Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Mobilizazioak

«Berriro egingo dugu»

Kandelek argiztatuta, jendetza elkartu da Espainiako Gobernuaren delegazioaren aurrean. Istiluak izan dira Bartzelonan: Espainiako Poliziak dozenaka pilotakada bota ditu protestan ari zirenen aurka

Gurutze Izagirre Intxauspe - Jon O. Urain
Bartzelona
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Eguna lasai argitu da Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziaren biharamunean, Bartzelonan, baina goizeko lehen orduetatik iritsi dira errepide mozketen berriak eta Prat blokeatu izanaren lorratzak: beste 45 hegaldi geratu dira bertan behera —ehundik gora izan ziren bezperan—. Errepide mozketa nagusiak Gironan egin dituzte. Baina Tarragonan, Vicen, Oloten eta Manresan ere izan dira. Denbora gehien iraun dutenak Gironakoak izan dira; AP7 autobidea moztu dute, Bartzelonarekin lotzen duen errepide nagusia.

Eguna aurrera joan ahala hiriburuan ere izan dira mozketak, Espainia plaza eta Etorbide Nagusia eten dituzte ordu batzuetan, besteak beste. Baina mobilizaziorik handienak Espainiako ordezkaritzak Katalunian dituen lau egoitzen aurrean izan dira: Bartzelonan, Tarragonan, Lleidan eta Gironan. Horretaz gain, egin dituzte kontzentrazio gehiago beste hainbat hiritan.

Elkarretaratze horiek iluntzean egin dituzte. Kandela bana eskuan hartuta milaka pertsona elkartu dira, presoen askatasuna aldarrikatzeko eta sententziaren bidegabekeria salatzeko. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek eserialdi baketsu eta zibikora deitu dute Kataluniako hiriburuan eta beste zenbait hiritan. Kandelak hartu, lurrean eseri eta bi orduz egon dira. Kantuan, presoen askatasuna eta independentzia aldarrikatu dituzte.

Tartekatu dituzte presoek epaia jakin ostean espetxetik bidalitako mezuak. Besteak beste, Joaquin Fornek adierazi du politikak kale egin duelako daudela kartzelan; urriaren 1ekoa erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketa izan zela, eta bi milioi pertsona baino gehiagok baliatu zutela eskubide hori, gainera. «Gaur inoiz baino sinestuago nago hartu genuen bidean». «Urriaren 1a, ez ahaztu, ez barkatu», aldarrikatu dute bertan bildutako milaka lagunek.

Carme Forcadellek han elkartutako denak eskertu ditu. «Ezin da eskertu zuen eskutik jasotako babes eta maitasun guztia». Dolors Bassak ere berretsi du epaiketa politiko baten ostean espetxeratu badituzte ere, beraien konbikzioak sekula baino indartsuagoak direla. Romevak ariketa bat proposatu du: «Izan gaitezen gure indarguneen kontziente. Epai batek ez ditu aldatuko gure konbikzioak». Jordi Sanchezen izenean Elisenda Paluzie ANCko egungo bozeramaileak hartu du hitza. Espetxean egon arren,etorkizuna baikortasunez begiratzen duela esan du, eta etorkizun horri uko ez egitera deitu du. Modu baketsuan eta irmo mobilizatzen segitzeko eskatu du. «Persistentziaren bidez lortuko dugu».

Jordi Cuixarten izenean Omniumeko eledun Marcel Maurik hartu du hitza. «Gure erantzun bakarra egin genuena berriz ere egitea da». Jendetzak horrela erantzun du: «Atzera pauso bat ere ez!». Honen guztiaren arduraduna Felipe VI.a Espainiako erregea dela esan du gero. Jendeak txilibituak ere atera ditu hitz horien ostean. «Berriz egingo dugu eta elkarrekin egingo dugu. Libreak bagina bezala jardutea da askatasuna lortzeko bide bakarra». «Atzera pauso bat ere ez!», aldarrikatuz erantzun du jendetzak berriro. Lluis Llachek hartu du azken hitza eta L'estaca abestuz amaitu dute ekitaldia, jendea lepotik helduta.

Omnium eta ANCren ekitaldia amaituta, bazirudien bare amaituko zela eguna, baina orduantxe hasi dira istiluak, Gracia pasealeku zabalean. Espainiako Poliziaren dozenaka furgoneta igo dira kalean barrena, eta, protestan ari zirenei oldartu zaizkie. Katalunian debekatuta dauden arren gomazko pilotak, poliziek dozenaka bota dituzte 21:15etik aurrera. Liskarrek luze jo dute, eta barrikada eta su handiak egin dituzte Gracia pasealekuarekin gurutzatzen diren kaleetan, hiriburuaren erdigunean.

Bestalde, gaur hasiko da ANCk epaiaren asterako prestatutako mobilizazio handienetako bat: Askatasunaren Martxak. Sei zutabe abiatuko dira Kataluniako sei puntutatik, eta, hiru egunez, Bartzelonarako bidea egingo dute, eta etzi han elkartu denak. Horrela, ostiralerako deituta dagoen greba orokorrerako iritsiko dira hiriburura, eta espero da grebaren jarraipena handia izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.