Albistea entzun

Memoria historikoa. Francoren hilotza

Mausoleoan gelditu direnak

Francoren gorpuzkiez gain, ia 34.000 pertsonaren hezurrak daude Erorien Haranean hobiratuta; tartean, baita 1.300 bat euskal herritarrenak ere. Diktadorea hobitik ateratzeko erabakiarekin mesfidati daude hildako horien senideak, arazoa «askoz sakonagoa» delakoan. Bideoa albistearen amaieran.

GUSTAVO CUEVAS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2019ko urriak 25

Franco ez zuten bakarrik hobiratu. Cuelgamurosko haranean (Madril) milaka eta milaka hildako daude lur emanda. Datu ofizialen arabera, 33.815 hilotz dira. Gehienak, 1936ko kolpe militarraren alde borrokatu ziren frankistenak, baita Jose Antonio Primo de Rivera Falangeren sortzailearena ere. Gainerakoak —5.000 inguru— errepublikazaleenak dira, senideei deus esan gabe beren hobietatik ateratakoak eta Erorien Haranera baimenik gabe eramandakoak.

Han da, besteak beste, Lucas Ugarte Plaza tolosarraren hilotza. Levanteko frontean hil zen, 1938ko uztailaren 23an, artean 24 urte zituela. «Lucas eta haren anaia bikia, Gregorio, armada frankistan aritzeko errekrutatu zituzten. Gregoriok ihes egin zuen, baina Lucasek, ez», azaldu du haren iloba Karmele Ugartek. Gainerako anaiek ere armak hartu zituzten, errepublikazaleen bandoan, eta preso amaitu zuten. Lucas Ugarte frontean hil zuten, eta 1939ko azaroaren 7an hobiratu zuten, Tolosako kanposantuan. 1963an, ordea, hezurrak handik atera, eta eraman egin zituzten, familiari jakinarazi gabe. «Guk ez genekien ezer ere. Gure osabak 23 urte eman zituen Tolosako hilerrian lurperatuta, eta gero eraman zuten Erorien Haranera. Historialarien arabera, ez zegoen betetzerik monumentu faxista handi hura, eta herri askotatik eraman behar izan zituzten gorpuak».

Ugartek berak egin zituen osabaren inguruko lehen peskizak. «Inork ez zigun ezer kontatzen, eta, azkenean, Aranzadi elkartearen bidez jakin genuen Erorien Haranean hobiratua zegoela». Kolunbarioaren zenbakia ere eman zieten. Ordutik, gorpuzkiak Tolosara eramateko eskatu du sendiak behin baino gehiagotan, baina oraingoz ez dute lortu. «Esana digute Franco hobitik atera arte oso zaila izango dela han dauden gainerakoak ateratzea. Ea orain prozesua arintzen den. Diktadorea ateratzearekin bakarrik ez dugu ezer konponduko, baina lehen urrats sinboliko bat izan daiteke, hitz egiten hasteko».

«Oso mingarria da»

Ugarteren kolunbariotik ez oso urrun, Erorien Haraneko eskuineko kriptaren bosgarren solairuan dago hobiratua Antonio Arrizabalaga miliziano zumarragarra. Gazteria Sozialisten Amuategi batailoian borrokatu zen «errepublikaren zilegitasunaren alde», 1937an Santanderren atxilotu eta Zaragozako zigor esparru batean hil zen arte. 1961ean eraman zuten hilotza Erorien Haranera, familiaren baimenik gabe.

Gorpuzkiak berreskuratzeko bidean instituzioak «oztopo» izan direla dio Arrizabalagaren iloba Iñigo Jaka Arrizabalagak. «Espainiako Presidentetza Ministerioan esaten digute baietz, arrazoia dugula eta gure eskaera babesten dutela, baina ez dute ezer egiten». Bitartean, osaba mausoleo frankista batean hobiratua egotea «oso mingarria» dela nabarmendu du Jakak: «Gure familia ez da kristaua, baina basilika batean daukate, kontzientzia askatasuna existituko ez balitz bezala, eta, gainera, Francoren ondoan. Oinarrizko eskubideen aurkako erasoa da».

