen elkarretaratze handiak, eta urtebetez eutsi diote aldarrikapen eta presio mugimenduari. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako bost plataformaren ahotsak jarri ditu eztabaidan BERRIAk, egindako bidea aztertzeko eta egin nahi dutena marrazteko. Bideoa albistearen amaieran.

Jendetza Bilbon, iazko otsailaren 22an, pentsio duinen aldeko manifestazioan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Jon Fernandez.
Donostia
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Pasioz eta iluzioz mintzo dira, mahai baten bueltan. Urtebeteko borrokaz eta etorkizunerako asmoez dihardute Hegoaldeko lurralde bakoitzeko pentsiodunen elkarte banako ordezkariek eta Oneka emakume pentsiodunen plataformakoak. Etzidamu beteko da urtebete pentsiodun haserretuak samaldaka hasi zirela plazak eta kaleak betetzen astelehenero, «pentsio duinak» eskatzeko. Eta hala jarraitzeko intentzioa daukate.

Emaitza ukigarri batzuk lortu dituzte urtebetean: 2018an eta 2019an pentsioak KPIaren arabera igotzea; gutxieneko pentsioak %3 igotzea; alarguntza pentsioen oinarri likidagarria %52tik %60ra igotzea; iraunkortasun faktorea 2023ra arte ez aplikatzea... Baina aldarrikapen zerrenda luzea daukate oraindik esku artean: KPI bidezko gaurkotzea, gutxieneko 1.080 euroko pentsioa, iraunkortasun faktorea desegitea, gutxieneko 1.200 euroko soldata, genero arrakala desagertzea pentsioetan eta soldatetan, pentsio sistema publiko propioa sortzea...

Gogotsu ekin diote eztabaidari mahaiaren bueltan. Anfitrioiak izaki, bi dira Gipuzkoako Duintasuna elkarteko kideak: Maria Serrano eta Jose Mari Uria. Ana Mezo da Oneka plataformako odezkaria, Armando Aulestiarte Arabako Pentsiodunak Lanean elkartekoa, Xabier Isasa Bizkaiko Pentsiodunak Martxan elkartekoa, eta Xabier Lareki Nafarroako Pentsiodunak Martxan elkartekoa.

Igaro da urtebete. Zer irabazi duzue bidean?

ISASA: Materialki beharbada ez ditugu lorpen izugarriak eskuratu, horregatik jarraitzen dugu borrokan. Baina badaude lorpen itzelak. Lehenengoa: emakumea kalera ateratzea irten den bezala, indartsu, beldur asko gaindituta, ahaldunduta. Beste lorpen bat izan da politikarien agendetan sartu garela, eta baita aurrekontuen negoziazio gaietan ere. Uste dut bati baino gehiagori eragin diogula zer pentsatua, bat baino gehiago mugiarazi dugula.

AKTIBAZIO FALTA

Etorkizunera begira, zer ibilbide egin nahi duzue?

ISASA: Ikusten dugu denok mugitu beharko dugula. Iritsi gara honaino, eta lortu duguna lortu dugu, baina ez da, inondik ere, guk espero duguna. Beraz, jarraitu beharko dugu presio bide berriak egiten: Bizkaiko herri batzuk proposatzen dute mozio bereziak aurkeztea udaletan, edo itxialdi jakin batzuk egitea... Zuzenean udalari lotutako bideak.

Gainera, transbertsalitatea bilatu dugu hasieratik: gizarte osoari dei egiten diogu, ez bakarrik pentsiodunei. Gazteei ere bai, beraiek direlako momentuko langileak eta etorkizuneko pentsiodunak. Eta gure kezka handia langileen prekaritate handia da.

Ikusten dugu ez direla askorik mobilizatzen, eta ez daukatela, agian, larritasun horren kontzientzia. Orduan, uzte dugu langileek eta pentsiodunok sortu behar ditugula gure arteko harremanak. Hala, harreman berezia ari gara sortzen gazte erakunde batzuekin, eta uste dut hortik doala epe laburreko eginbeharra.

Urtebetean ez duzue asmatu gazteria eta langileria ere erakartzen?

