Martxoaren 21ean onartuko du laukoak motibazio politikoko biktimen legea

PSNren iritziz, lege proposamena «gehiago» findu beharra dago, Konstituzionalaren irizpideak betetzeko. EH Bilduk erantzun dio arazoa ez dela teknikoa, «politikoa» baizik

Joxerra Senar -

2019ko martxoak 14
Azken urratsa baino ez da falta. Eskuin muturreko taldeek eta poliziek eragindako biktimek lege berria izango dute aurki. Martxoaren 21eko osoko bilkuran bozkatuko dute. Atzo, alderdiok baiezkoa eman zioten batzordean Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak hitzartutako lege proposamenaren eduki nagusiari. Halaber, tramitazioan aurkeztutako 26 zuzenketatik hamabi onartu zituzten: bost laukoarenak, PSNrenak beste bost eta Geroa Bairenak bi.

Lau alderdietako eledunek eztabaida bizia izan zuten PSNko Inma Juriorekin. Parlamentari sozialistaren ustez, proposamenak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren irizpideak ez betetzeko arriskua du. EH Bilduko Bakartxo Ruizek erantzun zion sakoneko arazoa ez dela juridikoa, politikoa baizik: «Zenbait sektore politikok arazoak dituzte orain arte isilpean egon diren errealitate batzuk azaleratzeko».

Auzitegi Konstituzionalak goitik behera baldintzatuta egituratu dute lege proposamena. Iragan legealdi amaieran, motibazio politikoko biktimen legea aurrera atera zen, PSNren babesarekin. Lege hark kasu bakoitza aztertzeko aitortzaren eta erreparazioaren batzorde independente bat osatzeko aukera jaso zuen, baina, justizia paralelo bat osatu nahi zela argudiatuta, PPk helegitea aurkeztu zuen, eta Konstituzionalak arrazoia eman zion iazko uztailean: argudio hori erabilita, lege horren eduki nagusia baliogabetu zuen. Horregatik, laukoak beste lege bat eraikitzeko negoziazioak hasi zituen irailean, eta urtarrilean haren edukia hitzartu zuen.

2015ekoarekin alderatuta, legeak argi uzten du aitortza esparru administratiboaren barruan egingo dela, justizia sistemaren ebazpenak eta haren eragin esparrua errespetatuz. Nahiz eta, 2015eko legean bezala, izen bereko batzorde bat osatuko den, krimenen biktimei erreparatuko die, eta ez egileei; gainera, batzorde hori gobernuaren egitura barruan egongo da, eta bere erabakiak prozedura administratibo bidez hartuko ditu. Izpiritu horrek zipriztintzen du lege proposamena goitik behera, berriro ere Konstituzionalarekin talka egitea saihestu asmoz.

UPNk eta PPk aurka bozkatuko dute, 2015ean erabilitako argudio berak erabiliz. UPNko Carlos Garcia Adanerok justifikatu zuen legearen edukiak indartu egiten duela ETAren indarkeria «gatazka baten ondorio izan zen kontakizuna». PPko Ana Beltranek kritikatu zuen legearen konstituzionaltasuna auzitan jarri dutela hala parlamentuko legelariek nola Nafarroako Kontseiluak, eta berriro ere justizia paralelo bat sortu nahi izatea leporatu zion laukoari. Hurrengo Espainiako Gobernua eskuinekoa bada, baliteke helegitea jartzea berriz.

Mehatxu hori gainean duela doa aurrera lege proposamena. Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, Konstituzionalaren epaiaren aurrean hiru jarrera har daitezke: «Legean ez dugu ezer garrantzitsurik esaten biktima horiei buruz, biktima horiek edo bederen horietako batzuk erreparatzeko pragmatismoz jokatzen dugu, edo anbizioz jokatu ostean ez dugu ezertxo ere lortzen. Bigarren aukeraren alde egin dugu, legea aurrera atera asmoz».

Haatik, PSNko Inma Jurioren arabera, laukoaren proposamenak ez du segurtasun juridikoa bermatzen, eta «kontu handiagoa» izan beharko luke «inkonstituzionaltzat har litezkeen elementuak konpontzeko». Jurioren arabera, auziak «konplexutasun tekniko handia» du, eta horrek «gehiago fintzera» behartzen du. Adibidez, PSNren mozio baten arabera —Geroa Bai abstenitu egin zen—, legetik kanpo geratuko dira «helburu terrorista batekin, armak edo lehergaiak manipulatzen ari ziren bitartean hildakoak edo zauritutakoak». Juriok beharrezkotzat jo zuen legeak aipamen hori jasotzea, arriskuak saihesteko.

Martinezek zehaztu zion Juriori legeak «bakar-bakarrik» biktimak erreparatzea duela helburu, eta ez zaiola beharrezkoa iruditzen aipamen zehatz hori egitea. Bakartxo Ruizek, berriz, «tranpa egitea» aurpegiratu zion Juriori. «Gezurra da esatea lege honek lehergaiak manipulatzen ari ziren bitartean hil zirenak aitortzeko helburua duela. Proposamenaren izenburuak berak dio giza eskubideak urratu zaizkien biktimak direla, eta ondorioz zuk proposatutakoak ez du tokirik lege honetan, inondik ere». Ruizen arabera, lege proposamena «gazi-gozoa» da. Batetik, helburua «duina eta zilegia» delako eta zailtasun guztien gainetik biktimak aitortzeko gizartearen gehiengoari erantzuten diolako. Bestetik, Konstituzionalaren epaiak agerian utzi duelako «salbuespen egoera» bat dagoela. Doktrina hori gainditzeko ahaleginak egin dituztela dio Ruizek.

Orain Baiko Laura Perezen ustez, PSNk bultzatutako aldaketek legea edukiz hustea dute asmo, eta egia ezagutzeko eskubidea ukatu nahi diete biktimei. Hilketen erantzuleak babestu nahi izatea kritikatu du. Ezkerrako Jose Miguel Nuinen ustez, proposamena Konstituzionalaren irizpideetara egokitu da. «Espero dugu Espainiako Gobernuak helegiterik ez aurkeztea».

Jaurlaritzak kanpaina hasi baino lehen nahi du onartu polizia abusuen legea

Gezur baten biktima gogoan
Joxerra Senar

Informazio osagarria