Albistea entzun

Memoria Demokratikoaren Legea. Xehetasunak

Biktimei, andreei eta memoria elkarteei balioa emanen dien legea

Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman dio Memoria Demokratikoaren Legeari. Gobernuak bere gain hartuko du diktaduran hildako gorpuzkiak bilatzeko ardura

<b>Biktimak.</b> Frankismoan errepresioa pairatu zuten andreen omenezko eskultura bat, Sartagudan.
Biktimak. Frankismoan errepresioa pairatu zuten andreen omenezko eskultura bat, Sartagudan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko uztailak 21

Biktimak, emakumeak eta memoria elkarteak. Horiek izanen dira Espainiako Gobernuak sustatu nahi duen Memoria Demokratikoaren Legearen hiru ardatzak, gobernuaren beraren arabera. Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen 2007ko Memoria Historikoaren Legea osatuko duen arau berria, eta hemendik aitzinera Kongresuaren esku geldituko da testuari buruz eztabaidatu eta bozkatzea, irailetik aitzinera.

 

Felix Bolaños Espainiako Presidentetza eta Memoria Demokratikorako ministroak atzo Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian jakinarazi zuenez, bi «funtsezko helburu» izanen ditu lege berriak: «balio demokratikoak eta oinarrizko eskubideak berreskuratu eta babestea» eta «estatu kolpearen eta ondorengo diktaduraren biktima guztiak» aitortzea. Bolañosek zehaztu du, hain zuzen, 1936ko estatu kolpea eta diktadura «espresuki arbuiatuko» dituela legeak: «Gure historiaren garairik beltzena».

Legearen neurri nagusien artean bildu dute, bertzeak bertze, hildako arbasoen gorpuzkiak berreskuratzeko eskubidea, eta gobernuak izanen du «lidergoa» horien bilaketan. Izan ere, legeak biktimak jarri nahi ditu «ekintza politikoaren erdigunean». Hala, gobernuak lagundu eginen ditu oraindik ere euren senideen gorpuzkien bila ari diren herritarrak, eta DNA banku bat eta erregistro bat ere sortuko ditu, lan hori errazteko. Biktimen omenezko bi egun antolatuko dituzte, era berean: urriaren 31 diktaduraren eta estatu kolpearen biktima guztien eguna izanen da, eta maiatzaren 8a, berriz, diktaduraren ondorioz errefuxiaturiko pertsonena. Frankismo garaian «politika, ideologia, erlijioa edo orientazio sexuala» dela medio egindako epaiketak ere baliogabetu eginen dituzte, eta fiskaltza berezi bat sortuko dute frankismoan gertaturiko giza eskubideen urraketak ikertzeko. Indarrez ebatsitako ondasunen auditoria bat egitea ere iragarri dute.

Biktimak ez ezik, emakumeak eta memoriaren aldeko mugimenduak jarri nahi ditu erdigunean Memoria Demokratikoaren Legeak. Izan ere, Bolañosek azaldu du emakumeek gizonek bezala jasan zutela errepresioa, baina «larriagotuta»: «Emakume izate hutsagatik jasan zuten; ama, emazte edo alaba izateagatik; haurdunaldiak eteteagatik...». Alde horretatik, espainiar nazionalitatea eskuratu ahal izateko irizpideak ere aldatu eginen dituzte: hemendik aurrera, «atzerritarrekin» ezkontzeagatik espainiar nazionalitatea galdu zuten emakumeen seme-alabek ere eskuratu ahal izanen dute.

Memoriaren aldeko mugimenduarekin lan egiteko, berriz, Memoria Demokratikoaren Kontseilua sortuko dute —parte hartze eta kontsulta organo bat izanen da—. «Lurralde arteko» batzorde bat ere sortu asmo dute, udalak, autonomia erkidegoak eta estatua koordinatzeko.

Gobernuak nabarmendu duenez, bestalde, 2007ko legea Europako estandarretara «eguneratzeko» ahalegin bat egiten ari dira lege honekin. Izan ere, Bolañosek oroitarazi du azken urteotan nazioarteko hainbat erakundek hala egiteko «eskatu» diotela Madrili, tartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak. Lege berriak bat egiten du nazioarteko gomendioekin, ministroaren ustez: «Onartzen den momentutik beretik, inguruko herrialdeekin homologatzeko moduko lege bat izango dugu». Bolañosek nabarmendu du Espainiak «behar» zuela horrelako lege bat: «Herrialde gisa hobeak egiten gaitu».