AULESTIARTE: Gazteek oso urrun ikusten dituzte pentsiodunen arazoak. Euren arazoa lan dezentea bilatzea da: etorri izan dira manifestazio handietara, baina besteetara ez dira agertzen.

URIA: Prekaritatea, gaztearentzat, lehenengo arazoa da. Pentsioen arazoa urrutiago ikusten dute.

LAREKI: Badirudi etsipena nagusitu dela. Jendeak pentsatzen du ez dela ailegatuko pentsiodun izatera ere, eta hori da pentsa dezaketen gauzarik txarrena.

MEZO: Jendeak garbi ikusten du 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapena, baina argi geratu behar da, era berean, guk beti aldarrikatzen dugula 1.200 euroko gutxieneko soldata ere. Oso lotuta daudelako biak: soldata minimo bat behar da pentsio minimo bat sostengatzeko.

SERRANO: Pentsiodunen gaiaz harago joan beharko ginateke: lan merkatuaren prekaritatea dago, pobrezia poltsak, genero arrakala... baina guzti horri ezin diogu guk bakarrik bultza egin, pentsiodunok. Mobilizazio indartsu bat bultzatzeko sindikatuen parte hartzea ere behar da. Eta beharbada ez dugu behar bezala jo sindikatuetara, gure dinamikan sartuta geundelako. Baina uste dut, udara bitartean, elkarlan bat egin beharko genukeela sindikatuekin: esfortzu handiagoa eskatu behar zaie sindikatuei.

SINDIKATUAK

Alegia, pentsioena ez dela aparte dagoen arazo bat, sistema oso baten zati bat baizik. Eta sistemaren beste zatietako partaideak ere aktibatu beharra ikusten duzue, baina Isasak kontzientzia eta mobilizazio falta aipatu ditu.

AULESTIARTE: Langileen egoera ezberdina da duela hogeita hamar urte eta orain. Prekaritate handia dago orain, eta sindikatuak hor daude, baina ez dira aktibatzen behar bezala. Kontzientzia falta aipatu du Isasak, baina beldurra ere badago, lana galtzeko beldurra, asko zabaldu dena.

ISASA: Pentsioen erreformen kontra egiten dugu, baina baita ere lan erreformen kontra. Suminduta ikusten dugu lan merkatuan urte luzeetan odol eta esfortzuarekin lortutako guztia bertan behera botatzen ari direla. Uste dut guztiok harrapatu gaituela armamenturik gabe. Hori dena berreskuratu egin behar da.

Zer aukera ikusten duzue langileak gehiago aktibatzeko?

LAREKI: Kontua da CCOO eta UGT, adibidez, sistemaren alde daudela: Toledoko Mahaian negoziatzen dute, eta han daukate beraien estrategia. Hemen ez dute nahi jendea kalera atera, ez dute nahi 1.080 euroko pentsio minimorik. Orduan, nork mobilizatzen du jendea? LABek, Steilasek, eta... ELAk, nahi duenean.

SERRANO: Lortu behar duguna da langileak gurekin kalean egotea, eta horretarako sindikatuekin lan egin behar da.

ISASA: Bilbon arazo sakon bat daukagu, eta elkarretaratzeetan igartzen da. Nahikoa da mikrofonoa daukan pertsonak sindikatu hitza aipatzea, behean jende talde bat txistuka eta zarataka hasteko kontra. Horren atzean dagoena ere aztertu behar da.

Zer dago sindikatuen kontrako sentipen horren atzean?

URIA: Nik uste dut azken hamarkadetan sindikatu nagusiek barrurantz egin dutela lan handia. Sindikatua indartzeko egin dute lan, ez langileria indartzeko, eta orain, sindikatu batzuk jokabide horren ordaina jasotzen ari dira.

CCOO eta UGTri buruz ari zara?

URIA: Bai, eta pixka bat xaxatzen banauzu gehiago ere esango nizuke...

ELA eta LAB ere sartzen dituzu hor?

URIA: Baita ere, nahiz eta beste maila batean izan.