Diktadorea Cuelgamurostik ateratzea «pozgarria» dela adierazi du zumarragarrak. «Baina ez da nahikoa; guk nahi duguna da gure osaba eta gainerako errepublikazaleak beren familiei itzultzea». Ez du uste, gainera, Francoren gorpua lekuz aldatuta Erorien Haraneko mausoleoaren «izaera faxista» aldatuko denik. «Ez dago proiektu zehatzik gaur egun».

Hego Euskal Herritik 1.312 hilotz eraman zituzten Erorien Haranera 1958. urtean, mausoleo erraldoia betetzeko. Arabatik eraman zituzten gehienak: 613. Nafarroatik, berriz, 249; Gipuzkoatik, 238; eta Bizkaitik, 212.

Ordutik, behin bakarrik onartu du Espainiak monumentuko kripta irekitzea: 1980ko otsailaren 18an izan zen, eta Nafarroako zenbait herritako 133 gorpu atera zituzten. Ana Mari Egizabal lodosarra izan zen egun hartan Erorien Haranera joan ziren nafarretako bat. Guardia Zibilak hil zituen haren aita eta osaba, Tomas eta Luis Egizabal, 1936an. Muniaingo errepide ertzean lurperatu zituzten, baina, 1958. urtean, gorpuak ebatsi, eta Erorien Haranera eraman zituzten, familiari ezer esan gabe.

Egizabalek 1979an abiatu zuen ikerketa, bere kabuz, aitaren eta osabaren hezurrak non zeuden jakiteko. Beste hainbat seniderekin hitz eginda eta gorpuak Madrilen zeudela baieztatuta hasi zen bigarren fasea: hilotzak Nafarroara ekartzea. Ez zen prozesu samurra izan: «Madrilen oso gaizki hartu gintuzten. Oztopo handiak jarri zizkiguten».

Nafarroako senideek, ordea, ez zuten amore eman, eta ate guztiak jo zituzten: «Mehatxu egin genien azkenean: gorpuak ateratzeko baimena eman ezean, auzia argitara aterako genuela, Ordutik aurrera, jarrera aldatu zuten». Azkenik, isilpean, alokatutako bi autobusetan eraman zituzten 133 hilotzak Nafarroara.

Francoren hilotza Mingorrubioko hilerrira eramateko erabakia, ordea, ez zaio egoki iruditzen: «Nik arroila batean lurperatuko nuke, baina ikusiko dugu nola amaitzen den kontua».

Joxe Angel Munduate Imaz olaberritarrak ere ez du uste Francoren gorpua lekualdatzeak «ezer» konponduko duenik: «Beldur naiz ez ote diegun frankistei kanpaina dohainik egin, azkenaldian harrotuta dabiltza-eta erabat». Haren osaba, Martzelo Lasa Zeberio, Lizarrustin fusilatu zuten, 1936an. Iazko irailean atera zituzten hezurrak lurpetik, lekuko baten testigantzari esker. Hiltzaileak? Olaberritar bat eta ataundar bat. Izan ere, Munduateren irudiko, frankismoa «ez da Franco soilik». Haragokoa da. «Goierrin, bertako asko izan ziren Francoren alde izugarrikeriak egin zituztenak: salaketak, hilketak, zerrenda beltzak... Eta erantzuleek ez dute zigorrik jaso».

Estatu hileta Francori

Urrats txikia, harlauza handia

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetan duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO / FOKU

EHUko irakasle batek Ibaetan egindako eraso sexista salatu dute ikasleek

Erredakzioa

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakalak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan ziren atzo BECen, estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zaharrak etxean zaintzea sustatu nahi dute instituzioek

Edurne Begiristain

Estrategia soziosanitario berria aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek
Hezkuntza eragile ugaritako ordezkariak bildu ziren, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikasleen segregazioa nola utzi aparte

Irati Urdalleta Lete

'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskola segregazioa landu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.