Albistea entzun

Kataluniako hauteskundeak. Auzitegien erabakia

Bozak atzeratu ezin izanak ekaitz politikoa eragin du Katalunian

<b>Generalitatea.</b> Meritxell Budo presidentetzarako kontseilaria eta Pere Aragones presidentordea.
Generalitatea. Meritxell Budo presidentetzarako kontseilaria eta Pere Aragones presidentordea. R. M. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Carme Porta -

2021eko urtarrilak 26

AEBetako presidente kargua hartzeko ekitaldian, Joe Bidenek esan zuen «demokraziak irabazi» duela, hauteskundeetako emaitzen inguruan Donald Trumpekin izandako norgehiagokaren, iruzur salaketen eta Kapitolioaren aurkako erasoaren ondoren. Egun, Kataluniako egoerak badu antzik, azken urteetako tentsio politikoa eta datozen bozetarako ezarritako behin-behineko neurriei buruz alderdi independentistek eginiko salaketak direla medio.

Ezagun den moduan, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du behin-behinean hauteskundeak atzeratzeko Generalitatearen dekretua, eta horrek ekaitz politikoa eta alderdien arteko salaketa gurutzatuak eragin ditu, baita gizartearen banaketa ere, ez bakarrik politikoa, baita horrek ekar ditzakeen osasun ondorioen inguruko beldurrari lotua ere.

Hainbeste eztabaidatutako ebazpenak behartuta, Auzitegi Nagusiak komunikatu bat zabaldu zuen joan den ostiralean, bere erabakia arrazoitzeko; bertan, adierazi zuen «interes publiko sakona» dagoela «bertan behera utzitako hauteskundeak egiteko», egiten ez badira «behin-behinekotasun epe luze bat» hasiko litzatekeelako eta horrek eragina izango lukeelako «instituzio demokratikoetan»; auzitegiak oharrean nabarmendu zuen erabakiak «bozkatzeko eskubideari» eragiten diola, «larrialdi egoera zehazten duen estatuko araudiak ez duelako aurreikusten hura bertan behera uztea, eta bai alerta egoera indarrean den bitartean hauteskundeak egitea».

BERRIAk parlamentuan ordezkaritza duten alderdi gehienekin hitz egin du egoerari buruz, kontuan izanik bozak atzeratzearekin bat zetozela indar gehienak PSC baino ez zen agertu adostutako dataren aurka.

Kritikak

Koalizio gobernua osatzen duten alderdiak bat datoz egoeraren analisian. Marta Vilaltak, ERC Esquerra Republicana de Catalunyako eledunak, salatu du justizia sistemaren «beste esku hartze baten aurrean» daudela: «Honek segurtasun juridikoaren gabezia eragiten du, eta deialdiaren inguruko zalantza. Uste dugu zentzugabekeria bat dela; denak aholkatzen zuen atzeratzea, eta auzitegiek, osasun publikoa eta guztien bozkatzeko eskubidea babestu beharrean, nahaste handiagoa sortu dute».

JxC Junts Per Catalunyako hautagai Laura Borrasen iritziz, bi esku hartzek bat egin dute: Bernat Sole Atzerri kontseilariaren inhabilitazioak hura zen hauteskunde prozesuaren arduraduna, eta auzitegien erabakiak. «Espainiako justiziak ez du inhabilitatzen: Espainiako justiziak errepresioa baliatzen du bere helburuak lortzeko. Urriaren 1a inhabilitatu nahi duen justizia berak habilitatu nahi du otsailaren 14a. Onartezina da Kataluniako hauteskunde prozesuaren aurkako errepresioa eta esku hartzea: lehenengo, dataren inguruko kaos juridikoarekin, eta, jarraian, hauteskundeak antolatzeaz arduratzen den kontseilaria inhabilitatuz».

Bestalde, oposizioko alderdiek jarrera desberdinak dituzte; bat datoz Generalitateari egindako kritikekin, baina bestelako kritikak ere badituzte gainontzeko alderdien aurka. Catalunya en Comu alderdiko diputatu David Cidek dio «beti» pentsatu izan dutela atzeratzea zentzuzkoa zela osasun egoera kontuan hartuta, baina gobernuari egozten dio egoera horretara heldu izanaren erantzukizuna. «Inork ez gintuen babestu salatu genuenean ez zirela beharrezko murrizketak ezartzen ari pandemia kontrolpean hartzeko; hala ere, amaitutzat jo dugu atzeratzeari buruzko eztabaida politiko eta judiziala, eta otsailaren 14a begiz joa dugu. Zentzuzkoena atzeratzea zen arren, gobernuak, beste behin, ez du biderik hoberena aukeratu, eta azken erabakia justiziaren esku geratu da».