Fundazioen debekua

Hamar hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak lege aurreproiektua onartu zuenetik, eta, orduz geroztik, zenbait aldaketa egin dizkiote testuari, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako kritikak aintzat hartuta. Bolañosen beraren arabera, gainera, legea «hobetu» egin dute ekarpen horiek. Fundazio eta ekitaldi frankistak debekatzea da legeak dakartzan puntuetako bat, eta horren aurka agertu zen CGPJ joan den ekainean, hain zuzen. Botere Judizialak argudiatu zuen frankismoaren apologia adierazpen askatasunaren barnean sartzen dela; eta, gobernuak onartuko duen legean, beraz, zehaztapen bat gehitu diote zati horri: frankismoari apologia egitea debekatuko dute horrekin diktaduraren biktimei «irain» egiten bazaie, eta horren bidez debekatuko dituzte frankismoa edo frankistak goratzen dituzten elkarteak. «Memoria demokratikoaren» aurka egiten duten sinbolo eta ikurrak ere kendu eginen dituzte, baita estatu kolpea eta 36ko gerra bultzatu zutenei emandako titulu bereziak ere.

Francisco Franco fundazioa da debekatuta gera daitezkeen taldeetako bat, eta elkarteak berak atzo adierazi zuen diktadorea defendatzen jarraituko duela. Memoria Demokratikoaren Legea «inkonstituzionala» dela uste du fundazioak, eta «akelarre antifrankistatzat» jo du: «Inork ezingo du Francisco Francoren eta haren garaiaren transzendentzia erraldoia ezabatu; hala eragotzi zituen gauzengatik, nola lortu zituenengatik».

Erorien Harana, auzitan

Oroimen lekuak ere arautuko ditu Memoria Demokratikoaren Legeak, eta Erorien Haranari ere egiten dio zehazki erreferentzia: hilerri zibil bilakatu nahi dute orain arte bando frankistaren aldekoa izandako eremua, eta 36ko gerrako bi bandoetan ariturikoei eginen die omen. Orain arte tenplua kudeatu duen Erorien Haraneko Gurutze Santuaren Fundazioa deuseztatu eginen dute, halaber, eta, harekin batera, baita han ari diren fraideen esku hartzea ere. Azken horiek kontrakotasuna erakutsia diote legeari, eta adierazi dute «erresistentzian» arituko direla, handik ez joateko. Espainiako Gobernua, nolanahi ere, elkarrizketetan ari da jada Madrilgo Artzapezpikutzarekin —horiek izanen dute Erorien Haraneko erlijio ardura—.

Gobernuak egindako lege proposamenak alde guztietatik jaso ditu kritikak: PPk erran du boterera iritsiz gero bertan behera utziko duela, eta Voxek helegitea jarri nahi dio Auzitegi Konstituzionalean. Bertze hainbat alderdik ez dute «nahikotzat» ikusi: ERCk eta CUPek, erraterako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Etxeratzeko agindua Nafarroan abuztuaren 5era arte luzatzea onartu du justiziak

Etxeratzeko agindua Nafarroan abuztuaren 5era arte luzatzea onartu du justiziak

Arantxa Iraola

Gainerako murrizketak irailaren 2ra arte luzatzea onartu du; hamar pertsonatik gora ezingo dira elkartu, eta jai giroko ekitaldi asko galarazita egongo dira aurrerantzean ere

Esako urtegia. ©JESUS DIGES / EFE

Esa: bi hamarkada mamuaren itzalpean

Ion Orzaiz

Hogei urte igaro dira Esako urtegia handitzeko lanak hasi zirenetik. Denbora horretan, lanen aurrekontuaren neurri berean handitu dira segurtasunari buruzko kezkak eta kontrako iritziak. Adituen ustez, lanak amaituta ere, «urtegia ez da inoiz beteko».
COVID-19a atzemateko testak, laborategi batean. ©Elvis González, EFE

Eguneko positiboak 2.000 kasuren langatik hurbil dira berriz ere

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 1.980 kutsatu detektatu dituzte asteazkeneko testetan. 57 lagun erietxeratu dituzte COVID-19ak jota.

Elkarretaratze bat, Gasteizen, eraso transhomofoboen aurka. ©Juanan Ruiz / Foku

Emakume transexual baten kontrako erasoa salatu dute Gasteizen

Berria

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak salatu duenez, uztailaren 22an eraso fisikoa egin zioten emakume transexual bati, Gasteizen. Lizarran ere eraso homofobo bat salatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.