AULESTIARTE: Hor arriskua dago pentsatzeko ez dagoela sindikatuen beharrik. Jendeak ideia hori izatea oso arriskutsua da, arriskutsua den bezala esatea politikari guztiak berdinak direla. Ez, ez da egia, denak ez dira igualak.

BATASUNA

Urtebeteko bidean izandako beste «lorpen handi bat» aipatu du Arabako Pentsiodunak Lanean elkarteko ordezkariak: ezberdinen arteko batasuna.

AULESTIARTE: Ideologia eta tradizio politiko askoko elkarteak gabiltza mobilizazioetan, eta garrantzitsua izan da batera joatea lortzea, orain arte.

Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioan, pentsioena izan da desadostasunaren muina EH Bilduren eta EAJren artean. EAJtik gertuko jendea kalera ez ateratzea eragin du?

ISASA: Bizkaian esaten da Nagusiak elkartean dabilen jende asko badela EAJren ingurukoa ere, baina Nagusiak elkarteak jarraitzen du asteazkenero egiten ditugun batzarretara joaten. Horrekin batera, egia da inguru horretako jende askok elkarretaratzeetara joaterari utzi diola. Gailurra izan zen Bilbon 115.000 pertsona egon ginen manifestaizo hura, iazko martxoaren 17an. Hor guztiok geunden.

Agenda politikoan bete-betean sartzeak indarra eman dizue, baina zailtasun eta arazoak ere eragin dizkizue?

AULESTIARTE: Bai, eta maiatzeko hauteskundeak hurbiltzen ari diren neurrian ari dira diferentziak sortzen eta nabaritzen.

URIA: Guk bost urte daramatzagu kontzentrazioak egiten, eta horra joan izan da herriko jendea, eta behartsuenak ere bai. Guztiaren gainetik, guk daramagun metodologia pentsiodunak ahalduntzekoa da.

AULESTIARTE: Batasuna lortzeko gakoa izan da pentsioen sistema siglen gainetik dagoen borroka bihurtzea. Bakoitzak bere ideologia dauka, baina siglarik ez dago.

SERRANO: Siglarik ez dago, baina alderdi bakoitzak badu portaera bat: EAJk Eusko Jaurlaritzan jokamolde bat du; PSOEk Espainiako Gobernuan ere bai. Gu transbertsalak gara, eta ez ditugu EAJ eta PSOE siglak kritikatzen, baina bai haien jarrerak. Hor inteligentziarekin jokatu behar dugu, baina ezin dugu dena onartu.

 ZENBAKIAK

Badira pentsiodunen aldarrikapenen kontrako mezuak, datu handietan oinarritutakoak. Batetik, 2008. urtetik 2018ra, 102.482 pentsiodun gehiago daude Hegoaldean, batez besteko pentsioa %34,9 handitu da —nagusiki, kotizazio maila handiko jendea pentsiodun egin delako—, eta 300 milioi euro gehiago bideratzen dira pentsioak pagatzera. Bestetik, 3.906 kotizatzaile gutxiago daude sisteman eta 46.216 langabe gehiago, eta soldatak %8 inguru igo dira, KPIaren azpitik (%12,9).

ISASA: Horiek datu makroekonomikoak dira, eta datu horiekin diskurtso ugari egin daitezke. Pentsiodunen batez besteko pentsioa ematen da ia beti, eta nahiko handia da, baina oso gutxitan aipatzen da hor dagoen miseriazko pentsiodun poltsa.

Esaterako, 190.000 pentsiodunek gutxieneko soldataren azpitik kobratzen zuten iaz, eta emakumeen pentsioak, batez beste, gizonezkoenak baino %41 apalagoak dira.

ISASA: Etxean lan egin duten emakumeek ez dute barne produktu gordinik sortzen? Gutaz hitz egiten duten askok aipatzen dute gastua: «Gero eta gehiago zarete eta gero eta bizitza luzeagoa daukazue». Beti gastua; hitz egin dezagun diru sarrerez ere.

Zer proposatzen duzue?

ISASA: Lehenengo, soldata duinak mundu guztiarentzat, zeren badakigu ekoizpena inoiz baino portzentaje handiagoan hazten ari dela: %3 esaten dute. Nork eramaten ditu igoera horren emaitzak? Gure ondorioa da hemen dagoen arazo politiko sozial handiena dela aberastasun pilo bat dagoela baina oso gaizki banatuta.