Urrats bat gehiago egin du PPC Kataluniako Alderdi Popularreko hautagai Alejandro Fernandezek. «[Generalitateko presidente Quim] Torrak hiru aukera ere izan zituen hauteskundeetara deitzeko, baina, agintean sistema populista bat dugunean, demokraziaren oinarriak Waterlootik zuzendutako interesen menpe geratzen dira».

Oposizioko alderdi gehienek komunikatu laburrak kaleratu zituzten joan den astean auzitegien erabakiari buruz. PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako Antolakuntza idazkariak, Miquel Icetak, ohar bat irakurri zuen non adierazten zen PSCk «beste biderik ez dagoenez, beti egin duen moduan» betetzen dituela eta beteko dituela auzitegien erabakiak; eta nabarmendu zuen hauteskunde prozesu batean «oinarrizkoa» dela segurtasun juridikoa: «Auzitegiek bermatzen dute prozedurek indarrean dagoen legedia betetzen dutela». Erabakia errespetatzean bat egin dute PPCk eta Ciutadansek ere. Azken alderdi horretako kide Nacho Martin Blancok hala adierazi dio BERRIAri. «Egia da egoera konplexua dela, litekeena baita kanpaina erdian dena bertan behera utzi behar izatea, baina gauzak hasieratik ondo egin ez izanaren ondorioa da. Dekretua egiterakoan, ez dituzte bete formaltasun juridiko guztiak. Gobernu honen ezaugarri nabarmenenetako bat da zuzenbide estatuarekiko eta haren prozedurekiko mespretxuz jokatzea».

Generalitateko gobernuak helegiteak aurkeztu ditu Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurka. Ester Capella Justizia kontseilariak adierazi du gobernuaren helburua dela «demokrazia babestu eta osasuna bermatzea», eta hori dela hauteskundeak atzeratu izanaren arrazoi bakarra. «Bozen datak ez du zerikusirik justiziarekin, sen onarekin baizik», berretsi du. PSCk, berriz, adierazi du ohartarazi zutela gobernuak sinatutako dekretuak «zalantza asko» sortzen dituela ikuspuntu juridikotik.

«Interes orokorrak banakoen edo alderdien interesen gainetik egon behar du», ohartarazi du Capella kontseilariak, PSCri erreferentzia eginez. Gainontzeko alderdiak ere bat datoz kritika horrekin, gutxi-asko. «Bat gentozen atzeratzeko asmoarekin, eta babestu egin genuen, dekretua lardaskeria hutsa zen arren. Normalena zen egun bat adostea, baina PSCk alderdikeriaz jokatu zuen, eta banandu egin zen. Illa efektua deitzen duten horretatik irabaziak atera nahia gailendu zitzaion, eta zilegitasun demokratikoaren berme zen batasuna hautsi zuten, eta helegiteak aurkezteko atea zabaldu», argudiatu du Martin Blancok.

Vilaltaren iritziz, ezer ez da kasualitatea: «PSCk ez du parte hartu bozak atzeratzeko akordioan, eta hori larria da, haren hautagaia arduratzen delako herritarren osasuna bermatzeaz. Ministroek salatu dute atzeratzea ez zela legezkoa, eta PSCren inguruko erakundeek aurkeztu dituzte helegiteak. CISek egindako inkesten emaitzak gehitu behar zaizkio horri. Asmo elektoralista argia du PSCk». Iritzi berekoa da Borras ere: «[Espainiako] Estatuak 155.a ezarri zuen, eta hauteskundeetara deitu zuen abenduaren 21ean independentismoa garaitzeko, eta irabazi egin genuen; estatuko aparatuak berriz ekin dio, eta ez du ikasi hautetsontzietan independentismoak irabazi egiten duela: Cidek dio «desiragarria» zatekeela alderdi guztien arteko akordio bat egitea eta ardurak partekatzea. «Gobernua desegite fase batean dago koalizioko kideen arteko borroka ugarien ondorioz, baina, bestalde, PSCren estrategia, helburu bakarra bozkatzea duena, ez zaigu arrazoizkoa iruditzen».