AULESTIARTE: Neuk esango dizut dirua nondik atera behar den: sozietate zergatik.

Hain zuzen, bi urtean sozietate zergaren tasa %28tik %24ra jaitsi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

ISASA: Iaz, enpresariek 1.100 milioi euro pagatu zituzten sozietate zergan, eta 4.800 milioi euro pagatu behar zituzten. Zenbat gauza egin daitezke 3.000 milioirekin? Enpresariek eta gobernuek ez dute eredurik ematen, eta gero gure artean ibiltzen gara erruak banatzen, langileon eta pentsiodunon artean.

SERRANO: Gainera Europa mailan, esaterako, pentsioak ordaintzeko diru sarrerak ez datoz bakarrik Gizarte Segurantzatik, baita aurrekontuetatik ere.

URIA: Eta Europako herrialde askotan BPGaren %14 inguru bideratzen dute pentsioetara; hemen, lau puntu gutxiago. Hau da, 46.000-50.000 milioi euro gutxiago erabiltzen dira.

Aberastasuna zelan banatu, horixe da gakoa.

MEZO: Diskurtso hori nork eraikitzen du? Botere politiko eta ekonomikoak, zeinak muntatu baitu sistema hau guztia. Kontua da, pentsiodunok hasten bagara gure aldarrikapenak egiten eta gure arazoetan sakontzen, sistema hau hankaz gora ipini behar dela. Guzti hau beraien interesen arabera eraikita dago.

AULESTIARTE: Eta horri lotuta, beste korapilo garrantzitsu bat da gastu arauarena. Superabita badago, zorra ordaintzea lehenesten da, Europak aginduta. Gurpil zoro bat da, eta Jaurlaritza gustura dago korapilo horrekin, helburua pentsio pribatuak garatzea duelako. Beti esaten dute ez dagoela dirurik pentsio publikoak pagatzeko, baina nork aurreztuko du pentsio pribatuak ordaintzeko, 700 euro irabazten dituzten beharginek?

KOTIZAZIOAK

Arabako Pentsiodunak Lanean elkarteko ordezkariaren etorriak ez du etenik. «Eta orain neuk egingo dut deabruaren abokatuarena», hasi da: «Badago esaldi arriskutsu bat, barneratuta dagoena: Kotizatzen ez duenak ez du pentsiorik kobratu behar».

Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak BERRIAn antzekoa defendatu zuen urrian: «Jende asko ibili da guxtienekoa kotizatzen, batik bat autonomoak. Gutxienekoa kotizatu eta pentsio pribatu bat egin dute. Eta orain denentzat 1.080 euro? Gutxienekoa kotizatu eta gero? Ez, ez da bidezkoa».

AULESTIARTE: Autonomoen artean ere denetik dago. Autonomoak dira bizitza aurrera atera ezinez urteetan minimoa kotizatu dutenak; eta autonomoa da, baita ere, Amancio Ortega. Bizi osoan etxean lan egin duten 65-70 urtetik gorako emakume asko daude, kotizatu ez dutenak. Ez daukate eskubiderik pentsiorako? Eta 30 urtez kotizatu baina berrindustrializazioagatik azken urteetan kotizatu ez dutelako, ez dute eskubiderik? Eta autonomo faltsuek?

PLAZA HARTZEA

URIA: Nik ikusi dudana da jende asko ari dela txarto pasatzen, ez dakiena bere burua nola defendatu, eta orain manifestazioetara joaten dena, babestuta sentitzen delako, ikusten duelako bere egoera ez dela bakarra. Hori oso garrantzitsua da. Horregatik, uste dut ez ditugula datu makroekonomikoak kritikatu behar bakarrik, errealitate gordinetara jo behar dugu, horiek azaleratzeko.

Iazko martxoaren 8an indarra hartzeko eta erakusteko pauso garrantzitsua eman zen. Horrek nola lagundu dio pentsiodunen mugimenduari?

MEZO: Nire ustez elkar elikatzen diren bi mugimendu dira. Pentsiodunen mugimenduak asko lagundu du andrazkoak ere kalera irteteko, baina, era beran, martxoaren 8rako egindako lan guztiak ere lagundu du. Gure batzarretan, 75etik gorako andre batzuk kontatzen dute zelako biolentzia matxista jasaten duten seme eta bikoteengandik. Eta andre horiek dira, kasu askotan, etxean lan eginda ezer kotizatu ez dutenak. Eta 75 eta 80 urterekin oraindik ez daukate autonomia ekonomikorik ezertarako. Guzti horietaz jabetzeko, bi mugimenduek elkar elikatzen dute.

ISASA: Fenomeno bat deskubritu dugu hor, bai emakumeen kasuan bai pentsiodunen artean. Badirudi zatiketa bat dagoela nagusien eta gazteen artean, pentsiodunen eta langileen artean, nahiz eta denok pentsatu elkarrekin joango bagina onuragarria litzatekeela guztiontzat. Eta femismoaren barruan ere antzeko zerbait ikusten dugu, eta barkatu hor sartzea, ausardia guztiarekin...

MEZO: Ez, ez. Oso ondo... duda barik.

ISASA: Emakume gazteen eta nagusien artean arrakala handi bat ikusten dut, antolatutako emakume gazte askok ez daukatela ideiarik ere emakume nagusiek nola bizi duten feminismoa, eta zer gabezia dituzten.

MEZO: Bai, badago arrakala hori, baina baita arrakala legala ere. Orain 80 urte dituen andre batek hogei urte zitueneko haren eta orain hogei urte dituen neska baten arteko aldea da hura kanpoan lanean egongo zela eta ezkondutakoan legez etxean sartu behar zela. Aukerarik ere ez zegoen. Zorionez, hogei urte haiek eta gaurko hogei urteak desberdinak dira, behintzat maila horretan. Baina, jakina, andre horrek hori guztia ekarri du bere 80 urteetara arte, eta, beharbada, oraindik, beste pertsona baten menpe bizi da.

NAFARROA

Hegoaldeko beste hiru lurraldeekin alderatuta, Nafarroan zailtasun handiagoak dauzkazue indarrak batzeko, gutxieneko aldarrikapenak adosteko, siglen gainetik jartzeko pentsiodunen borroka. Zergatik?

LAREKI: Guretzat, oraingoz, ez da posible pentsiodun elkarteok mobilizazio bateratuak egitea, soslai soziopolitikoak ezberdinak direlako. Elkarte batzuk ez dute parte hartzen Hego Euskal Herriko mugimendu honetan, euskal nortasuna daukalako, eta ez daude ados 1.080 euroko gutxieneko pentsioarekin, pentsio sistema propio batekin... Haiek ateratzen dira Espainiako estatuko mobilizazio deiekin, baina oso mobilizazio programa pobrea da. Urriaren 1ean, adibidez, beste elkarteekin joan ginen, baina falta ziren CCOO eta UGTrenak. Bi horiek ez zeudenez, onartu zuten 1.080 euroko aldarrikapena sartzea. CCOO eta UGTk ez dute nahi hori, eta gainera esan zuten ez diotela nahi presiorik egin Sanchezi.

HAUTESKUNDEAK

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, hain zuzen, sei hilabetez atzeratu du pentsioak gaurkotzeko kalkulu berria erabakitzeko epea.

ISASA: Gakoa da ea KPI hutsarekin gaurkotu ala KPIaz gain beste faktore batzuk ere kontutan hartuta. Eskuineko alderdiak bigarren aukeraren alde daude. Zergatik atzeratu du Sanchezek erabakia sei hilabete? Maiatzeko hauteskundeak pasa eta gero adosteko sistema berria.

AULESTIARTE: Eskuina bueltatzen bada Madrilera, gure eskaera guztiak pikutara joan daitezke.

MEZO: Edozelan ere, nork egin zuen lehenengo lan erreforma? Nork gastu arauarena? Askotan ahaztu egiten zaigu.

[youtube]https://youtu.be/Vvdc_zW_dWQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.