Alderdi guztiek abian jarri dituzte otsailaren 14rako hauteskundeetarako prestatzeko makinak, eta Kataluniako Generalitateak ziurtatu du hauteskundeak berme guztiekin egingo direla eta herritarren osasuna bermatuko duela. Ismael Peña-Lopezek, Herritarren Parte Hartzerako eta Hauteskunde Prozesuetako zuzendariak, adierazi du otsailaren 14a aintzat hartuta ari direla lanean, eta prest dituztela tresna guztiak: «Hamar hilabetez aritu gara horretan lanean. Sendoa da, eta arriskuak ia ezerezera murriztu ditugu».

Irabazteko aukera

PSC ere prest izango da kanpainarako. Izan ere, Espainiako Osasun ministro Salvador Illak dimisioa emango du gaur, Generalitatea zuzentzeko bere hautagaitza defendatzeko. Illak pandemia betean utziko du ministro kargua, eta Carolina Dariasek hartuko du haren tokia, orain arte Lurralde Politikarako ministro izan denak. Azken horren ordezkoa Iceta izan daitekeela zabaldu dute Madrilgo iturriek.

Icetak berak iragarri zuen iazko abenduaren amaieran uko egingo ziola sozialisten presidentegai izateari, eta Illa izango zela zerrendaburua. Kataluniako Alderdi Sozialistak hamazazpi eserleku eskuratu zituen azken hauteskundeetan, baina, CISen azken inkestaren arabera, haiena izango da lehen indarra bozak iragarri moduan otsailaren 14an egiten badira. Goraldi hori Ciutadansen kaltetan izango litzateke. Alderdi laranjak 36 eserleku lortu zituen 2017ko hauteskundeetan. PSCk Illa ministro izan den tartean lortutako izen ona baliatu nahi du independentismoari aurrea hartzeko. Aipatu inkestaren iragarpenak beteko balira, sozialistek 25 diputatu lortuko lituzkete.

Hala ere, hauteskundeen eguna ez da oraindik finkoa. Joan den astean, Auzitegi Nagusiak iragarri zuen otsailaren 8ra arteko epea emango ziola bere buruari zer egin erabakitzeko. Beraz, ez litzateke ezinezkoa kanpaina betean guztia bertan behera geratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Extinction Rebellioneko ekintzaileak, gaur, Varsovian. ©Rafal Guz / EFE

Herrialdeen planak ez dira aski Parisko Hitzarmeneko xedeak betetzeko

Iñaki Petxarroman

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du, oraingoz, mahai gainean dauden planak oso urrun daudela Parisko Hitzarmenak helburu duen bi gradutik beherako berotzea lortzeko.

Anbulantzien ilara bat, Errusiako San Petersburgo hiriko ospitale baten kanpoaldean. ©ANATOLY MALTSEV / EFE

Merkelek esan du txertoa hartu dutenek EBn bidaiatzeko pasaporte bat izango dutela

Julen Aperribai

COVID-19ak jota hildako 6.959 lagun erregistratu ditu OMEk, azaro erdialdetik egun bakarrean izan den gutxien. Merkelek esan du txertoa hartu dutenek EBn bidaiatzeko pasaporte bat izango dutela

Bosnia eta Kroaziaren artean harrapatuta

Legez kanpo itzularazten, Europaren atarian

Iñaki Agirre

Europara heltzeko bidean, 3.000 migratzaile daude harrapatuta Bosnia eta Kroazia arteko eremuan. Hortik, EBko muga gurutzatu, eta, Kroazia eta Eslovenia oinez zeharkatuz, bidaia arriskutsu bat egiten dute Italiara heltzeko. Baina Kroaziako Poliziak atzeman eta legez kanpo itzultzen ditu, askotan indarkeria erabiliz.

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, gaur, parlamentuko ikerketa batzordean. ©EFE

Alex Salmond: «Eskoziako buruzagitzak huts egin du»

Ander Perez Zala

Eskoziako lehen ministro ohiak parlamentuko ikerketa batzordean deklaratu du gobernuak gaizki kudeatu zituela haren aurkako sexu eraso salaketak. Agintari izandakoak baieztatu du kexa agertu zuen emakumeetako baten identitatea jakinarazi ziotela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna